Suitzako enpresa batek Bilboko portuko ziklo konbinatuko zentrala erosi du

BPk han daukan partaidetza guztia utzi du; gas plantarena irailean saldu zion Enagasi. Gainerakoa Energiaren Euskal Erakundearena da.

BAHIA DE BIZKAIA
Bilboko portuko zentral termikoa eta gas planta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 11
15:55
Entzun

Gunvor Suitzako energia merkaturatzaileak iragarri du BPri erosiko diola Bahia de Bizkaia Electricidad (BBE) enpresan duen zatia (%75); alegia, Bilboko portuko ziklo konbinatuko zentral elektrikoa haren esku geratuko da. Azpiegituraren beste bazkidea Energiaren Euskal Erakundea (EEE) da, Eusko Jaurlaritzaren sozietatea, %25arekin.

Ez dute ezagutarazi zenbat pagatuko duen operazio horrengatik. Salmenta 2024ko lehen hiruhilekoan gauzatuko da. Ohar batean, Gunvorrek adierazi du Bilboko zentraleko egungo lantaldea eta zuzendaritza mantentzeko asmoa duela.

Gunvor enpresa ezaguna da Euskal Herrian: 2019an, CIE Automotive autogintzako euskal multinazionalak Berantevillan (Araba) eta Huelvan (Espainia) zituen bioerregai plantak erosi zituen. Espainian energia merkaturatzaile gisa aritzeko baimenak ditu. Erosten duen Euskal Herriko sare elektrikoaren lehen zentrala da Bilbokoa.

Konpainia 2000. urtean sortu zuten, eta munduko laugarren petrolio merkaturatzaile handiena da, Glencore, Vitol eta Trafiguraren ondoren. Gunvorrek Suitzan du egoitza nagusia, baina Zipren dago inskribatuta.

Zentral elektrikoaz gain, Bilboko portuan birgasifikatzaile bat ere badago, itsasoz garraiatzen den gas likidotua eraldatzeko —gas horren parte bat zentral termikoan erabiltzen da—. Gas azpiegituraren %50 Energiaren Euskal Erakundearena da; gainerakoa, Enagasena. Irailean, BPk bere zatia (%25) saldu zion Espainiako gas konpainiari. Erresuma Batuko energia konpainiak Bilboko azpiegituretan zuen partaidetza guztia saldu du, erregai fosilekin loturiko desinbertsio estrategiaren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.