Stadler gehitu da Euskal Herrian lantegia itxi nahi dutenen zerrendara. 2024ko uztailetik hartzekodunen konkurtsoan dago Oñatiko enpresa (Gipuzkoa), galerei eta zorrei aurre egiterik ez zuela argudiatu baitzuen. Orduz gero enpresa salbatuko lukeen inbertsiogilerik agertu ez denez, orain enpresa likidatu egin nahi dute, eta han aritzen ziren 58 langileak kaleratzeko erregulazio espedientea abiatu duela jakinarazi du ELA sindikatuak.
1969an sortutako enpresa bat da Stadler, eta osagai metaliko sinterizatuak egiten ditu, batez ere autogintzarako. Haren jabea Asier Aranzabal enpresaburua da, Flama Cardia sozietatearen bitartez.
ELAk zuzendaritzaren «kudeaketa kaskarrari» egotzi dio Stadlerren itxiera. «Ez da egun batetik bestera gertatutako kontua, eta enpresak ez ditu egoeraren azalpenak gardentasunez adierazi. Itxiera honen ardura enpresarena da, eta beste behin, ondorioak pairatzen dituztenak langileak dira», ziurtatu du ELAk, agiri baten bitartez.