Sunsundegui Altsasuko autobus ekoizlea hartzekodunen konkurtsoan dago. Nahiz eta inbertitzaile baten aukera zabalik den, zenbat eta denbora gehiago pasatu, gero eta okerrago da. Hala, langileen batzordeak deituta, langileak Nafarroako Parlamentu aurrean elkarretaratze bat egin dute gaur, konponbide bat eskatzeko. Amaieran, dokumentu bat erregistratu dute bertan, baina sindikatuen artean zatiketa islatu da. LABek, CCOOk eta ELAk eskatu dute azken hamalau urteetako kudeaketa iker dadila; aldiz, UGTk erantzun die irregulartasun zantzuak egonez gero salaketak jarri behar direla: «Juridikoki hala balitz, han egongo gara erantzukizunak eskatzeko».
UGTk bost ordezkari ditu batzordean; LABek eta CCOOk, hiru, eta ELAk, bi. Azaroaren 10ean, Altsasun, manifestazioa egin zuten etorkizuna bermatuko duen industria plan bat aldarrikatzeko, eta, orain, legebiltzarkideen aurrean kontzentratu dira. Bertan, komunikabideen aurrean egindako adierazpenak egin dituzte UGTko David Trebejok eta LABeko Oskar Telletxeak. «Elkarretaratzearen helburua da fabrikaren eta Sakanako eskualdearen etorkizuna bermatzea. Garrantzitsua da industria plan serio bat izatea, eta balio dezala aurrera egiteko», aipatu du Telletxeak.
Ikusi gehiago
48,8 milioi euroko zorrari aurre egin ezinda, Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan dago azaroaren 5a geroztik. Borondatez eskatu zuen konkurtsoa, eta horrek itxaropen izpi bat bat uzten dio, enpresaren lema hartuko duen inbertitzaileren bat topatuz gero. Alta, egoera oso larria da, berriki Nafarroako Parlamentuan Mikel Irujo Industria kontseilariak agerian utzi zuen bezala. Bertan, baieztatu zuenez, hamar inbertitzaile inguruk interesa agertu dute, baina oraingoz ez da bat bera ere baieztatu.
Haietako batzuk Altsasun bertan izan dira instalazioak bertatik bertara ikusten. Iragan astean, kasurako, Erresuma Batuko enpresa bateko ordezkariak egon ziren Altsasuko fabrika bisitatzen. Bitartean, epaileak administratzaile bat izendatu du: Molins eta Andres abokatu bulegoa. Haren esku egongo da erabakien azken hitza.
Agiri bateratua
Etorkizuna kolokan izanik, iraganari buruzko analisi desberdinak azaleratu dira langileen batzordean. Asteartean, LABek, CCOOk eta ELAk agiri bateratu bat aurkeztu zuten, eta UGTk ez zuen sinatu. Agiri hori legebiltzarrean erregistratu dute. Bertan adierazi dute urte luzez 2009tik orain gutxira arte enpresa zuzendu duen Jose Ignacio Murillo zuzendariaren eta haren taldearen erantzukizuna dela egungo egoera, eta haren kudeaketa ikertzeko eskatu dute.
Agirian azaltzen dutenez, enpresak laguntza publiko handia jaso du. Mugarri nagusia 2013an izan zen. Garai hartan UPNren kontrolpean zen Sodenak 35 milioi euroko zorra barkatu zion enpresari, eta enpresan kapital egitura aldatu zen: langileak behartu zituzten enpresaren kapitala erostera, baina gehiengoa zuzendaritzaren esku geratu zen.
Hala, agiriak gogora ekarri du urteotan hartu diren neurri nagusiak langileen lepotik izan direla: «Kaleratzeak, soldata murrizketak, aldi baterako espedienteak, prekaritatea... Ez gara bakarrak izan, eskualdeko hainbat azpikontratatako eta enpresatako langileek ere gurearen antzeko egoera edo okerragoa jasan izan baitute», dio agiriak.
«Gure enpresa nola kudeatu den eta diru hori nora joan den jakin nahi dugu. Zuzendaritzaren soldatak nola banatu diren publiko egitea nahi dugu, eta zuzendaritzako kideen ondarea ikertzea»
OSCAR TELLETXEALABeko ordezkaria
Telletxearen arabera, agerian geratu da enpresa eredu horrek porrot egin duela, enpresa etengabe laguntza eske aritu baitzaio Nafarroako Gobernuari. Azken lau urteetan hamahiru milioi euro utzi dizkio maileguan, eta, apirilean, sei milioi euroko laguntza azken diru saila onartu ondotik, parlamentuak Murillo zuzendari kargua uztera behartu zuen.
Administrazio kontseilua aldatu egin zen. Alta, egoera larria izanik, kontseiluak ezin izan du egoera onbideratu. Agirian, eskatzen dute aurrekoen jarduna ikertzea: «Gure enpresa nola kudeatu den eta diru hori nora joan den jakin nahi dugu. Zuzendaritzaren soldatak nola banatu diren publiko egitea nahi dugu, eta zuzendaritzako kideen ondarea ikertzea». Nafarroako Gobernuari gogorarazi diote bere betebeharra dela diru publikoaren kontrola bermatzea. Halaber, eskatu diote industria plan bat: «Sunsundeguik interesa pizten du, merkatua eta lan eskariak dituen marka baita».
UGTren analisia
UGTk ez du bat egin iraganari buruzko analisi horrekin. Parlamentuan beste idatzi bat aurkeztu dute: «2013tik gertatutakoaren ibilbide historiko bat egin dugu bertan». UGTren arabera, ez diote uko egiten ikertzeari: «Norbaitek salaketa jartzen badu eta irregulartasunak badaude, ez gaude parlamentuak edo dena delakoak ikerketa abiatzearen aurka. Baina uste dugu salaketa aurkeztu behar dela baldin eta zantzuren bat badago». Trebejok gaineratu du enpresaren kontu ekonomikoek «munduan ospe handiko ikuskaritza enpresa baten» oniritzia dutela.
Trebejoren arabera, esfortzu handiak egin behar izan zituen enpresak 2015etik 2020ra, eta lortu zuen egoera hobetzea. «Lau milioi euroko zorra zuen, eta finantza egoera onargarria zuen. Hortik aurrera, COVID-19aren arazoa etorri zen». Haren esanetan, pandemiak nabarmen egin dio kalte enpresari. «Konplikatua zen enpresa errentagarri egitea langileak aldi baterako espedientean izanik». Gogora ekarri du 2023tik aurrera altxortegi arazo larriak zituela eguneroko ordainketei aurre egiteko.
«Norbaitek salaketa jartzen badu eta irregulartasunak badaude, ez gaude parlamentuak edo dena delakoak ikertzearen aurka. Baina uste dugu salaketa aurkeztu behar dela baldin eta zantzuren bat badago»
DAVID TREBEJOUGTko ordezkaria
Trebejok aipatu du Sunsundeguik «proiektu interesgarriak» zituela esku artean —horien artean Volvorekin, gama handiko autobusak egiteko kontratua—, eta horiek oraindik ere baliagarriak direla: «Eskatzen dugu Volvorekin harremanei berrekiteko, ezinbesteko bezeroa baita». Haren ustez, Sunsundeguik etorkizuna du. «Etekinak izan ditugu, baina kontua da ez dugula finantza giharrik eta osagaiak falta zaizkigula. Ezin izan dugu egoera irauli».