Buruzagitza berria hautatzeko prozesua hasi du Euskadiko CCOOk. Idazkari nagusi berria eta zuzendaritzako beste karguak zehazteko XI. Kongresua egingo dute ekainaren 1ean eta 2an, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Aurrerantz lelopean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 300 ordezkari bilduko dira bi egunetan. Unai Sordo egungo idazkari nagusiak ez du bere burua aurkeztuko, Espainiako CCOOko buruzagitza hartuko baitu uztailean. Haren ondorengoa aukeratzea izango da lan nagusietako bat, hortaz. Maiatzaren 15ean egingo duten kontseilu nagusian zehaztuko dute nortzuk izango diren idazkaritza orokorrerako hautagaiak. Sordok uste du «adostasun zabala» lortuko dutela bertan.
Zuzendaritza berria aukeratzeaz gain, aurrerantzean jarraituko duten «ildo politiko sindikal berria» ere zehaztuko dute Gasteizko biltzarrean. Sordok adierazi zuenez, «laneko prekaritateari» aurre egitea izango da sindikatuak hurrengo lau urteetan jarraituko dituen ildoetako bat. Aldarrikapenetan eta ekintza sindikaletan «erasoari» ekiteko deia ere egin zuen Sordok, azken urteetan soldatak eta gehiengo sozialaren lan baldintzak «kaskartu» direla ikusita. Zuzendaritza berriaren hautaketa «adostasunez» egiteko prozesu demokratikoa bermatuta dagoela ziurtatu du.
Emakume afiliatuek, gora
Mari Cruz Vicente Euskadiko CCOOko Ekintza Sindikaleko arduradunak iragarri zuenez, biltzarrean parte hartuko duten ordezkarien %40 emakumeak izango dira. «Sindikatuan izena emanda dauden emakumeen kopuru bera da hori», azaldu du. Gainera, azken urteetan emakumeen afiliazioak %3 hazi direla ere azpimarratu zuen. Sabino Santolalla Antolakuntza idazkariak uste du horrek CCOO indartzen duela. Sordoren arabera, baliteke idazkari nagusi berria emakumea izatea. «Oraingoz, idazkaritza nagusirako ditugun hautagaien artean, gizonak baino gehiago dira emakumeak».
CCOOk 46.221 afiliatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.305 ordezkari hiru lurralde horietako lantokietan, ordezkaritzaren %18,89. Datu horiek LABekin «berdinketa teknikoa» dutela erakusten dutela eta, Santolalla oso baikor azaldu zen epe laburrera begira, eta adierazi zuen «litekeena» dela LABi aurrea hartutahiru herrialdeetako bigarren sindikatuaren tokia berreskuratzea «hemendik gutxira».
Azken lau urteetan «sakontasun handiko barne aldaketak» egin dituzte sindikatuan, Sordoren arabera; besteak beste, federazioen kopurua zazpira jaistea eta antolakuntza barruko sektoreak bateratzea. «Sindikatuaren egitura enpresetan izan diren antolakuntza aldaketetara moldatu behar dugu», dei egin zuen. Hori egin ondoren, hurrengo lau urteetarako ildoak zein izango diren ere zehaztu zuen. Besteak beste, adierazi zuen era prekarioan lan egiten duen jendeari sindikatuaren erabilgarritasuna erakutsi behar dietela, eta enpresetan prestakuntza eskaintzeko beharrezko baliabideak jarriko dituztela. «Pedagogia» egiteko gai izan behar dutela ere aldarrikatu zuen, sindikatu soziopolitiko gisa indartu daitezen.
Santolallak emandako datuen arabera, sindikatuaren diru sarreren %80 afiliatuen kuotetatik lortzen dute. Bestalde, nabarmendu du kontuak «onbideratuak eta ikuskatuak» dituztela.
Sordoren ordezkoaren bila
Euskadiko CCOOk XI. Kongresua egingo du Gasteizen, ekainaren 1 eta 2an, Sordoren ondorengoa hautatzeko. 46.000 afiliatu ditu, eta ordezkaritzaren %18,89 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu