Ostalariek tabernak eta jatetxeak ireki nahi dituzte, eta gaur izango dute horretarako aukera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina irekitze hori bizimodua ateratzeko azken helburuari lotua dago; alegia, irekitzeak ez baditu irabaziak ekartzen, ez bada errentagarria, ez du merezi. Eta uste horretan dira tabernari asko, Eusko Jaurlaritzak jarritako mugak aztertu eta gero.
Bilboko eta inguruko ostalaritzaren hornitzaile talde handienak sektoreko patronal bati azaldu dio zer gertatzen ari den: kalkulatu dute lehen egunetan negozioen %70 inguru zabalduko dituztela. 20:00etarako itxi beharrak afari zerbitzurik gabe utzi ditu jatetxeak, eta ostalariek kalkuluak zorrotz egin behar dituzte ireki aurretik, diru gehiago galtzea besterik ez dute-eta behar.
Itxiera luze bati eguraldi makurra gehitu zaio orain, terrazak jokoz kanpo utzita, eta ez da giro ostalarien artean. Nafarroan, Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidente Ana Beriainek eskatu du Maria Txibite presidenteak dimisioa emateko: «Gastuei aurre egiteko ere ez gara gai izango». Abenduaren 17an zabaldu ahal izango dituzte lokalen barrualdeak, baina soilik gaitasunaren %30 baliatuta. Tokiaren erdia nahi zuten ostalariek, eta, Beriainen ustez, «erokeria da» gobernuaren erabakia. «Ezin dugu horrela jarraitu; BPGaren %7 gara, eta 20.000 familia bizi gara sektoreari esker».
Bederatzi herritan, itxita
Txibiterena bakarrik ez, Santos Indurain Osasun kontseilariaren dimisioa ere eskatu dute Nafarroako ostalariek: «Lehenak izan ginen ixten, eta azkenak izango da gara irekitzen. Nafarroa da muga gehien ipini diona ostalaritzari. Gobernua gu kriminalizatzen ari da, baina norena da gu itxita egon garen bitartean izan diren heriotzen ardura?».
Ostalaritza Enpresa Txikien elkarteko presidente Maria Angeles Rodriguezek ere abisu argia eman dio Txibiteren gobernuari: « Ez dugu ahaztuko tratu hau; nora eraman gaituen eta ekarri digun miseria gorria».
Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, berriz, gaur zabalduko dituzte tabernak eta jatetxeak, oro har, baina, gobernuak ezarritako arauen arabera, bost herri handitan itxaron egin beharko dute, 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasuen muga gainditzen dutelako. Bi dira Bizkaian —Arrigorriaga eta Ermua—, eta beste hiru Gipuzkoan —Arrasate, Eibar eta Ordizia—. Araban, beste lau herritan eragotziko dute irekitzea, nahiz eta horiek 5.000 biztanletik beherakoak izan. Hauek dira: Aramaio, Iruña Oka, Erribera Beitia eta Zuia.
Protestak hiriburuetan
Hala, ostalaritza irekiko da gaur Euskal Herriko hiri eta herri askotan, baina taberna ugarik ez dute zabalduko, arrazoi bat edo beste tarteko. Gasteizen, Aiztogile kaleko tabernariek, esaterako, ez irekitzea erabaki dute, larunbata izanik, «jende multzo handiak sor ez daitezen». Tabernari horiek eta beste hainbatSOS Ostalaritzak hiriburuetan deitutako manifestazioetara joango dira.
Izan ere, ostalariek laguntza zuzen gehiago nahi dituzte, «erreskate plan oso bat», alegia. Cebek Bizkaiko patronalak esan du Jaurlaritzaren azken erabakiak «zertxobait» arinduko duela ostalarien egoera, «baina ez behar bezain beste». Dena den, Iñaki Garcinuño presidenteak onartu du tabernak «kutsatzeko eremuak» izan daitezkeela, eta bezeroengan jarri du ardura, hori gerta ez dadin.
Taberna asko ez dituzte irekiko, errentagarri izango ez den beldur
Nafarroako ostalariek Txibiteren dimisioa eskatu dute, barrualdearen %30 baizik ezingo dutelako erabili. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi herritan, ezingo dute ireki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu