Sozietate zerga %17tik %15era jaisteko eskatu dio Confebaskek Jaurlaritzari

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko, hainbat zerga arintzea eta ondarearen gainekoa kentzea proposatu du patronalak. Kalitatezko enplegua zehaztu du: 27.000 euro urtean, eta lantaldearen %75 finko egotea.

Tamara Yague Confebaskeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Tamara Yague Confebaskeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 16a
15:10
Entzun

Confebask enpresari elkarteak «lehiakortasuna hobetzeko» zerga sistema bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Hurrengo asteazkenean da biltzekoa Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, eta zerga bilketarekin harremana duten hamabost eskaera helaraziko dizkio. Tartean daude, besteak beste, sozietate zerga —enpresen irabaziei aplikatzen zaien zerga, alegia— %17tik %15era murriztea, eta ondare zerga indargabetzea. Beste neurrietako bat da hainbat kenkari handitzea.

Confebasken ustez, udazkenean sakonduko da zerga erreforman, eta hara begira egin ditu proposamenak. Egun, aldundiak eta batzar nagusiak erreforma prestatzen ari dira, eta ez dirudi sozietate zerga ukitzeko asmorik dutenik. Eskaeraren beste aldean daude sindikatuak, haiek zerga hori handitzeko eskatu dute. ELAk, esaterako, langa gutxienez %25era igotzea proposatu izan du.

«Ez dugu gutxiago ordaindu nahi, hobeto baizik», laburbildu ditu eskaerak Tamara Yaguek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak biltzen dituen patronaleko presidenteak. Euskal enpresak «mundu lehiakor batean» murgildu behar dira, eta ekonomia ituna lehiakortasun hori hobetzeko tresna bilakatzea nahi dute. «2008ko krisiaz geroztik, euskal ekonomia eurogunekoa eta Espainiako erkidego autonomoetakoa baino gutxiago hazi da. Lehiakortasuna handitzeak hazkunde handiagoa eragingo du», iragarri du.

Confebasken eskaeretako batzuk

  1. Sozietateen gaineko zergaren gutxieneko ordainketa %17tik %15era murriztea.

  2. Erregistratutako galeren kenkariaren muga ezabatzea. Egun, zerga oinarriaren %50ean dago.

  3. Ondarearen gaineko zerga kentzea.

  4. Errenta tarteak inflazioaren zenbateko errealean deflatatzea, eta errenta tasa marjinalak Europako eta Espainiako autonomia erkidego batzuetako tasetara egokitzea.

  5. Start-up-etan izandako galeren monetizazioa baimentzea, I+Garen ondoriozko kenkarian baimentzen den bezala.

  6. Berrikuntzarako pizgarri fiskalaren erakargarritasuna hobetzea. Egun, %15ean dago.

  7. Kalitatezko enplegua sustatzeko kenkari berri bat sortzea, eta enpleguko BGAEetarako ekarpenetarako zerga kenkariak jartzea.

  8. Deskarbonizazioari lotutako kenkari berri bat sortzea.

Patronalak nabarmendu du ez duela gutxiago ordaindu nahi, baina eskaera guztiak norabide horretan doaz. «Fiskalitatean lanean jarraitu behar dugu gehiago hazteko. Inguruko herrialdeak baino gutxiago hazten ari gara», argudiatu du Eduardo Aretxaga enpresari elkarteko zuzendari nagusiak. Eta zehaztu du, haren ustez, neurriak ez direla hain zorrotzak: «2000. urtetik zerga bilketa hazkunde ekonomikoa baino gehiago hazi da, eta buelta eman behar zaio. 15.000 milioi biltzen dira urtean; gure neurriek ez dute bilketa hankaz gora jarriko»

Soldata duinaren ezaugarriak

Kenkariei dagokienez, deskarbonizazioa, berritasuna eta kalitatezko enplegua sustatzeko, zergak jaisteko eskatu dituzte. Alde horretatik, Yaguek zehaztu egin du eskaeran zer jo duten kalitatezko enplegu gisa: «Hitzarmenean gutxieneko soldataren %170eko diru saria, lantaldearen %75ek kontratu mugagabea izatea, ezbehar tasa Osalanen batezbestekoa baino bost puntu txikiagoa izatea eta berdintasun planak izatea».

Eta zenbatekoa litzateke soldata duin hori? 26.989 euro gordin urtea,n hamalau ordainketatan banatuta —Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.134 euro gordin dira—.

«2000. urtetik zerga bilketa hazkunde ekonomikoa baino gehiago hazi da. 15.000 milioi biltzen dira urtean; gure neurriek ez dute zerga bilketa hankaz gora jarriko»

EDUARDO ARETXAGAConfebaskeko zuzendari nagusia

Confebaskek urteroko batzar orokorraren ondoren egin ditu eskaerak, Bilbon. Batzar horretan enpresariek euren kezkak plazaratu dituzte, eta bi dira nagusiak: absentismo «tasa handia», eta langile eta talentu falta. Absentismoaz hitz egitean, ohiko argudioak plazaratu ditu, eta lehiakortasunari kalte egiten diotela errepikatu du. Hori bai, Yaguek onartu du gaiaren inguruan asko egin dela aurrera elkarrizketa sozialaren mahaian, eta azaroan plazaratzen duten urteroko txostena absentismoari buruzkoa izango dela aurten.

Eskulanari dagokionez, atzerriko langileak erakartzeko trabak identifikatzeko eskatu du. Zerga sistema alde nahi dute, baina beste oztopo batzuk izendatu dituzte: burokrazia, etxebizitza... «Etxebizitza arazo handia da, eskaintza handituko duten politikak bultzatu behar dira, eta neurriko prezioak ezarriko dituztenak». Euskal Herriko gazteei dagokienez, azaldu du deskonexio handia dagoela haien ikasketa aukeren eta lan merkatuen beharren artean.

«Etxebizitza arazo handia da kanpoko langileak erakartzeko, eskaintza handituko duten politikak bultzatu behar dira, eta neurriko prezioak ezarriko dituztenak»

TAMARA YAGUEConfebaskeko presidentea

Lan gatazkei buruz ere mintzatu da, eta salatu du gatazkakortasuna «estrukturalki handia» dela, eta 2019an geroztik hazi egin dela, «nahiz eta Euskadin Espainian baino lan baldintza nabarmen hobeak dauden». Confebasken iritziz, gatazka giroak inbertsioak urruntzen ditu, eta aurrerabide «ekonomikoari eta bizikidetzari» kalte egiten dio.

Azkenik, elkarteak urte amaierarako bere iragarpenak egin ditu. EAEko BPGa aurten %2 handituko dela kalkulatu du, langabezia tasa %7tik jaitsiko dela, eta urtean zehar 16.000 lanpostu berri sortuko direla. «Zerbitzuak oso indartsu daude, eta enplegua sortzen dute; industriak, aldiz, Europaren galga nozitu du. Dena den, iragarpenen arabera, hilabeteek aurrera egin ahala egoera hobetuz joango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.