Sozietateen zergaren gutxieneko tasa %25era igotzeko eskatu du ELAk

Zerga erreforma sakon bat egiteko borondate falta leporatu die alderdiei. Manifestaziora deitu du Bilbon eta Iruñean.

Leire Gallego ELAren Gizarte Ekintzako arduraduna, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Aitor Murgia Ikerketa ...
Leire Gallego ELAren Gizarte Ekintzako arduraduna, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Aitor Murgia Ikerketa Bulegoko arduraduna, gaur. ELA
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 3a
13:25
Entzun

ELAk uste du zerga erreforma sakon bat egiteko garaia dela, baina salatu du instituzioak eta alderdiak ez direla bide horretan ari, eta «borondate falta» egotzi die. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunak hasiak dira lanean, eta, eztabaida horretan eragiteko asmoz, bere proposamen nagusiak aurkeztu ditu sindikatuak. Horrekin batera, bi manifestazio iragarri ditu: azaroaren 16an Bilbon eta abenduaren 13an Iruñean.

ELAren proposamenen artean, haren eskaera historikoetako bat azaltzen da: sozietate zerga —enpresen irabaziei aplikatzen zaiena— %25ekoa izatea gutxienez eta «salbuespenik gabe». ELAk beste behin gogoratu du Hego Euskal Herrian egoitza fiskala duten enpresak egungo araudiek zehaztutako kopuruetatik oso behera ordaintzen ari direla, eta horrek kalte handia dakarkiela aurrekontu publikoei.

Bilbon egindako agerraldi batean azaldu ditu bere eskaera nagusiak sindikatuak. Sozietate zergaren erreformarekin batera, ondare zerga handitzea eskatu du, eta PFEZa aldatzea, batez ere errenta handien zerga tasak eta tarteak handitzeko, eta aurrezki errentei aplikatzen zaien tarifa kentzeko, «askoz ere txikiagoa» baita.

ELAk nabarmendu du zerga bilketak Hego Euskal Herriko ekonomian duen pisua «Europako batezbestekoaren oso azpitik» dagoela. Aitor Murgia Ikerketa Bulegoko arduradunaren arabera, EAEn urtero ekoizten den aberastasunaren %32,8 biltzen da zergen bidez, eta Nafarroan, %33,7; Europako batezbestekoa %40,2koa da. «Hemen Europako presio fiskala aplikatuko balitz, diru kutxa publikoek 6.417 milioi euro gehiago sartuko lituzkete urtean EAEn, eta 2.023 milioi gehiago Nafarroan».


500 milioi gutxiago iaz

ELAren arabera, sozietate zergak islatzen du hobekien galera hori. Hego Euskal Herrian egoitza fiskala duten enpresek euren irabazien %9 baino ez dute ordaintzen batez beste. Gaur egun, EAEn gehienezko tasa %24koa da, eta gutxienekoa, %17koa, baina salbuespen batzuk daude. Sindikatuaren arabera, enpresa askok —handienek bereziki— hortik oso behera edo ezer ez dute ordaintzen beren irabaziengatik.

Hala, ondorioztatu du iaz foru ogasunek 2007an baino 500 milioi gutxiago bildu zituztela kontzeptu horrengatik, «nahiz eta ordutik hona enpresen mozkinek gora egin duten». Beste adibide bat jarri du ELAk: 2007an, sozietateen zerga Hego Euskal Herriko BPG barne produktu gordinaren %3 zen; ehuneko horri eutsiko balitzaio, gaur egun 1.450 milioi euro gehiago bilduko lituzkete ogasunek: 1.145 milioi gehiago EAEn eta 305 milioi Nafarroan.

ELA-REN PROPOSAMEN BATZUK

  1. Sozietateen gaineko zergaren tasa %25ekoa izatea gutxienez eta salbuespenik edo kenkaririk gabe.

  2. Enpresen gehiegizko mozkinengatiko zerga bat ezartzea.

  3. Ondare zerga handitzea: besteak beste, tarifa bikoiztea eta %1 eta %10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea.

