Stef konpainiak produktu izoztuak Europara bizkor bidaltzeko zentro logistiko bat ireki du Oiartzunen

Plataforma berriari esker, gehienez 72 ordutan iritsiko dira produktuak Europako 30 herrialdetara. 53 lanpostu sortu ditu zentro logistikoak.

Stef taldearen plataforma logistiko berria Oiartzungo Lanbarren poligonoan. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Stef taldearen plataforma logistiko berria Oiartzungo Lanbarren poligonoan. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
Oiartzun
2025eko martxoaren 26a
17:55
Entzun 00:00:0000:00:00

72 ordu. Hori da, gehienez, Stef taldeak produktu izoztuak Oiartzundik Europako hiri nagusietara bidaltzeko beharko duen denbora. Horretarako, Frantziako konpainiak plataforma logistiko berri bat ezarri du Oiartzungo Lanbarren industrialdean (Gipuzkoa); gaur inauguratu dute. «Mugatik kilometro gutxi batzuetara dago, eta, kokapen estrategiko horri esker, eta Stef Irun Internacional plataforma gertu dagoela kontuan hartuta, are gehiago hobetuko dugu gure ahalmen logistikoa», azaldu du Fabrice Carrek, Stef Iberiako zuzendari nagusiak. 

Azpiegitura berriak 10.000 metro koadro baino gehiago ditu, eta hamabost zamaleku. 53 lanpostu sortuko ditu guztira. Gainera, garraiorako eta biltegiratzeko irtenbide berriak eskaintzeko diseinatuta dago.

Enpresak harreman esklusiboa ezarri du merkantzien nazioarteko garraioan, aduanen kudeaketan eta aholkularitzan zerbitzuak ematen dituen Irungo Omnium enpresarekin. Izan ere, produktuak errazago bidali nahi ditu Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetara, bereziki Erresuma Batura. «Plataforma berri honek funtsezko helburu bat betetzen du; gure bezeroen beharrei erantzutea, alegia, beren produktuak 30 herrialde baina gehiagotara bidaltzen laguntzen dielako». 

Oinarrizko estrategiak

Stanislas Lemor Stef taldeko presidenteak nabarmendu duenez, 80ko hamarkadaren amaieran sortu zen Stef enpresa Frantzian, eta beste herrialde batzuetara hedatu zen gero—tartean Euskal Herrira—, gero eta handiagoa zelako «tenperatura kontrolatuko» elikagaientzako konponbide logistikoen eskaera.

Azaldu duenez, gaur egun ia 25.000 langile ditu Europan zehar barreiatutako hirurehun zentro baino gehiagotan. Bere taldearen lorpenez harro azaldu da: «Elikagaien tenperaturan oinarritutako merkatuan onenak izatea izan da gure helburu nagusia». 

Enpresak izan duen hazkundea «funtsezko ezaugarrien» bidez lortu dutela onartu du Lemorrek. Lehenik, enplegatuei kapitalean parte hartzeko aukera eman diete. «Akzioen %74 langileen eta zuzendaritza taldearen esku daude, eta, horrela, luzera begirako inplikazioa eta enpresarekiko konpromisoa bermatzea lortzen dugu».

Bigarrenik, beren ondasun higiezinen jabe izatea erabaki zuten. Europan dituzten zentroen %75 taldearenak dira.

Hirugarren ezaugarri bat ere aipatu du Lemorrek: kudeaketa eredua. Europan dituzten zentro guztietan zuzendari bat dute. «Horrek enpresa izpiritua garatzen laguntzen du, eta zentro bakoitzak langileen eta bezeroen beharrei hobeto erantzungo diela bermatzen du». 

Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den proiektua herriarentzat. «Funtsezkoa da enpresek beren ingurumen inpaktua murrizteaz arduratzea eta gure lurraldearekiko interesa agertzea, euskara erabiliz, adibidez», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.