Kriptodiru egonkorra, tokia irabazten

AEBetako Kongresuan kriptodiru egonkorren inguruko araudia onartzekotan dira. Kriptodiru mota horrek, arrisku handiak izan arren, bidea errazago izango du finantza merkatu eta erakunde tradizionaletan sartzeko.

Kriptodiruak salgai Bitcoin ATM makina automatiko batean, tartean USDT eta USDC kriptodiru egonkorrak. ALLISON DINNER / EFE
Kriptodiruak salgai Bitcoin ATM makina automatiko batean, tartean USDT eta USDC kriptodiru egonkorrak. ALLISON DINNER / EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kriptozaleen pozgarri, Donald Trumpek beste urrats bat egin du kriptoaktiboak legitimatzeko eta sustatzeko. Joan den astean iragarri zuen AEBetako Kongresuari aginduko diola kriptodiru egonkorren inguruko «zentzuzko» arauak ezarri eta merkatu egitura sortzeko legedia egiteko. Handia izango omen da; «big, tremendous» eta auto saltzaile estatubatuarrek erabiltzen dituzten adjektibo horiek guztiak kriptodiruei gorazarre egiteko erabiltzen ditu AEBetako presidenteak.

Zer dira kriptodiru egonkorrak?

Kriptodiru mota bat dira, hau da, aldakortasunik gabeko diru digitalak. Helburua hauxe baita: ez ditzatela gorabehera handiak izan, bitcoinak dituen moduan. Horretarako, kriptodiru egonkorren balioa aktibo edo aktibo sorta egonkor bati lotzen zaio, adibidez, dolarrari edo euroari.

Alegia, Tetherren USDT kriptodiru egonkor batek dolar estatubatuar bat balio du praktikoki. Eta gauza bera gertatzen da USDC eta USDS kriptodiru egonkorrekin ere, dolar bat balio dute eta. Aldiz, Tether Euro kriptodiru egonkorraren balioa euro batekoa da.

Egonkortasun horretarako, teorian behintzat, kriptodiru mota horren jaulkitzaileek fiat dirua edo aktibo seguruak erosten dituzte, kasu gehienetan AEBetako Altxorreko bonuak.

Eta egon badaude, hori bai, ondasun jakin bati kidetutakoak ere —urreari, petrolioari...—, eta beste kriptodiru batzuei lotutako kriptodiru egonkorrak ere.

Funtsean, kriptodiru egonkorren prezioa hari lotutako diru edo ondasunaren prezioaren baliokidea da. Ondorioz, haren merkatu balioaren araberako fluktuazioa izaten du kriptodiruak ere: oso gutxi.

Zertarako balio dute?

Batez ere beste kriptodiruen operazioetarako erabiltzen dira, zubi egonkorrago gisa. Baina The Economist-ek kontatzen duen bezala, erabilera praktikoagoak ere topatu dizkie jendeak kriptodiru egonkorrei. Etorkinek sorterrira diru bidalketak modu errazagoan egiteko bide bilakatu dira, eta aurrezkirako eta erreserbarako balore dira inflazio oso handiko herrialdeetan, dolarrak bete izan duten tokia hartuta.

Zertarako arautu nahi dituzte?

Kriptodiruak hasieran banku zentraletatik aske izateko diru gisa jaio ziren, baina, indarra hartuz joan direnean, legitimazio bila hasi dira. Kriptodiruek haien hedapenerako araudi eta merkatu egitura ofizial bat izateko bide salgarriena dira, printzipioz, kriptodiru egonkorrak. Hain zuzen, eta batez ere, inbertsio instituzionalak, bankuen eta antzekoen inbertsioak erakartzeko sortu ziren kriptodiru egonkorrak, kriptodiru seguruagoak direnak.

Kriptodiruen inguruko industriaren aspaldiko guraria izan da erregulazioa, eta oraintsu arte AEBetako Gobernuak jarritako oztopoak desagertu egin dira Trump Etxe Zurira itzuli denean. Itzulera horretarako, hain zuzen, Trumpen kanpainan dirutzak jarri zituen kriptodiruen industriak. Hain artean daude ere euren kriptodiru egonkorrak jaulki nahi dituzten X (Elon Musk) eta Meta (Mark Zuckerberg) ere.

DONALD TRUMP, BITCOIN
PABLO GIANINAZZI / EFE
Eta zer irabazten du Trumpek horrekin?

