Suitzako Emmiren esku geratu da Kaiku, akzioen %66 eskuratuta

Kaiku Corporacioneko akziodun nagusiak partaidetza handitu du eta enpresaren kontrola Euskal Herritik urrundu duAbeltzainek egitura berriak aztertu behar dituztela uste du Gipuzkoako EHNEk

Suitzako Emmiren esku geratu da Kaiku, akzioen %66 eskuratuta.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Urrats bat gehiago da Kaiku Euskal Herriko baserritarrengandik eta Euskal Herritik urruntzeko. Suitzako Emmi taldea Kaiku Corporacionen akziodun nagusia izatetik enpresa kontrolatzera pasa da: akzioen %42,8 edukitzetik %66 edukitzera. Akziodun nagusia zen 2009tik, Iparlatek bere akzioak saldu zizkionetik. Orain akzioak erosi dizkie Nafarroako Rural Kutxari eta Kalitatea Fundazioari. Akordioa abuztuan jarriko da indarrean. Emmi taldea Suitzako esne eta esneki ekoizle nagusia da.

Kaiku Corporacionen jakinarazi du «akzioak berrantolatzeko» prozesua abiatu duela. Kapital gehikuntza bat egin nahi du, hazteko, nazioartera zabaltzeko eta berrikuntzan inbertitzeko.

Baserritarrek Kaiku markaren kontrola «aspaldi» galdu zutela dio Iñaki Lazarobasterrek, Gipuzkoako EHNEko presidente eta Esne Saileko arduradunak. Euskal Herriko baserritarren esku egotetik Suitzako multinazional baten esku egotera pasa da. Marka bakarrik ez, «baita baserritar askoren etorkizuna ere».

Halako erabakiak ikusita, Lazarobasterrek uste du une iritsi dela Kaiku kooperatibak, Hego Euskal Herriko esne ekoizle gehienak biltzen dituen kooperatibak, gogoeta egiteko: ea merezi duen Kaiku Corporacionen dituzten akzioei (%10) eustea edo ez ote den hobea korporazioa utzi eta «bestelako bideak» urratzea.

Bide horien artean dago esne ekoizleek egitura eta marka berri bat sortzea. Zertarako? «Bertako esnea Euskal Herrian ontziratzeko eta Euskal Herriko esne moduan saltzeko», zehaztu du Lazarobasterrek. Bertako esnea bertan ekoiztea eta kontsumitzea, alegia. «Gaur egun ezinezkoa da», EHNEko ordezkariaren iritziz. Bestela, abeltzainen etorkizuna «beltza» izango dela nabarmendu du. Lazarobaster salmenta zuzenaren aldekoa ere bada, baina gaur egun ekoizle gutxik batzuk ari direla dio.

Oraingoz ez dirudi Emmik aldaketa handirik egingo duenik. Bere esanetan, akziodunak bat datoz Kaiku Corporacionen etorkizunaz: «Eskualdeko konpainia indartsua, baina nazioartera zabaltzen jarraituko duena».

Txile eta Tunisia

Emmi taldearentzat Kaikuren «abantaila» da nazioartean zabalduta dagoela, Txilen —Sturlaten bidez— eta Tunisian —Vitalaiten bidez— batez ere. Kaikuk konpainia horiek kontrolatzen ditu. Argentinan ere lan egiten du. Kaikuk Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo lortzen du salmenten erdia baino gehiago.

Urs Riedener Emmiko kontseilari ordezkaria Kaikuren «produktu berritzaileak» eta «marketin kontzeptuak» goraipatu ditu. Etorkizunera begira aukera handiak direla dio.

Suitzako taldearen helburua «epe erdira» nazioarteko salmentak handitzea da. Horregatik handitu du Kaiku Corporacioneko partaidetza. Suitzako salmentak jaisten ari dira, eta Emmik berdindu egin nahi du herrialdean lortutako dirua eta nazioartean lortutakoa. Emmik gaur egun salmenten ia %30 lortzen du Suitzatik kanpo, gero eta gehiago.

Atzo bertan jakinarazi zuen %25etik %63ra handitu duela bere partaidetza Frantziako Diprola enpresan. Diprolak gazta freskoak ontziratzen ditu.

Emmi taldeak Kalitatea Fundazioari akzioak erosi dizkio. Kalitatea Fundazioak akzioak zituen Kaiku Corporacionen (%18 inguru), Socade eta Ezten sozietateen bitartez. Eusko Jaurlaritzak 2010ean esan zuen hainbat elkarte eta sozietatetatik aterako zela, sailaren egitura doitzeko. Kaiku uztea zalantzan zegoen orduan. Orain ateratzea erabaki du.

Ekarpen, enpresak sustatzeko sozietatea, izango da Kaiku Corporacioneko bigarren akzioduna, akzioen %15ekin. Eusko Ekarpenen parte hartzen dute Kutxabankek, Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Emmi Ekarpenekin negoziatzen ari da, akzioak erosteko. Abeltzainen Kaiku kooperatibak bere zatiari eutsiko dio: %10. Ipar Kutxarena %8ra handituko da, Caja Cantabriaren zatia erosiko baitu. Akziodun berri bat egongo da: Kataluniako abeltzainen Lleters kooperatiba, akzioen %1 baino gutxiagorekin.

Kaiku kooperatiba

Duela mende erdi pasatxo sortu zituzten abeltzainek lehen kooperatibak eta esne zentralak, esnea biltzeko, tratatzeko eta saltzeko asmoz. Ordukoak dira Beyena Bizkaian, Gurelesa Gipuzkoan eta Copeleche Nafarroan. Geroago etorri ziren Iparlat (1992), esnea eraldatzekoeta ontziratzeko zentrala, eta Kaiku Corporacion (2004), produktuak garatzeko eta berriak kaleratzeko enpresa.

Mende erdi beranduago, sektoreko abeltzainak Kaiku kooperatiban bilduta daude. 450etik gora dira: Gipuzkoan ia denak (%97), Araban gehienak (%71)eta Bizkaian (%37) eta Nafarroan (%42)asko .

Kooperatibaren bidez esnea biltzen dute eta Iparlati saltzen diote. Iparlatek esnea tratatu, eraldatu eta ontziratu egiten du. Markei saltzen die: gehiena, %70, Mercadonari (Hacendado marka zuria), baina baita Kaiku Corporacioni (%25) eta Eroskiri, Erkorekari... Prozesu horretan guztian abeltzainek ez daukatela eragiteko modurik salatu du Lazarobasterrek. Ezta Iparlaten %41 beren esku badago ere: «Gure egoera esnearen prezioak baldintzatzen du, eta kooperatibak esnea saltzen duen momentutik marken esku gaude, ez daukagu tresnarik edo ahalmenik gure interesak babesteko. Harrapatuta gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.