Itzulpen profesionalak egiteko aplikazio bat egiteko ideia izan zuen urtarrilean Thomas Trincadok (Barakaldo, Bizkaia, 1990), eta errealitatea da gaur egun. Enpresa edo erabiltzaile batek testu baten itzulpena behar izanez gero, Berba aplikazioari eskaera egin diezaioke erabiltzaileak, eta mundu osoko 300 itzultzaileren artean aukeratutako bizpahiruren artean banatuko du lana. Zerbitzu profesionala eskaini nahi dute itzultzaile automatikoen garaian. Irailean Bilbon egin zen Biscay Bay Startup Campusean lehen saria jaso zuen Trincadok beste hiru kiderekin batera sortutako start-up-ak.
Nondik sortu da proiektu hau sortzeko beharra?
Itzultzailea naiz izatez, eta lan hori egin izan dut orain arte. Beti pentsatu dut arlo honetan burokrazia asko dagoela, eta ez dagoela behar bezalako irtenbide digitalik. Google Translateren gisako tresnak daude, eta itzulpengintza agentzia arruntak beste aldetik. Hori ikusita, pentsatu nuen ondo egongo zela nomada birtuala kontzeptua sektore horretan aplikatzea. Hau da, munduan zehar barreiatuta bizi diren eta Internet bidez lan egiten duten itzultzaileen plataforma bat sortzea zen asmoa. Era horretan, haien azkartasuna erabili ahalko zen itzulpengintza proiektuak azkarrago egiteko.
Mundua hizkuntzen bidez lotzeko asmoa duzuela diozue. Zergatik?
Erdi euskaldun eta erdi ingelesa naiz, baina Alemanian, Frantzian, Mexikon, Japonian eta Indian ere bizi izan naiz, eta komunikazioan arazo pila bat ikusi izan dut. Alemaniar edo japoniarrek, esaterako, aukera asko galtzen dituzte produktu onak saltzeko. Halako egoera pila bat ikusten nituen, eta horrela pentsatu nuen hizkuntza batzuetara itzultzeko tresna bat sortzea.
Ideia hori itzulpen automatikoen garaian sortzen da. Itzulpen profesionalak aldarrikatzen dituzu horien aurrean?
Bai. Nik itzultzaile gisa presio handia ikusi dut gauzak azkar egiteko, eta bezero gisa, lan oso txarrak. Daukagun tresnarekin, bi itzultzailek egiten badute testu bat, testu horren atal txikiak munduan dauden beste itzultzaileei bidaltzen zaizkie, eta haiek zuzentzen dituzte. Gure adimen artifizialak egiten duena da, eta arrisku tartea non dagoen zehazten dute.
Zer hizkuntzatara daukazue zerbitzua? Ala mugagabea da?
Mugagabea da, baina oraingoz hizkuntza handienetakoak bilatzen hasi gara, hor daudelako itzultzaile gehien.
Bilbon egiten den Biscay Bay Startup Campusean lehen saria jaso zenuten. Nola hartu duzue onarpen hori?
Bultzada morala eman digu. Normalean, start-up bat abiatzen duzunean, etxean ordu asko ematen dituzu bakarrik, eta ordenagailuaren aurrean. Halakoetan ez dakizu egiten ari zarena ona den, edo jendeari gustatuko ote zaion. Ez dakizu eroa zauden ala ez. Halako ekitaldi batean, Bizkaiko edo Euskal Herriko adituek esaten dizute egiten ari zarena ongi dagoela; niri eta talde guztiari bultzada morala eman digu.
Etxera itzulita jaso duzu saria, gainera...
Ni Tokion ere aritu naiz ekintzailetza lanak egiten, talde on eta motibatu batekin. Baina Bilbok berak aukera pila bat ematen du alde horretatik, erakunde publikoen eta pribatuen aldetik.
Esan duzu start-up proiektu bat abiatzerakoan ez dakizula zein erantzun izan dezakeen. Hori izan daiteke enpresa mota horren gabezia bat? Feedbackik gabe garatzen duzula?
Bai, hori betiko akatsa da. Guk bagenekien merkatuan behar bat bazegoela, eta aztertuta geneukan. Proba egin genuen marketin kanpaina batekin, eta beharra bazegoela berretsi genuen. Produktua edo beharra dagoela badakizu, baina hori garatu behar da, eta ondo bideratu. Orain adimen artifizialarekin ari gara produktu bat ateratzen, eta ez dakigu fantasia den edo benetan erantzunik izango duen. Baina orain pozik gaude, Euskal Herriko adituek esan baitigute egiten ari garena ona dela.
Bizkaiko Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari da azken boladan start-up-en sektorea erakartzeko. Sumatzen al duzue?
Sumatzen da Euskal Herrian modan jarri dela. Tokion eta Munichen bizi izan naiz, bi hiri teknologikotan, baina hor ez zegoen ekintzailetzarako halako joerarik. Akaso kulturala da, edo ez dira hiri egokienak izango... Ez dakit, kontua da Tokiok 35 milioi biztanle dituela, eta han ez zegoela start-up ekintzaileentzako inolako ekitaldi edo laguntzarik. Bilbora itzultzean, mundu guztia ari zen horri buruz hitz egiten, eta gisa horretako laguntzak eskaintzen ari direla ikusi dut.
Thomas Trincado. Berba aplikazioaren sortzailea
«Sumatzen da 'start-up' sektorea modan jarri dela Euskal Herrian»
Munich eta Tokioren gisako hiri teknologikoetan lan egin izan du Trincadok, baina horietan ez du ikusi 'start-up'-en aldeko jarrerarik. Berba itzulpengintza aplikazioa sortu du, eta saritua izan da Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu