Taldekako kaleratzeei atea ireki diete sektore publikoan

Administrazio eta enpresa publikoek funtzionarioak ez diren langileak bota ditzakete atzoz geroztik

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Sektore publikoko langileen enpleguak babes txikiagoa izango du aurrerantzean Hego Euskal Herrian. Atzoz geroztik, administrazio eta enpresa publiko guztiek taldekako kaleratzeak egin ahal izango dituzte, baldin eta erakunde horren aurrekontua %5 jaitsi bada urte batetik bestera. Funtzionariorik, ordea, ezingo dute kalera bota.

Otsailean dekretu bidez indarrean jarritako lan erreformaren ataletako bat da langile publikoak kaleratzearena, baina atzo arte ez zen aukera hori jasotzen duen legea publikatu BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean. Prozesuan, gainera, Espainiako Gobernuak kaleratzeak egiteko aukera handitu du. Aurrekontuaren jaitsiera %10 izan behar zuela zioen dekretuak, baina urte batetik bestera kontuak %5 jaistea nahikoa izango da orain. Aurreko bi urteetan %7ko jaitsiera pilatzea ere nahiko arrazoi izango da taldekako kaleratzeak proposatzeko. Gaur egun, administrazio askok betetzen dituzte baldintza horiek.

Are gehiago, lege horrekin, administrazioek beren buruari ahalmena eman diezaiokete langileak kentzeko, nahikoa izango baitute aurrekontuak hein horretan jaistea. Puntu horixe nabarmendu du ELAk erreforma salatzeko. «Langile publikoak kaleratzeko argudiatzea aurrekon- tu gastua jaitsi behar dela, dagokion administrazioari karta zuria ematea da, nahi duena egiteko, aurrez inongo eztabaidarik gabe eta oso erabaki zalantzazkoak oinarritzat hartuta».

20 eguneko kalte-ordaina

Langile kaleratuek sektore pribatuko beharginen kalte-ordain bera jasoko dute: 20 eguneko lansaria lan egindako urte bakoitzeko, eta gehienez urtebeteko soldata.

Administrazio publikoen bitartekoak murriztea izan da PPren gobernuaren helburuetako bat azken hilabeteotan, puztuta daudela ziurtatu baitu. Berez, prozesua jada hasita dago, administrazioak behin-behineko langileak kendu dituztelako. INEk 49.000 lanpostu gutxiago zenbatu ditu azken hiruhilekoan.

ELAren iritziz, defizita jaitsi behar izatea «aitzakia perfektua» baizik ez da zerbitzu publikoak eta ongizate estatua «eraisteko».Murrizketak behin-behinekoen eta lan kontratudunen kaleratzean ez direla geratuko uste du sindikatuak. LABen ustez, bide horretan hartutako erabakiekin lan baldintzak okertzen eta lanpostuak suntsitzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.