«Argazkia ez da polita», esan du Andres Arizkorreta CAFeko eta EAEko Enpresaburuen Zirkuluko presidenteak. Euskal enpresek langile kualifikatuak falta dituztela adierazteko bota ditu hitz horiek. Egoera horri aurre egiteko eta talentua erakartzeko gakoez aritu dira gaur, Donostian, aurtengo Etekin topaketen lehen saioan. Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen ditu topaketa horiek, finantza entitateekin batera.
«Datuak esanguratsuak dira. Argazkia ez da batere txukuna», gehitu du Lander Belokik, Mondragon Unibertsitateko Enpresa Fakultateko dekanoak. Haren ustez, jendea gaitzeko sistema nahiko ona dute: «Baina hori ez da nahikoa, demografiaren bilakaerak datuak asko okertuko ditu-eta».
Alde horretatik, hau uste du Belokik: «Oraindik ez gaude prest kanpoko talentua erakartzeko. Ez daukagu markorik, prozesurik, sentsibilitaterik. Eta bide bakarra daukagu; izan ere, talentu endogenoa, barne garapeneko talentua, ez da nahikoa izango ezta belaunaldien arteko ordezkapenerako ere. Estrategia global bat behar dugu, derrigor».
Horri dagokionez, Arizkorretak denek batera lan egiteko beharra azpimarratu du. Eta zehaztasuna eskatu du, sektore jakin batzuetan denek batera aritu ahal izateko; fisika kuantikoan, biozientzietan eta mugikortasun jasangarrian plan zehatzak egitea, alegia. «Eta enpresa berriak eta berritzaileak sortzea. Horiek dira erakargarriak jende berria lortzeko».
«Euskarak berezitasuna ematen dio lurralde honi, benetakotasuna, mundua oso globalizatua eta oso antzekoa bilakatzen ari den honetan [...] Eta zenbait enpresei kohesioa ematen die, euskarak enpresa horiek batu ditzake»
UNAI ANDUEZA Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua
CAFeko presidentearen ustez, enpresa txikiek izango dituzte zailtasun handienak talentua erakartzeko. «Ez dakit nola egingo duten. Enpresa handiek ere badugu nahikoa lan, txikiak baikara munduan».
Talentua eta euskara
Nola ez, Anton Arriola Kutxabankeko presidentearen adierazpenei buruz galdetu diete topaketako hizlariei. Arriolak ere aipatu zuen kanpoko talentua erakartzeko beharra, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela adierazi zuen.
Unai Andueza Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu berriaren ustez, arlo honetan euskara sustatzea erronka bat da, baina aukera bat ere bai. «Bi ideia azpimarratuko nituzke. Batetik, euskarak berezitasuna ematen diola lurralde honi, benetakotasuna, mundua oso globalizatua eta oso antzekoa bilakatzen ari den honetan, eta pertsona eta kolektibo batzuek balioa ematen diotela euskarari. Eta, bestetik, zenbait enpresari kohesioa ematen diela, eta euskarak enpresa horiek batu, uztartu eta errotu ditzakeela».
«Uste dut gauza batzuk gureak direla eta bermatu egin behar ditugula [...]. Bestela, zergatiak galtzen hasten gara: hau guztia zergatik? Talentua zergatik? Enpresak zergatik? Aberastasuna zergatik? Zergatiak garbi edukitzea garrantzitsua da, eta nik hor kokatzen dut euskara»
LANDER BELOKI Mondragon Unibertsitateko Enpresa Fakultateko dekanoa
Anduezak eleaniztasuna kudeatu behar dela esan du, «baina aldi berean positibotasuna azpimarratu behar da, euskarak aukerak ere ekar ditzakeelako».
Belokik, berriz, hainbat faktore orekatu beharra dagoela uste du. «Talentua garatzea, aberastasuna sortzea, ongizate estatua mantentzea; funtsean, bizitza aukera aproposak eskaintzea gizarteari, eta, aldi berean, hori eta identitatea uztartzea».
Honako hau azaldu du Belokik: «Identitateak hainbat elementu ditu, eta, gurean, horietako bat euskara da. Euskarak bere lekua behar du, dagokion tokia eman behar diogu, eta hori bermatu. Hori batzuetan izango da aldeko, eta besteetan kontrako. Eta, auzi honetan, ez nuke esango kontrakoa denez alde jakin batera egin behar dugunik. Alderantziz, uste dut gauza batzuk gureak direla, propioak, eta bermatu egin behar ditugula; horietako bat identitatearen parte garrantzitsu bat da. Bestela, zergatiak galtzen hasten gara: hau guztia zergatik? Talentua zergatik? Enpresak zergatik? Aberastasuna zergatik? Zergatiak garbi edukitzea garrantzitsua dela uste dut, eta nik hor kokatzen dut euskara».
«Etorriko direnak, etorkinak, ez dira euskaldunak izango; eta bai, erronka bat dugu, baina suabe-suabe [egin beharko diogu aurre], zaratarik egin gabe eta horrelako polemiketan sartu gabe»ANDRES ARIZKORRETA CAFeko presidentea
Arriolaren adierazpenen harira, Arizkorretak esan du ez duela polemiketan sartu nahi: «Uste dut eztabaida horietan, batez ere erdaraz egitean, kontu handiz ibili behar dela. Hain zuzen, gaur galdetu dut hau: Beasainen [CAFen], ia 3.000 langile daude; euskaldunak %78,65 dira; euskara ulertzen dutenak %8,6, eta ez dakitenak %12 inguru. Hori errealitate bat da, baina bada beste errealitate bat ere: Gipuzkoan 1.000 bat pertsonak ingelesez egiten dute lan egunero. Hori ere inportantea da».
Arizkorretaren ustez, gaurkoa bezalako ekitaldi gehiago egin behar dira «euskaldun gisa»: «Euskaraz gehiago hitz egin. Ni ez naiz bestelako eztabaidetan sartuko. Badakit erronka bat dela, ulertzen dut hori. Baina, atzerritarrak ez badatoz, behera goaz, eta kanpotik datozenak ez dira euskaldunak izango».
Gaiari lotuta, CAFeko presidenteak kanpoan dauden 100.000 euskal herritarrak gogoratu ditu. Horietako batzuk itzultzeko bideak bilatu behar direla uste du Arizkorretak. «Baina etorriko direnak, etorkinak, ez dira euskaldunak izango; eta bai, erronka bat dugu, baina suabe-suabe [egin beharko diogu aurre], zaratarik egin gabe eta horrelako polemiketan sartu gabe».