Stellantisek Mecaner ixteko asmoa berretsi die langileei

Kaleratzeak negoziatzeko lehen bileran, multinazionalak esan du trokelgintza enpresarekin jarraitzeko asmorik ez duela. Langile guztiek greba mugagabea hasiko dute.

mecaner
Mecanerreko langileek itxiera salatzeko eginiko protesta ekintza. ARITZ LOIOLA /FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 13a
15:30
Entzun

Stellantisek Mecaner ixteko asmoa adierazi zuen duela sei hilabete, eta erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko lehen bileran ez du atzera egin. Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza enpresa historikoaren jabea da Stellantis autogintza multinazionala, eta haren ordezkariak eta langile batzordeko kideak atzo bildu ziren aurrenekoz. Langile batzordearen arabera, zuzendaritza aukera bakarra jarri zuen mahai gainean: itxiera. Erantzun gisa langile batzordeko sindikatu guztiek greba mugagabea hastea erabaki dute. ELAk hilabete inguru deitu zuen grebara, eta orain ESK-k, LABek eta CCOOk bide beretik jo dute.

«Stellantis lehenengo minututik ari da itxiera baldintza jakin batzuetan negoziatzen. Ez du etorkizunaz hitz egin nahi». Horrela labubildu du langile batzordeak atzo izandako bilera. Haien arabera, zuzendaritzak «bideragarritasunik eza» argudiatu du, sektorearen egoera eta ekoizpen kostuetan oinarrituta. Lantaldeak, aldiz, ez du argudio hori onartu, eta berretsi du lantegia bideragarria dela, eta autogintzan ez ezik beste sektore batzuetarako trantsizioa egingarria dela. 142 langile dira guztira, eta denak kaleratu nahi ditu enpresak.

Langileek adierazi dute Mecanerrek galerarik ez duela, eta Stellantis taldearen irabaziak %26 handitu zirela iaz.

Batzordeak berretsi du iaz 600.000 eurotik gorako irabaziak izan zituela Mecanerrek, eta Stellantisi buruzko datu berriak erantsi. Besteak beste, multinazionalak (Peugeot, Citroen, Fiat...) Espainian eginiko salmentak %18 handitu ziren iaz —hura de neurturiko merkatu gertukoena— eta multzo osoaren irabaziak %26 handitu ziren 2022koarekin alderatuta. «Irabaziak ahalik eta gehien optimizatzea da helburua, eta, horretarako, deslokalizaziora joko dute», salatu du batzordeak.

Enpresaren jarrera ikusita, lantalde osoak jo du greba mugagabera. ELAk duela hilabete deitu zuen grebara, eta orain beste sindikatuak gehitu zaizkio. Azken asteetan ekoizpena asko jaitsi da, baina oraindik atera beharreko eskariak dituzte lantegian, batez ere Lancia Ypsilon berriarekin zerikusia dutenak. Stellantisek, baina, auto horren ekoizpena irailera arte atzeratu du; alegia, ez du lan hori amaitzeko presarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.