'Sur': diru komun berria Hego Amerikan

Brasilek eta Argentinak, Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenek, diru komun berri bat sortzeko bidea hasi dute aurten. Nahiz eta nazioarteko merkataritzan bakarrik erabiliko litzatekeen, galdera asko sortzen hasi dira gaiaren inguruan, Argentinaren egoera ekonomiko eta finantzario makalagatik batez ere.

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentea eta Alberto Fernandez Argentinako presidentea Buenos Airesen. EFE.
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Brasil eta Argentina diru komun berri bat sortzeko ideia lantzen ari dira azkenaldian. Hala sinatu zuten bi herrialdetako presidenteek, Luiz Inacio da Silva Lula-k eta Alberto Fernandezek, urtarrilaren 22an: «Hego Amerikako diru komunari buruzko eztabaidetan aurrera egitea erabaki dugu, operazio kostuak eta kanpo zaurgarritasuna murrizteko». Dena dago erabakitzeke, ez dago ezer finkorik, baina Financial Times-en arabera, Brasilek diru berriari sur izena jartzea proposatu du, eta bi herrialdeek dirua Hego Amerika osora zabaltzeko aukera mahai gainean utzi nahi dute.

Diru berriak ez lituzke peso argentinarra eta erreal brasildarra ordezkatuko, kanpo merkataritzarako erabiliko bailitzatekesoilik. Hala ere, proiektua hastapenetan baino ez dago, aldeko argudioekin baino galdera gehiagorekin. Nola elkartu bi ekonomia hain ezberdin halako proiektu batean? Zeini komeni zaio gehiago diru komun bat izatea?

Bi estatuburuak gogotsu daude diru berria sortzearen ideiarekin, eta Brasilgo Ogasun ministroak, Fernando Haddadek, diru berriaren aldeko argudioak eman zituen urtarrilaren 23an hedabideen aurrean. Bi herrialdeen arteko merkataritza «oso txarto» dagoela adierazi zuen ministroak, eta arazo nagusia «kanpoko diruarekin» dagoela gehitu zuen; hau da, dolarrarekin.

Izan ere, Argentinako Banku Zentralak oso dolar erreserba gutxi ditu, eta horrek eragin zuzena du esportazioetan eta inportazioetan. Hala, kanpo merkataritzarako diru propioa izateak merkataritza harremanak «hobetu» eta operazio kostuak merkatuko lituzkeela adierazi zuen Haddadek.

Bestalde, Sergio Massa Argentinako Ekonomia ministroak Financial Times-ekin hitz egin zuen duela bi aste, eta esan zuen gauza asko daudela hitz egiteko diru berria sortu aurretik: «Diru komun berria sortzeko beharrezkoak diren parametroak ikertzen ari gara: gai fiskalak, ekonomien tamaina eta banku zentralen rolak. Ez dut ikusmin faltsurik sortu nahi... Latinoamerikak egin behar duen bide luze baten lehen urratsa da».

Bi ekonomia despareko

Hego Amerikako lehen bi ekonomiak dira Brasilgoa eta Argentinakoa. Brasil da, alde handiz, kontinenteko indar nagusia. 210 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta, Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera, 2,06 bilioi dolarreko barne produktu gordina du —biztanleko, 9.570 dolar—; munduko ekonomiarik indartsuenetan hamargarrena da, beraz, adierazle horren arabera. Argentinak, berriz, 643.800 milioi dolarreko BPGa du, 48 milioi pertsona inguruko herrialde batean —biztanleko, 13.770 dolar—.

Argentina betidanik izan da Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenetako bat, baita bizitza mailarik handienetakoa izan duena ere, baina krisiz krisi dabil azken urteetan. 2001ean izan zuen bere historiako krisi ekonomikorik handienetariko bat; urte horretako abenduaren 1ean Fernando de la Rua presidenteak corralito-a dekretatu zuen, eta jendeak ezin zituen astean 250 peso (250 dolar une horretan) baino gehiago atera kontu korrontetik. Greba orokor mordoa antolatu ziren, eta 39 pertsona hil ziren protestetan.

Ordutik, burua altxatu ezinik dabil Argentina. 2018an Mauricio Macri presidenteak 50.000 milioi dolarreko erreskatea hitzartu zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin, eta Fernandezek zorra berriro finantzatu behar izan zuen duela urtebete, 44.000 milioi dolarrekin. Bestalde, erreserba gutxi ditu Argentinako Banku Zentralak, 42.649 milioi dolar —331.363 milioi ditu Brasilgoak—, eta 2022an ia %95eko inflazioa izan zuen.

Badirudi bi herrialdeetatik Argentinari letorkiokeela ongiendiru komun berriaren sorrera, nazioarteko merkatuan garrantzia gehiago izatea erraztuko liokeelako. Baina, aldi berean, Brasili ere komeni zaio bizilagunekin merkataritza erraztea eta sustatzea.

Harremana indartzen

Lularen hautaketak Argentina eta Brasil berriro gerturatzea ekarri du; izan ere, harremanak oso ahulduta zituzten bi herrialdeek azken urteetan, Fernandezen eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren arteko ezberdintasunak direla eta. Hala, Lulak eta Fernandezek elkarlanean oinarritutako harreman diplomatikoak berrezarriko dituztela baieztatu dute. Hala azaldu dute joan den astelehenean sinatutako 82 puntuko dokumentu batean.

Azken urteetako harremanen galera zenbakitan jarri du Lulak: «2003an, Brasilen eta Argentinaren arteko aldebiko merkataritza apenas zen 7.000 milioi dolarrekoa. 2010ean, 40.000 milioi dolarrera iritsi ginen. Orain, baina, horren erdira itzuli gara. Gutxienez, 40.000 milioi dolar horietara iristeko lan egingo dugu. Eta gure harremana ez dadila soilik komertziala izan».

Lulak ekainean Brasilia bisitatzera gonbidatu zuen Fernandez, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoen hasieraren 200. urteurrena ospatzeko. Bertan Brasilen eta Argentinaren arteko Aliantza Estrategikoa Indartzeko Ekintza Plana sinatzeko asmoa dute bi estatuburuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.