Sumarrek ziurtatu du ez diola uko egin energia enpresen etekinei ezarritako zergari. Gobernuko bi alderdiek astelehen honetan sinatu duten akordioan ez da neurri hori agertzen, eta ondoriozta daiteke ez duela babestuko, baina Txema Guijarro bozeramaileak esan duenez, parlamentuko tramitazioan zuzenketen bidez saiatuko dira indarrean mantentzen. «Ez diogu ezeri uko egin; gure zuzenketei eusten diegu, baita energia enpresekin zerikusia dutenei ere», esan du astearte honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako prentsaurreko batean.
Urriaren amaieran, PSOEk EAJrekin eta JxC Junts per Catalunyarekin adostu zuen, hain zuzen, energia enpresen mozkinei ezarritako zerga berezia gehiago ez luzatzea. Hiru alderdi horiek akordio hori egin zuten Repsolek inbertsio handi batzuk Espainiatik kanpo eramango zituela mehatxu egin eta gero. Aldiz, banku handien mozkinen gaineko zergari eusten diote.
Bi neurri horiek 2022an sortu zituen Pedro Sanchez presidentearen gobernuak, aldi baterako izaerarekin. Gobernuaren asmoa zen iraunkor bihurtzea. Bankuen gaineko zergari dagokionez, PSOEk eta Sumarrek hurrengo hiru urteetarako luzatzea adostu dute, lege aurreproiektuan jasota dagoen moduan —EH Bilduk eta ERCk iraunkor bilakatzeko zuzenketak erregistratu dituzte—. Sozialistek eta jeltzaleek, berriz, adostu dute tributu hori foru ogasunen esku uztea.
Ostegunera arteko epea
Espainiako Gobernuak Europako zuzentarau baten transposizioa erabili nahi zuen energia konpainien eta banku handien mozkinen gaineko zerga indarrean mantentzeko eta beste neurri fiskal batzuk sartzeko. Zuzentarau horrek multinazionalentzako gutxieneko %15eko zerga bat ezartzen du, eta urtea amaitu baino lehen onartu behar du gobernuak. Baina energia konpainien zerga kentzeko asmoz PSOEk, EAJk eta JxCk egindako akordioak gobernuaren gainerako bazkideak haserrearazi ditu, eta kolokan jarri du egitasmo osoa.
Astelehenean, PSOEko eta Sumarreko ordezkariak negoziatzen ari ziren bitartean, bertan behera geratu zen balorazio txostenaren bozketa kongresuko ogasun batzordean. ERCk eta EH Bilduk aurka bozkatuko zutela aurreratu zuten, baita Podemosek ere, eta gobernuak ostegunera arte eman dio bere buruari haien babesa lortzeko.
Sumarreko bozeramaileak onartu du aritmetika parlamentarioa «zaila» dela, baina berretsi du haiek ere ez diotela uko egin energia konpainien zergari. «Lanean jarraituko dugu zuzenketa hori batzordean eztabaidatzen denean onar dadin, edo, bestela, osoko bilkuran. Bizirik mantenduko dugu amaierara arte, eta borrokan jarraituko dugu». PSOEk eta Sumarrek egindako akordioa etxebizitza turistikoa BEZa %10etik %21era igotzea jasotzen da, besteak beste.
Horrekin batera, beste aldaketa batzuk adostu ditu PSOEk Sumarrekin, EAJrekin eta Juntsekin: zigarreta elektronikoetarako likidoen gaineko zerga igotzea, eta hidrokarburoen eta kapitalaren errentei eragiten dieten beste batzuk.