Sunsundeguik hartzekodunen konkurtsoa eskatuko du

Administrazio kontseiluak proposatu du konkurtsora deitzea, eta akziodunen batzarrak baiezkoa eman dio. Altsasuko autobus enpresak dio inbertitzaile baten bila jarraituko duela.

Sunsundeguiko fabrika.
Sunsundeguiko fabrika. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2024ko azaroaren 5a
21:25
Entzun

Sunsundegui ataka estuan dago. Irailean hartzekodunen konkurtso aurreko egoera deklaratu zuen, eta aste honetan, koska bat estutu du bere finantza egoera zaila. Hartzekodunen konkurtsoan sartzea eskatuko du. Abenduaren 15ean amaituko zen egoera hori saihesteko epea, baina zuzendaritzak proposatu du gehiago ez luzatzea. Akziodunen batzarrak baiezkoa eman dio administrazio kontseiluak egindako proposamenari. Hemendik aurrera, epaile batek izendatutako administratzaileak izango du azken hitza.

Zorraren zama handiegia da, eta eguneroko ordainketei aurre egin ezinik dabil Altsasuko enpresa. Langileei ez zien iraileko nominarik ordaindu, eta aldi baterako lan erregulazioko espedientean daude. Azken egunetan irailekoa ordaindu diete, eta espediente aurreko nominaren zatia ere kobratu dute. Gainera, hornitzaileei 8,9 milioi euro zor dizkie Altsasuko enpresak, eta ezin dio horri aurre egin. Azken asteetan negoziatzen aritu da hornitzaileekin zor dien diruaren zati bat soilik itzultzeko aurten.

Azkenik, Sodena arrisku kapitaleko sozietateak, Cofides Espainiako erakundeak, bankuek eta Volvo bazkideak 40 milioi euroko finantza babesa eman diote azken urteotan. Orotara 48,8 milioi euroko zorra du.

Hori dela eta, prentsa ohar bidez jakinarazi du bihar borondatezko hartzekodunen konkurtsoa eskatuko duela merkataritza auzitegian. Enpresaren arabera, horrek esan nahi du likidazioan sartu gabe enpresaren jarduera bermatuko lukeen inbertitzaile baten bila jarraituko dutela: «Konpainiaren finantza egoera birmoldatzeko beharrari erantzuten dio neurri honek. Bi hilabete pasatu dira hartzekodunekin negoziazioak abiatu genituenetik, eta modu aktiboan aritu gara lanean administrazio kontseilua eta zuzendaritza taldea industria inbertitzaile baten bila. Gaur-gaurkoz ez da eskaintza sendorik jarri mahai gainean», onartu du enpresak.

Hain zuzen ere, industria inbertitzaile batek soilik egin diezaioke aurre enpresaren egoera zailari. Volvo Busek bere autobusen karrozeriak egiteko enpresen beharra du, eta horietariko bat da Sunsundegui. Egoera zailean egonik ere, Suediako multinazionalaren babesa du, eta beste enpresa bat erakartzeko akuilu izan daiteke. Alta, egiturazko arazo sakonak ditu Altsasuko enpresak, eta aukera bat zabalik egon bada ere, oraingoz ez da gauzatu. Enpresak gaineratu du bazkide estrategiko horren bila jarraituko duela, horrek bermatuko bailuke jarduerari eta lanpostuei eutsi ahal izatea. Dena den, orain auzitegiak izango du azken hitza.

UGTk bost ordezkari ditu Sunsundeguin. «Hartzekodunen konkurtsoa erreminta bat da enpresaren bideragarritasuna bilatzeko. Ondorioz, zera nahi dugu, enpresak jarraitu ahal izatea ahalbidetuko duen inbertitzaile bat lortzen». Berretsi du Nafarroako Gobernuak eta enpresak zabalik dutela inbertitzaile batzuen aukera. «Badakigu inbertitzaile posible batzuekin elkarrizketak izan direla, baina, gaurkoz, ez dago eskaintza irmorik. 

LABeko Gaizka Uharte ez du ustekabean hartu erabakiak. Argi du aurreko zuzendaritza taldea dela enpresaren egoeraren erantzule nagusia. «Egoera konplikatua da oso. Inbertitzaile batzuk daude, baina hemen ez du inork ezer oparitu nahi. Egoera luzatzea ez da ona». Adierazi du asmoa dutela datozen egunetan mobilizazioak antolatzeko.

Irujo parlamentuan

Bihar 15:15ean, Nafarroako Parlamentuaren egoeraren berri emango du Mikel Irujo Industria sailburuak. Haren ekimenez eskatu zuen agerraldia, eta, hain zuzen ere, enpresak urrats hori egin duenean eman beharko ditu azalpenak. Sunsundeguik eskertu egin du Sodenak eman dion babesa. Aurreko krisian, Sodenak 35 milioi euroko zorra barkatu zion, eta 2020. urteaz geroztik hamasei milioi euro inguruko laguntza eman dio. Azken babesaren ondorioz, administrazio kontseilua aldatu behar izan zuen Sunsundeguik, baina ezin izan dute oraingoz egoera bideratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.