Koronabirusa. Eragina ekonomian

Sukaldeetan daude orain erretegiak

Sagardotegi garaia bertan behera gelditzea kolpea izan da haragi banatzaileentzat, eta batzuek txuleten salmenta zuzenean aurkitu dute konponbidea. Sasoia guztiz salbatzea zail ikusten badute ere, txukundu ahal izango dutela uste dute.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia ostalaritza hankaz gora uzten ari den lurrikara bat izaten ari da. Tabernek eta jatetxeek itxi egin behar izan dute, eta albo-kalte larriak utziko ditu. Lurrikara horren epizentroetako bat Gipuzkoaren bihotzean egon zen; martxoaren 13an, larrialdi egoera ikusita, sagardozaleek sagardotegi sasoia bertan behera uztea erabaki zuten. Geroago etorriko zen ostalaritza jardunaren debeku orokorra, eta arazo larriak produkzio kateko katebegi guztientzat. «Larunbatez izan zen. Bezperan sagardozale batzuek jenero gutxiago eramateko esan ziguten, bezero batzuek atzera egin zutelako, eta egunean bertan jaso genituen dei gehien. Ni ere sagardotegira joatekoa nintzen, eta jabeak deitu ninduen esateko: 'Asier, itxi egingo dugu'. Hurrengo pausoa sagardozaleei saldutako jenero guztia jasotzea izan zen. Hornitzaile guztiek ez dute izan keinu hori». Asier Goikoetxea da Asier, Guikarreko langilea. Hainbat sagardotegirekin lan egiten duen haragi hornitzaile horrek.

Jenero hori txuletak dira batez ere, sagardotegi menuko gutizia, eta egun batetik bestera hozkailuak goraino beteta zituztela ikusi zuten. Dastatuz-en ere berdin zebiltzan, haiek ere guztia jaso baitzuten. «Stock guztia genuen.Guk Europa osoan banatzen dugu, eta udaberrian esnatzen da ostalaritza, baina sagardotegiak neguan bolumen hori mantentzeko aukera bat dira guretzat. Euskal Herrian dugun zortea da». Azalpena Borja Zubiaurrerena da, enpresaren kudeatzailearena. «Egoera latza» ikusita, konponbide bila hasi ziren, baita aurkitu ere: «Sagardotegietako eta erretegietako bezeroak hor jarraitzen zuela ikusi genuen, etxean, eta etxean ere gastronomiarekin gozatu nahi duela. Banaketa katea berez hautsi da, gure bezeroak erretegiak baitira, baina hau salbuespen egoera da, eta horregatik jo genuen zuzenean azken kontsumitzailearengana». Izan ere, haragi pieza handiak produktu galkorrak dira, hozkailuan luzaroan irauten duten arren.

Eta ideiak arrakasta izan du. Webgunean eskaintza eskegi, eta dei eta mezu olatu bat izan dutela azaldu du Zubiaurrek: «Ikusgarria izan da. Eskariz lepo gaude, eta Iruki beste hornitzaile batekin eskuz esku ari gara. Hasieran, Eroski, Super BM eta haien moduko banatzaileek eta hainbat harategik lagundu ziguten, gure jeneroa hartuz, eta orain gu ari gara beste hornitzaile batzuei euren produktua ateratzen laguntzen».

Guikarren pixka bat geroago hasi ziren salmenta zuzenarekin, baina egunak pasatu ahala goraka doazela esan du Goikoetxeak. «Lehen ere egiten genuen salmenta zuzen pixka bat, baina orain bi asteetan adina eskari jasotzen ari gara egun bakar batean». 25 egun inguruko ontze prozesua duten txuletak saltzen dituzte, eta hilabete baterako stock-a zuten. Garai honetan astean laurehun bat zinta saltzen dituzte, piezaren goi aldekoak, eta, bakoitzak 15-16 kilo dituela jakinda, egin kontu zenbat den. Gauzak horrela, eskaintza berezia egin dute salmenta zuzenerako: «%20ko beherapena egiten ari gara, Premium lerroari izan ezik. Guk kalitate oso handiko produktua dugu, behi zaharrarena baino ez, eta irabazi tartea txikia da».Erritmo onean ari dira, baina ez du uste sasoia erabat salbatuko dutenik. «Makillatzeko balioko digu. Galerak izango ditugu, baina murriztu ahal izango ditugu».

Baikorragoa da Zubiaurre. «Pentsa, aldi baterako lan espedientea bertan behera utzi dugu. Harro gaude horrelako neurri bat hartu izanaz. Gutxienez bizpahiru asterako lana dugu». Lana, halere, zailagoa da orain; banakako eskaerak profesionalenak baino txikiagoak dira, eta koronabirusak osasun neurriak zorroztu ditu: «Zatiketa areto berriak ireki ditugu, metro eta erdiko aldea errespetatzeko. Prozesua motelagoa da, baina egokitu beharra dago; osasuna da lehentasuna».

Bada uko egin dionik

Banatzaile guztiak, dena den, ez dira iritzi berekoak. Txogitxuko arduradun da Imanol Jaka, eta haiek ez dute salmenta zuzenik egin. «Une dramatikoa da; itxialdian gaude, eta ez dakit eskaintzekin hastea den bidea». Beste tankera bateko konponbideak eskatu ditu.«Sagardotegiak gure salmenta bolumenaren %0,5 dira, edozein zatiketa aretok duen arazo txikienetakoa. Salmenta zuzenarekin ezer gutxi konponduko dugu. Sektoreak beste erabaki batzuk behar ditu: aldi baterako txostenak erraztu, kobratze karterarekin lagundu... Gure sektorea garrantzitsua da Euskal Herrian, eta erakundeek erreakzionatu egin behar dute, eta hala egingo dutela espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.