Talgo, Euskal Herritik Madrilera eta Madrildik Hungariara

Hungariako Magyar Vagon taldeak baieztatu egin du eskaintza publiko bat aurkeztu nahi duela aurki Talgo erosteko. Talgok Araban egiten ditu bere abiadura handiko trenak, Ribabellosako lantegian.

TALGO, AVRIL
Talgoren Avril trena. Araban egiten dute, Ribabellosako lantegian. BERRIA
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 13a
12:25
Entzun

Talgoren etorkizuna jokoan dago egunotan. CAFekin lotzen zuten informazioak igarota, Magyar Vagon izan daiteke haren eroslea. Hungariako konpainiak onartu du eskaintza publiko bat (EEP) aurkezteko asmoa duela tren egilea erosteko. 630 milioi eurotik gora eskaini ditu konpainiaren akzioen %100en truke.

Joan den astearen amaieran, Talgoren kotizazioa eten zuen CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak, operazioari buruzko zurrumurruak zabaldu zirelako; Magyar Vagonek bere asmoak baieztatu ondoren, berriro hasi da burtsan kotizatzen. Eguerdian 4,54 euroan ari zen salerosten. Konpainiaren balioak gora egin du joan den azaroan Talgok balizko erosketaren berri eman zuenetik; orduan 3,7 euro balio zituen akzio bakoitzak, eta Magyar Vagonek bost euro eskaini ditu.

Cinco Dias egunkariak kaleratu duenez, operazioa ixteko oztopo nagusia Talgoren zorra da. Enpresak ez du zor handia (330 milioi euro), baina banku askoren artean dago banatuta (hemezortzi), eta horietako askok amortizazio klausula bat daukate. Hau da, enpresak jabez aldatuko balu, eskubidea dute mailegua aldez aurretik kitatzeko. Magyar Vagon haiekin negoziatzen ari da klausula hori ez dezaten erabili, operazioa garestituko lukeelako, baina horren truke agian onartu beharko du mailegu horien truke interes handiagoa ordaintzea, gaur egun Talgok pagatzen duena nahiko apala baita —zorraren bi herenek batez beste %1,7ko interesa dute—.

Lehenik, Madrilera

Talgo enpresa Euskal Herrian sortu zen, 1942an, baina aspaldi egoitza Madrilera eraman zuen, Las Rozas herrira. Alejandro Goikoetxea ingeniariak sortutako patente bat merkaturatzeko eratu zen konpainia, Jose Luis Oriol Uriguen enpresaburuaren kapitalarekin. Bien izena darama Talgok, Tren Articulado Ligero Goicoechea-Oriol-en laburdura baita. Goikoetxeak zuzendu zituen 36ko gerraren garaian Bilboko Burdin Hesiaren eraikuntza lanak, eta, 1937an faxisten alde jarri zenez, hari egotzi zioten frankistek Bizkaiko hiriburuko defentsak erraz hautsi izana.

Gaur egun bi lantegi ditu Talgok, bata Las Rozasen bertan eta bestea Ribabellosan (Araba). Azken horretan zazpiehun langile inguru aritzen dira, abiadura handiko trenak egiten.

Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40ekin. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitu egin dela. Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.

Orbanen gertuko enpresaburua

Magyar Vagon, berriz, Andras Tombor enpresaburuaren proiektu bat da. Viktor Orban Hungariako presidentearen gertukoa da Tombor, eta haren laguntzarekin garraio enpresa handi bat sortzen ari da. Azken urteetan Txekiako Aero Vodochody aeronautika enpresa eta Hungariako DJJ tren egilea erosi ditu. Azken horrek lantegi bat du Dunakeszi hirian, Hungariako iparraldean, eta batez ere tranbiak eta aldiriko trenak egiten ditu. Talgo erosiz gero, abiadura handiko trenak ere batuko lituzke bere eskaintzara, eta aukera handiagoak izango lituzke Europako beste ekoizle handiekin lehiatzeko (Alstom, Siemens, CAF, Stadler...).

Espainiako Renfe izan da historikoki Talgoren bezerorik handiena, baina azken urteetan beste herrialde batzuetan lortu ditu kontratuak, hala nola Alemanian, Danimarkan, AEBetan eta Kazakhstanen. Hala ere, bere proiekturik handiena Saudi Arabiako Meka eta Medina hiriak abiadura handiko trenaren bitartez batzen dituena da.

Espainiako gobernuak du azken hitza

Talgoren hartzekodunekin ados jarriko balitz, Magyar Vagonek azken hesi bat gainditu beharko luke Talgo bereganatzeko: Espainiako Gobernua. Izan ere, Madrilek estrategikotzat dauka konpainia, Renferen hornitzaile nagusietako bat delako eta harekin partekatzen dituelako trenen mantenua. Estrategikoa denez, gutxienez urtearen amaiera arte indarrean dagoen arau batek beto eskubidea ematen dio halako erosketa operazio bati buruz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.