Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken urteotan ezarri dituzten zerga politikak aztertu ditu LABek, eta «behar baino diru gutxiago» biltzen dutela ondorioztatu. Hego Euskal Herriko presio fiskala, esaterako, 7,1 puntu txikiagoa da EBkoarekin alderatuta. Ekarpenaren zatirik handiena, gainera, langileek ordaintzen dute. Sindikatuaren iritziz, horrek «kolektiborik zaurgarrienen» zama handitzen du, kapitalari mesede egin eta zerbitzu publikoak ahultzen dituelako. Zerga politikaren «benetako erreforma estrategikoa» egiteko ordua dela uste du LABek.

Ikusi gehiago:Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Jaurlaritzak 11.000 milioi euro bildu zituen iaz zergen bidez. LABen arabera, presio fiskala EBkoaren parekoa balitz 4.600 milioi euro gehiago izango lituzkete, garbi, «zerbitzu publikoak indartzeko». Endika Perez sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradunak gaineratu duenez, sozietateen gaineko zergaren bidez jasotakoa apaldu egin da 2007az geroztik: 2.500 milioi euro bildu zituen urte hartan, eta 1.800 milioi baino gutxiago iaz.

PFEZ errenta zergari dagokionez, handitu egin da lan errenten ekarpena: 5.000 milioi euro bildu ziren 2007an, eta 7.591 milioi iaz. Kapitalaren errentaren ekarpena, berriz, berdintsua da azken urteotan: 416 milioi eurokoa izan zen 2007an, eta 415 milioikoa iaz.

Sindikatuak salatu du EAJk eta PSE-EEk uko egin ziotela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Fortuna Handien Aldi Baterako Elkartasun Zerga ezartzeari; Nafarroako Gobernuak, kontrara, martxan jartzea erabaki zuen. Hiru milioi eurotik gorako ondarea dutenek ordaindu behar dute zerga hori. Hiru eta bost milioi euro artean dituztenek %1,7ko ekarpena egin behar dute, bost eta hamar milioi euro artean dituztenek %2,1ekoa eta hamar milioi euro baino gehiago dituztenek %3,5ekoa.

LABen arabera, egungo zerga sistemak EAJren eta UPNren «eredu ekonomiko eskuindarrak» indartzen ditu. Hala azaldu du Arroyok: «EAJk atzera bota zituen EH Bilduk Gipuzkoan egindako aldaketa urriak, eta Nafarroako Foru Komunitateak azken bi legealdietan egin dituen aldaketak ez dira nahikoa izan».

Aldatu beharrekoak

Sozietateen gaineko zergaren ekarpena, esaterako, %1,2koa da Hego Euskal Herrian. «Europako azkenak gara, Lituaniarekin batera», ohartarazi du Perezek. Espainia eta Frantzia ere aurretik doaz: %2,7ko ekarpena biltzen du lehenengoak, eta %2,9koa bigarrenak. Norvegiak, berriz, %10eko ekarpena jasotzen du sozietateen gaineko zergaren bidez.

Horren harira, zerga politika aldatzeko hainbat proposamen egin ditu LABek. Batetik, %1 eta %10 arteko errekargua jarri nahi die kapital errentei, «egiten duten ekarpena txikiegia delako». Bestetik, sozietateen gaineko zergaren kenkariak ezabatu nahi ditu, eta %35eko interes tasa nominala jarri. Azkenik, kapital eta lan errentak berdindu nahi ditu, eta, horretarako, gehieneko interes tasa %60ra igo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.