Sunsundeguiren hornitzaile nagusiak langileak kaleratu ditu

Etxarri Aranazko Azkenga enpresak autobusen karrozeriaren egitura metalikoaz hornitzen du Sunsundegui. 38 langile kaleratu ditu.

Sunsundeguiko langileek elkarretaratzea egin dute, irailean soldatarik ez dutela jaso salatzeko, Altsasun. UGT
Sunsundeguiko langileek elkarretaratzea egin dute, irailean soldatarik ez dutela jaso salatzeko, Altsasun. UGT
joxerra senar
2024ko urriaren 8a
12:20
Entzun

Sunsundeguiren finantza arazoak hornitzaileek ere pairatzen dituzte. Altsasuko enpresak 8,9 milioi euro zor dizkie hornitzaileei, eta horietako bat, Azkenga enpresa, arazotan da. Ostiralean jakinarazi zuen 38 langileak kaleratzeko asmoa zuela.

Sunsundeguiren autobusen karrozeriarako egitura metalikoak ekoizten ditu Azkengak, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Oraingoz ez du enpresa ixteko asmorik azaldu. Dena den, kaleratzeek eta jarduera eteteak bete-betean eragingo diote Altsasuko autobus ekoizleari, egitura metalikorik gabe ezin baitu autobusik egin.

Sunsundegui hornitzaileekin negoziatzen ari da gaur-gaurkoz zor dizkien 8,9 milioi euroak nola itzuli. Bere finantza arazoek enpresaren jarduerari ez eragiteko oreka zailari eutsi nahi dio enpresak. Hala, urte honetarako zorraren %13 ordaintzea baino ez zuen aurreikusia, baina hornitzaileek %30 inguru itzultzeko eskatu diote. Azkenga da hornitzaile nagusia.

Irailean, soldata kobratu gabe

Sunsundeguiren beraren egoerari dagokionez, langileek ez dute irailean soldatarik kobratu, eta enpresak adierazi du ez duela izango urriko egunotan langileekin hartutako konpromisoa betetzerik. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea negoziatzen ari da, eta ostiralean amaituko da kontsulta epea. Laurehun langile inguru ditu. 

Egoera hori salatzeko langileek elkarretaratzea egin dute lantokiaren aurrean.

Gainera, Sunsundeguiko langileen batzordeko gehiengoak (UGT, LAB eta ELA) ohar bateratu batean adierazi du egoera ekonomikoa are zailago izango dela enplegua erregulatzeko espedientea indarrean sartzen denean. «Sunsundeguiri, administrazio kontseiluari, Nafarroako Gobernuari eta Sodenari eskatzen diogu berehalako irtenbidea bila dezatela, baita enpresaren, langileen eta eskualdearen etorkizunerako bideragarritasun plan bat ere».

Oraintxe, hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoan dago enpresa, eta abenduan amaituko da fasea. Ordurako, bere negozio plana aurrera ateratzeko inbertsioa lortu beharko du. Inbertitzaile batekin negoziatzen ari da Volvo, baina oraingoz ez dago horren inguruko informazio gehiago.

Uztailaren 4an, gama handiko autobusak egiteko kontratua bertan behera utzi zuen Volvok, Sunsundeguiren finantza egoera «konplexuegia» zela iritzita. Alta, Suediako multinazional horrek ez du hautsi Altsasuko konpainiarekin duen lankidetza harremana, eta haren bazkide izan nahi du aurrerantzean ere.

Sodena Nafarroako arrisku kapitaleko sozietate publikoak azken hilabeteetan hamar milioi euroko laguntza eman dio enpresari. Orotara 48,8 milioi euroko zorra du konpainiak, hornitzaileekin eta batik bat finantza erakundeekin. Zor horrek eta azken urteetako egiturazko gestio arazoek oso zail egiten dute negozioa errentagarri egitea.

Dena den, Nafarroako Gobernuak, Volvok eta orain arte finantza hauspoa eman dioten erakundeek uste dute egoera konplexu horri aurre eginez gero egoera ekonomiko ona izan dezakeela Sunsundeguik, sektoreak datozen urteetan izan dezakeen goranzko joera baliatuta.

Industria zoruari begira, Altsasu «lehentasunA» da

Sunsundeguiren egoera kezka iturri da Altsasun eta Sakana eskualdean, eta eman beharreko pausoak hizpide izan dituzte gaur goizean Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak eta Javi Ollo alkateak. Bileran, batik bat aztertu dute nola zabaldu bertako industria zorua han diren enpresen instalazioak handitzeko eta inbertsioak erakartzeko. «Altsasu lehentasuna da, toki estrategikoa baita, Araba eta Gipuzkoa gertu baititu», esan du Irujok. Hori lortzeko aukera Karpitansoroko eremua izan daitekeela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.