Besteak beste, Trump familiak berak ere, etika guztiak antzarak ferratzera bidalita, lortu nahi du mozkinik aro berrian kriptodiruek izan dezaketen loralditik. Bloomberg-ek argitaratu berri du trumpdarren World Liberty Financial enpresak elkarrizketak izan dituela Binance kriptodiruen salerosketarako plataformarekin, nonbait, kriptodiru egonkor bat jaulkitzeko. World Liberty Financialen etekinen hiru laurden doaz trumpdarrengana.

Binanceren sortzaileak, Changpeng Zhaok, erruduntzat jo zuen bere burua, ez zuelako eragotzi terroristek, haur-abusatzaileek eta zigorpeko herrialdeek plataformaren zerbitzuak erabiltzea. 2023an auzipetu zuten Binance, diru zuriketagatik, eta 4.300 milioi euroko isuna jarri zioten. Zhaok lau hilabete egin zituen errehabilitazio zentro batean, eta, diotenez, Trumpek indultua ematea nahi du.

Ba al dute arriskurik kriptodiru egonkorrek?

Banku zentralek desabantailak izango dituzte, baina abantaila batzuk ere badituzte. Adibidez, AEBetan eta Europan herritarrek bankuan dituzten gordailuak bermatuta daude kopuru jakin bateraino.

Kriptodiruek, ordea, ez dute halakorik, ezta kriptodiru egonkorrek ere. Teorian, haien erreserbak dituzte, baina, adibidez, Tether-ek ez du auditoriarik egiten, eta esan du bere erreserben %72 (113.000 milioi dolar) iraupen txikiko AEBetako Altxorreko bonuetan dauzkala. Non ditu horiek? Ez dago argi. Zalantza hor dago: Tetherren aktiboak ez ote diren arriskutsuagoak izango; bitcoinak, adibidez.

Tetherren USDTk kriptodiru egonkorren jarduera osoaren %70 hartzen du, eta erreserbak inbertitzetik ateratzen du mozkina. Konpainia El Salvadorren dago erregistratuta. Eta TRM Labs blockchain konpainiak azaldu zuen Tether transakzio asko legez kanpoko jardueren parte zirela. Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, dirua zuritzeko bide gogokoena dira Asia hego-ekialdean.

Circle eta bere USDC kriptodiru egonkorra dira Tetherren lehiakiderik handienak. Konpainia estatubatuarra da, eta auditoriak egiten ditu bere aktiboez.

«Finantza krisiak AEBetan sortzen dira, eta gero mundu guztira hedatu. Kriptoaktiboak eta bankuetatik kanpoko finantzak sustatuta, Ameriketako Estatu Batuetako administrazioa bidea zabaltzen ari da etorkizuneko inarrosaldietarako»

FRANÇOIS VILLEROY DE GALHAUEuropako Banku Zentraleko kidea
Arriskua dira inbertitzaile ez direnentzat?

Dena delakoagatik Tetherrek Altxorreko bere bonuak likidotu behar izanez gero, finantza merkatuak aztoratuko lituzke, zalantzarik gabe.

Hori bai, beste kezka bat ere bada: kriptodiru egonkorrak arautuz gero, zenbateraino nahastuko diren finantza sistema tradizionalarekin. Europak kezkaz begiratzen die Trumpek kriptodiruekin darabilzkien dantzei, besteak beste beldur delako ez ote den hortik etorriko hurrengo finantza larrialdia.

François Villeroy de Galhau Frantziako Bankuko gobernadore eta EBZko kontseiluko kidearen ustez, «AEBek arriskua dute berriz ere arduragabekeriaren bekatuan erortzeko». Eta kaltea hedatu daitekeela dio. «Finantza krisiak AEBetan sortzen dira, eta, gero, mundu guztira hedatu. Kriptoaktiboak eta bankuetatik kanpoko finantzak sustatuta, Ameriketako Estatu Batuetako administrazioa bidea zabaltzen ari da etorkizuneko inarrosaldietarako».

Europak nola arautuko ditu kriptodiru egonkorrak?

Europako Batasunak onartu berri du du bere MiCA legedia, eta hilabete batzuk pasatuko dira hartara egokitzeko. Kriptodiru egonkorrak behartu egiten ditu aktiboak erreferentziazko diruaren balio berarekin sostengatuak izateko. Jaulkitzaileak, gainera, itzultze plan bat izan behar dute zailtasun egoeretarako. Beharturik daude ere haien erreserben %60 bankuetan edukitzera.

Tetherrek ez ditu baldintza horiek betetzen, eta ez du ere horretarako asmorik agertu. Ondorioz, salerosketa plataformek zerrendetatik kendu dute Europan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.