Volvo Busesekin lan egiten hasteko, Nafarroako Parlamentuak bihar laguntza onartuko zain daude Altsasuko Sunsundeguin. Altxorreko arazoekin dabil enpresa, eta, horiei aurre egiteko, lau milioi euroko laguntza jasotzekoa da, Sodena sozietatearen bitartez.
Joan den maiatzean, Volvorekin aurreakordioa egin zuen enpresak, eta azaldu du proiektu horri esker bikoiztu egingo dela Altsasuko autobusentzako karrozeria lantegiaren ahalmena, urteko autobus produkzioa 783 unitatera handituta, 720 langilerekin. Horrekin, urteko 140 milioi euroko fakturazioa iritsiko luke Sunsundeguik.
Volvoren 9700 eta 9900 modeloen karrozeriak egingo dituzte Altsasun, eta lehen unitateak hurrengo urtean egitea espero dute. Sunsundeguik jada 46 langile gehiago hartu ditu Volvoren kontratuari lotuta, eta horietatik %30 emakumeak direla nabarmendu dute. Konpainiaren arabera, kontratuak «Volvoren lantegiaren bideragarritasuna ziurtatuko du, eta etapa berri bat abiaraziko».
Sunsundeguik hirurehun langile ditu gaur egun.