Mecaner ixtea eragozteko atzerako kontaketa azken txanpan sartuta dago. Enpresaren eta langileen arteko derrigorrezko negoziazio epea hilaren 26an amaituko da, eta bi bilera baino ez dira falta. Langileek diotenez, orain arteko bileretan Mecanerren jabe Stellantisek ez du ixteaz bestelako aukerarik aipatu, eta kaleratze ordainduak egitea eta langileak Espainiako beste lantegi batzuetara aldatzea eskaini du. Bestalde, langile batzordeak eskatu du hiruko mahai bat sor dadila Jaurlaritzarekin eta Stellantisekin. Mecaner bideragarria dela argi dute, gainera, iaz 600.000 euroren irabaziak izan baitzituen. Autogintza multinazionalak (Peugeot, Citroen, Opel, Lancia...) ostegunean erantzun behar dio eskakizunari.
«Orubearekin eta makineriarekin zer asmo duen galdetu genion Stellantisi azken bileran, eta ez zigun erantzun» —udaleko alderdi guztiek aho batez onartu zuten orubeari kalifikazioa ez aldatzea—. Juan Mari Cruz Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza enpresa historikoko 144 langileetako bat da, eta negoziazio mahaian eseri ohi da: «Jabeek argi utzi digute lantegia itxi eta joan egin nahi dutela: ez dute inolako interesik».
«Orubearekin eta makineriarekin zer asmo duen galdetu genion Stellantisi azken bileran, eta ez zigun erantzun».
JUAN MARI CRUZ Mecanerreko langilea
50 urte ditu Cruzek, 23 daramatza enpresan, eta sinetsita dago bideragarria dela, baina arazo bat ikusten du: «Norbait iritsi eta jarduna eraldatzen bada, denbora beharko dugu. Urteak izango dira, eta Stellantisek lan karga eman beharko liguke. Eta guk dakigula, egun beste lantegi batzuetara bidaltzen ditu guk egiteko moduko enkarguak».
Juanfran Gomezek 45 urte ditu, eta 21 daramatza Mecanerren lanean. Lankideak «izorratuta» ikusten ditu, eta berari ere kosta egiten zaio atsekabea ezkutatzea: «Enpresak arrazoi ekonomikoak aipatzen ditu ixtea justifikatzeko, baina guk badakigu ez direla egia; lan karga lantegi merkeagoetara eramateko itxi nahi du gurea».
«Mecanerreko jarduna baino gehiago da: gure hornitzaileak ditugu, bezeroak... Uribe Kostan ez dago industria askorik, eta dagoen horri eusteko borrokatu behar dugu».
JUANFRAN GOMEZMecanerreko langilea
Enpresak itxierarekin lotutako hainbat eskaintza egin dizkie Mecanerreko langileei: kaleratze ordainduak, erretiro ordainduak... eta beste lanpostu batera aldatzeko aukerak. Baina nora? Stellantisek Figueruelas (Aragoi, Espainia) eta Vigon (Galizia) dituen auto lantegietara. Aurrenekoa Urduliztik 303 kilometrora dago, eta bigarrena, berriz, 678 kilometrora. Stellantis prest dago 111 langileri beste lanpostu bat emateko, baina ez dirudi askok onartuko dutenik.
«Guk industria hemen geratzea nahi dugu», gehitu du Gomezek. «Mecanerreko jarduna baino gehiago da: gure hornitzaileak ditugu, bezeroak... Uribe Kostan ez dago industria askorik, eta dagoen horri eusteko borrokatu behar dugu». Alde horretatik, beharrezkotzat jo du Jaurlaritzak presio egitea hiru aldeen arteko bilera hori egin dadin.
«Baikorra izan nahiko nuke, baina ez dut itxaropen handirik. Stellantisek bi urterako lana emana die jada gurearen moduko beste lantegi batzuei».
GARTZEN ARIZPEMecanerreko langilea
Gartzen Arizpek «bizi erdia» darama Mecanerren. Erdia ez, baina ia-ia; 52 urte ditu, eta 25 daramatza trokelgintzan. Beste lankideek bezala, duela zortzi hilabete jakin zuen Stellantisek fabrika ixteko asmoa zuela, eta ez du ezkutatu «luze» egin zaiola: «Lege berriak sei hilabeteko epea ezartzen du erabakiaren berri emateko, eta ez dakit ez den okerragoa. Hori bai, argi dut enpresak hemen jarraitzeko planik balu aurretik jakinaraziko ligukeela».
Ez du oso ezkor agertu nahi, baina ez du itxaropen handirik. Argudio ona eman du gainera: «Stellantisek bi urterako lana emana die jada gurearen moduko beste lantegi batzuei. Autogintzarekin loturiko trokelgintzak etorkizun zaila du, baina beste sektore batzuetarako lanak ere egin ditzakegu». Langileak greban daude orain, eta, horren ondorioz, ekoizpena geldirik dago. Fabrikan, berriz, trokelak daude, eta, haien barruan, jabeak eginiko azken enkargua: Lancia Ypsilon modelo berrirako moldeak. Stellantisek, ondo bidean, irail ingururako beharko lituzke.
36,5Stellantisen buruaren soldata, milioitan. Carlos Tavares Stellantisen kontseilari ordezkariak 36,5 milioi euroren dirusaria jasoko du aurten. Taldeko akziodunen bilerako parte hartzaileen %70ek begi onez ikusi dute dirusari hori Stellantisek iaz izandako «emaitza onengatik». Taldeak 18.625 milioi euroren irabazia izan zuen iaz, 2022koa baino %11 handiagoa hain zuzen.
Hiru langile horiek eta beste askok gaur goizean Bilbon egindako protestan parte hartu dute. Jaurlaritzaren egoitzaren aurretik irten dira, eta Industria Sailaren aurreko plazaraino joan. Deialdia LAB eta ESK sindikatuek egin dute, eta Bizkaiko hirurogei enpresetako langile batzordeen babesa jaso dute. Martxan, Jaurlaritza kritikatu dute, haien ustez ez baitu itxiera eragozteko «inolako konponbiderik», eta exijitu diote langileak defenda ditzala eta ez ditzala bete multinazionalen eskakizunak.