  4. Errenta handienen zerga tasak handitzea. Azken urteetako beherapenak atzera botatzea eta gutxienez %66an kokatzea —gaur egun %49koa da EAEn, eta %52koa Nafarroan— , eta milioi bat eurotik gorako errenta dutenei % 80ra igotzea aztertzea.

  5. PFEZaren tarteak gehitzea, progresibotasun handiagoa lortzeko.

  6. Kapital errentetan tarifaren dualtasuna ezabatzea, edo, bestela, tasa handiagoa ezartzea.

  7. BGAE eta pentsio planetan, zerga oinarriaren murrizketak urteko 1.500 eurora mugatzea, lehentasunezko BGAEetan izan ezik; horietan, 3.000 euro urtean.

Egun, aldundiak eta batzar nagusiak zerga erreforma bat prestatzen ari dira, baina ez dirudi sozietate zerga ukitzeko asmorik dutenik. Hala uste du ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak: «Ahaldun nagusiek adierazi dutenez, erreformak ez dio enpresen lehiakortasunari kalte egingo, baina politika fiskalaren lehentasuna aberastasunaren banaketa izan behar litzateke, eta ez enpresen lehiakortasuna».



ELAk bezala, Confebask patronalak ere egin ditu bere proposamenak, baita sozietate zergari buruzkoa ere. Kasu horretan, gutxieneko ordainketa %17tik %15era murriztea galdegin du. Horrekin batera, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, hainbat zerga arintzea eta ondarearen gainekoa kentzea eskatu du patronalak.

Herritarren bizkar

Foru gobernuetan agintzen duten alderdien jarreraz gain, oposizioarena ere kritikatu du Lakuntzak, eta, bereziki, EH Bildurena, Gipuzkoan zerga erreformarako oinarri izango diren txostenak babestu dituelako. «EAJren eta PSEren politika fiskal atzerakoia ezagutzen dugu dagoeneko.

 Horrelako akordioekin, ezkerrak bertan behera uzten du politika birbanatzailea, eta sortutako aberastasuna lehiatzeari eta uko egiten dio zerbitzu publikoak hobetzeko baliabide gehiago biltzeari, zerga gehienak langile klasearen gain jarrita».

Horren harira, Murgiak azaldu du «langile klaseak» eusten diola zerga sistemari: «Enpresek gero eta ekarpen gutxiago egiten dute; aldiz, zerga zuzenetan hamar eurotik zazpi lan errentetatik jasotzen dira». Murgiaren arabera, gaur egun, lan errentek 2007an baino 2.500 milioi gehiago ematen dizkiete aldundiei.

Horretan zerga iruzurrak duen pisua nabarmendu du ELAko kideak. Haren hitzetan, enpresaburuek aldundiei aitortzen diete soldatapekoek baino 9.400 euro gutxiago irabazten dutela urtean, eta, datu ofizialen arabera, EAEko hamar enpresatatik seik galerak edo 6.000 eurotik beherako irabaziak dituztela. «Beharrezkoa da behingoz soldata ez diren errenta guztiak ikuskatzea, ikuskapen faltak iruzurra sustatzen baitu».

BIZKAIAK ENPRESA ENERGETIKOAK «LAGUNDUKO» DITU

Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak aurreratu duenez, zerga erreforma bat lantzen ari dira, besteak beste, Bizkaira «kapital kopuru handiak behar dituzten jarduerak» erakartzeko, bereziki, trantsizio energetikoari lotutakoak. Aldiz, baztertu egin du energia enpresa handien mozkinen gaineko zerga berezi bat ezartzea.

Petronorrek antolatutako hitzaldi batean, esan du administrazio publikoaren lana «trantsizio energetikoari lotutako negozioen garapena bultzatuko duen ekosistema bat» sortzea dela, eta, bere iritziz, fiskalitatea horretarako «tresna boteretsua» da, «betiere modu adimentsuan eta ekitatiboan aplikatzen bada» eta lege esparru «egonkor eta aurreikusgarri» baten bidez egiten bada.

Inbertsioak erakartzeaz gain, Berrojalbizek adierazi du kenkariak ezarriko dituztela, besteak beste, Bizkaiko industriaren deskarbonizaziorako eta zero isuriko ibilgailuak eta kargarako guneak jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.