Sunsundegui autobus konpainiak Volvo markako ibilgailuak egingo ditu datorren urtetik aurrera. Bi auto ekoizleek akordioa egin dute, eta, horri esker, Altsasuko (Nafarroa) fabrikaren geroa bermatuta izango da hurrengo lau urteetan, bederen. Horretarako, lantegiaren ekoizpen ahalmena orain halako bi handituko da eta langile kopurua, halako hiru. Aurreikusi dute urtean 800 ibilgailu egiteko 400 langile baino gehiago kontratatu beharko dituztela.
Akordioaren arabera, goi gamako autobusak izango dira, azken belaunaldikoak. Datorren urteko maiatzean ekingo diote ekoizpenari, eta asmoa da 2025erako merkatuan izatea. Iragarri dutenez, ekoizpena pixkanaka handituko dute, eguneko bi ibilgailu egiteraino; modu mailakatuan egingo dute hori, bederatzi eta hamabi hilabeteko tartean. Gainera, gaur egungo jardunari ere eutsi egingo diote prozesuak irauten duen bitartean.
Horren ondorioz, espero dute Altsasuko fabrikan egunean lau autobus egitea lortzea, urtean 800 ibilgailu inguru izateraino; gaur egun baino 420 unitate gehiago. Horri esker, fakturazioa ere nabarmen handituko da. Izan ere, Sunsundeguik espero du 50 milioi fakturatzea aurten, baina uste du, ibilgailu berriei esker, 151 milioi baino gehiago fakturatuko dituela 2028an. Horretarako, halere, egokitzapen lanak egin beharko ditu nola lantegian eta hala lantaldean. Gaur egun 240 langile inguru ditu, baina urte amaierarako 280 izango direla kalkulatu dute, eta 2027rako 700 baino gehiago izatera ere hel daiteke.
Sakanako autobus ekoizleak garai zailak igaro ditu azken hamarkadan; hondoa jotzear ere egon zen Atzeraldi Handiaren osteko urteetan, baina Sodena enpresa publikoak erreskatatu zuen 35 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez. Pandemiaren osteko krisiak ere gogor jo zuen enpresan, eta nabarmen jaitsi zuen eskaera zorroa. 2019an, 462 autobus ekoitzi zituen konpainiak, eta iaz, aldiz, 160 baino ez ziren izan. Ataka estuan zen enpresa.
Volvorekin egindako hitzarmenak aro berri bat zabalduko du lantegian, baita harentzat lan egiten duten eskualdeko enpresa txikientzat ere. Bada, akordioak duen garrantzia azpimarratu du Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko zuzendari nagusiak, eta zehaztu du «lankidetza arrakastatsu baterako oinarri sendo bat» izango dela.
Albiste garrantzitsua
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere ituna goratu zuen atzo. Nabarmendu zuen «oso albiste ona» dela Nafarroarentzat, eta bereziki «estrategikoa» Sakana eskualdearentzat. «Lantegiren geroa ziurtatuko du», esan zuen. Aste honetan elkartu dira gobernuko ordezkariak bi aldeekin, proiektuaren xehetasunak ezagutzeko.
Txibitek azaldu zuenez, foru gobernua prest dago inbertsioak egiten laguntzeko. Lehen ere egin zuela gogorarazi zuen presidenteak, eta, horri esker, egun jabetzaren %51 duela, hain justu ere. «Akordioak lantegiaren etorkizuna bermatzen du, eta sektore publikoa pribatuaren akuilu izan daitekeela ere erakusten du».
Horixe azpimarratu du Geroa Baik ere: «Sunsundeguiren etorkizuna eta eskualdeko gainerako enpresena ere finkatu egiten da gaur, 11 urteko zailtasunen ondoren».
Sunsundeguik autobusak egingo ditu Volvorentzat, 400 lanpostu sortuta
Altsasuko lantegiaren etorkizuna bermatuko du bi ekoizleek egindako akordioak. Ekoizpena bikoiztea eta lantaldea hirukoiztea ekarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu