Sute bat piztu da gaur goizean Legutioko (Araba) Goiain industrialdean dagoen Reydesa birziklatze enpresan. Metalezko hondakinak pilatuta zeuden kanpoko eremu batean izan da, eta ke laino handia eratu da berehala. Segurtasun Sailaren arabera, ez da inor zauritu, baina ez dakite sua zerk eragin duen.
Gasteizko eta Arabako suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetako langileak bertaratu dira sutea izan den tokira, eta, erabat itzaltzea lortu ez badute ere, kontrolpean dute jada. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak sare sozialetan adierazi du, ordea, suak «hainbat orduz» jarraituko duela piztuta oraindik, erretzen ari den materialagatik.
Otua taldeko enpresak metalak birziklatzen ditu, eta, sortutako kea kutsagarria izan daitekeelakoan, larrialdi zerbitzuek inguruko bizilagunei gomendatu diete etxetik ez ateratzeko eta leihoak ixteko, badaezpada. Kezka, hala ere, agerikoa da; inguruko bizilagunek urteak daramatzate protesta egiten birziklatze enpresa horrek eta talde bereko beste batzuek sortzen duten zaratagatik, kiratsagatik eta kutsaduragatik. Salatu izan dute haien osasunarentzat kaltegarria dela.
Eusko Jaurlaritzak kasua aztertu zuen, eta espedientea ere zabaldu zien Otua taldeko enpresei.