Suedian tinko eusten diote Teslaren aurkako erronkari

Gaur urtea bete da lan hitzarmena eskatzeko asmoz mekanikariek eta garbitzaileek greba mugagabea abiatu zutela. Elon Musek ahaleginak eta bi egin dituen arren, ez du lanuztea eteterik lortu. Elkartasun oldea zabaltzen ari da inguruko herrialdeetan.

Teslaren tailer bat Stockholmen, Suedian. JESSICA GOW / EFE
Teslaren tailer bat Stockholmen, Suedian. JESSICA GOW / EFE
aitor biain
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Suediako Teslako grebalariek ez dute amore emateko asmorik. Tinko eusten diote auto ekoizlearen antisindikalismoari botatako erronkari. Gaur urtea bete da Tesla tailerretako mekanikariek eta garbitzaileek greba mugagabea hasi zutela, lan hitzarmena negoziatzeko eskubidea eskatzeko. Eta hamabi hilabeteren ondoren, bere horretan segitzen du lanuzteak, Elon Muskek, Teslaren jabeak, uko egiten baitio lan baldintzak langileekin ez haien ordezkariekin adosteari.

Lan kultura ezberdinen arteko talka bat da oinarrian. Izan ere, Suedian hamar langiletik zazpi dira sindikatuetako kide, eta langileen %90ek dute lan hitzarmen baten babesa. Teslak, ordea, ez du sindikaturik nahi bere fabriketan, argudiatuta eskubide sindikalak ez direla «enpresaren kontzeptuarekin» bateragarriak. Aurrez ikusi ez bezalakoa izaten ari da greba, beraz, oro har lanuzte gutxi egiten diren herrialdean.

Lan itunak Suediako lan merkatuaren eta ekonomiaren ezinbesteko zutabe bilakatu dira herrialde hartan, azken ehun urteetan indarrean den araudiak esaten baitu enpresaren eta sindikatuen artean adostu behar direla lan baldintzak. Estatuak ere askatasun guztia ematen die bi aldeei lan baldintzak negoziatzeko, horrek egonkortasuna dakarrela uste baitu. Hain justu, horixe argudiatu du Teslako lankideen lanuztea babestu duen sindikatuak, IF Metall-ek: «Grebaren helburua ordena lortzea da, lan gatazkak saihesteko».

Baina urtebete honetan Muskek ahaleginak eta bi egin ditu ekoizpenarekin jarraitzeko, egoera «zentzugabea» dela iritzita. Auzitara ere jo du, gatazkaren eragina mugatzeko, baina ez du espero zuen emaitzarik lortu. Postariek, esaterako, uko egin zioten erosleei autoen matrikulak postaz bidaltzeari, eta, Teslaren jabeak salaketa jarri bazuen ere, epaileak postariei eman die arrazoia.

Sindikatuek salatu dute, halaber, Muskek langileak eraman dituela Europako beste herrialde batzuetan dituen fabriketatik Suediako tailerretara, grebalariak ordezkatzeko. Suedian aurrekorik ez duen erabakia dela ohartarazi dute, baina Teslak argi adierazi nahi izan die haiek gabe ere —eta lan itunik gabe— gai dela jarduerari eusteko.

Elkartasun oldea

If Metall sindikatuak ere salatu du enpresak langile bat kaleratu duela, eta adierazi du grebarekin bat egiteagatik izan dela, Teslak ez baitu eman kontratua eteteko pisuzko arrazoirik. Halere, gehienek tinko eusten diote grebari. Eta urtebete honetan protesta ahuldu ordez, erresistentzia gero eta handiagoa bilakatzen ari da. Suedian beste hamabi sindikatuk bat egin baitute elkartasun grebarekin. Elektrikariek, zamaketariek eta postariek, besteak beste.

Grebak elkartasun olde bat eragin baitu herrialde nordikoetan ere. Norvegian, Danimarkan edo Finlandian, esaterako, zamaketariek uko egin diote Teslaren autoak eta osagaiak Suediara ontzietan garraiatzeari, eta ahal den neurrian oztopatzen saiatuko direla ere ohartarazi dute. Ondorioz, Teslak errepidez garraiatu behar izan ditu autoak eta osagai guztiak Europatik Suediara.

%8,5

Teslaren merkatu kuota handitu egin da Suedian, lan gatazkak iraun badu ere. Urtebetean ia puntu bat egin du gora, eta haren Y modeloa saldu da gehien. Teslak 16.478 auto saldu zituen Suedian iaz urtarriletik irailera bitarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.