Lan gatazkak

Superberriak-ek erretiratu egin du erregulazio espedientea

Zuzendaritzak atzera egin du erabakian, eta ez du enplegua erregulatzeko dosierra aplikatuko. 70 langile kaleratu nahi zituen taldeak.

Langileak erabakia ospatzen, Laudioko dendaren aurrean. LAB SINDIKATUA
aitor biain
2022ko irailaren 21a
10:59
Entzun

Superberriak katearen zuzendaritzak, atzera egin, eta enplegua erregulatzeko dosierra erretiratzea erabaki du. BM saltoki handiak (Uvesco) BM Shop kateko denda batzuk kudeatzeko erabiltzen duen enpresa da, eta hilaren hasieran iragarri zuen jarduera eten eta 70 langile kaleratu nahi zituela. Denda bana dauka Amurrion (Araba), Laudion (Araba), Ugaon (Bizkaia), Barakaldon (Bizkaia) eta Bilboko Zazpikaleetan.

Neurria salatzeko greba mugagabea hasi zuten langileek hilaren 16an. Hain zuzen ere, LAB eta CCOO sindikatuek adierazi dutenez, «erabakigarria» izan da hori neurria bertan behera uzteko, «bost greba egun hauetan grebaren jarraipena ia %100ekoa izan delako, denda guztiak itxita egon direlako eta langileon borrokarako determinazioa erabateko izan delako».

Sindikatuek lehen egunetik ohartarazi zuten ez zegoela arrazoi ekonomikorik neurria aplikatzeko, eta adierazi zuten frankiziek «ondo» funtzionatzen dutela. «Horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura».

Erregulazio espedientea indargabetuta, greba bertan behera utzi dute langileek. Negoziazio epe bat zabalduko dute orain. «Enpresaren aktibitatea zein gure lanpostuen mantentzea bermatu arte, erne, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu», ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.