Sordo: «ELA SEPLAren moduko sindikatua da, baina txapelarekin»

Sindikatu abertzaleek Madrilgo soldaten itunari emandako ezezkoa gogor salatu dute CCOOk, UGTk eta Confebaskek.Afiliatuak lortzeagatik langileen egoera okertzea egotzi dio Sordok ELAri

Raul Arza (UGT) eta Unai Sordo (CCOO), artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Tontakeriak». Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren arabera, kalifikazio hori besterik ez du merezi Madrilen lortutako akordioari ELAk eta LABek emandako erantzunak. Itunak are handiago egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte eragileen arteko arrakala, eta eztabaidaren tonua gehiago ozpindu du. ELAren iritziz, Madrilen hitzartutakoa «umiliagarria» da; Sordoren ustez, sindikatu nagusiaren erantzunak erakusten du ELA «SEPLAren moduko» sindikatu bat dela, «baina txapelarekin». Espainiako pilotuen sindikatu nagusia da SEPLA, eta ez du ospe onik beste erakundeen artean, interes orokorren gainetik interes korporatibistei lehentasuna ematen dielakoan. UGT-Euskadik eta Confebaskek ere salatu dute ELAren eta LABen ezezkoa. «Arduragabeak» deitu die Raul Arza UGTko idazkariak, eta «errealitatetik kanpo bizitzea» egotzi die Miguel Angel Lujuak.

Asteartean, Espainiako patronal nagusiek (CEOE eta Cepyme) eta sindikatu handienek (CCOO eta UGT) enplegurako eta negoziazio kolektiborako III. akordioaren oinarriak adostu zituzten. Soldata igoerei buruzko gomendioak agertzen dira itun horretan; zehazki, aurten soldatak %1 arte igotzea, eta %1,5 2016an. Itun hori Euskal Herrira ekartzearen aurka mintzatu dira ELA eta LAB. Azken horrek ez du erreferentzia gisa onartuko negoziazioetan, ez duelako bermatzen galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea. ELAk, berriz, ziurtatu du Madrilen hitzartutakoa «hutsala» dela, ez duelako patronala soldatak igotzera derrigortzen. «Hitzarmen kolektiboetako edukiak negoziazio mahaietan adostutakoak izango dira aurrerantzean ere», esan du ELAk.

Kritika zaparrada

Bi sindikatu abertzale nagusien analisiari kritika zaparrada batekin erantzun zieten atzo beste eragile ekonomikoek. Gogorren Sordo aritu zen, Bilbon: «Euskal langileei hitzarmen kolektiboak lapurtzeko estrategia bat dago, ELAk bultzatutakoa, eta, modu akritiko batean, baita LABek ere». Sordoren iritziz, negoziazio kolektiboa «txikitu» nahi dute sindikatu abertzaleek eta bereziki ELAk, interes berekoien alde: afiliatu gehiago lortzea, alegia. «Lan hitzarmenen bidez, aplikazio orokorreko eskubideak ez daude; jendeari arazoak sortzen zaizkio, eta, egoera horietan, joera handiagoa dago sindikatu batean sartzeko; hori dago ELAren estrategiaren atzean, eta ez beste ezer». Horregatik, Sordok uste du ELA «SEPLAren moduko sindikatu bat» dela, «baina txapelarekin». Haren helburua da hitzarmenak sinatzea «soilik afiliatzen zaizkion pertsonentzat». «Sindikalismo korporatibista», ELA indartzea besterik nahi ez duena, «langileak babesik eta itunik gabe» uztearen truke.

CCOOko idazkari nagusiak gogorarazi zuen LHKren datuen arabera 2015eko lehen hiruhilekoan indarrean dauden hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %0,63 dela, hots, Madrilen aholkatutakoaren azpitik. «ELAk eta LABek oso poliki azaldu behar diete langileei zergatik den ona 150.000 pertsonari soldatak %0,63 igotzea, eta zergatik den txarra, berriz, [itunik gabeko] 550.000 pertsonari %1 igotzea. Bestela, langileak baboak direla esaten ari dira». Sordoren hitzetan, CCOOk ez du nahi Madrilen erabakitakoa «mimetikoki» hemen ezartzea, baina uste du erreferentzia izan zitekeela duela urte indarraldia amaitu zutenentzat.

«Zaharkituak»

Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusia ere haserre azaldu zen ELArekin eta LABekin, Madrilen hitzartutakoaren mamia ezagutu gabe kritikatu dutelakoan. «Arduragaberkeria iruditzen zait akordiorako aukerak baztertzea, batez ere ikusita enpresaz enpresako negoziazio kolektiboa, ELAren bandera, batez beste %0,58ko soldata igoera ekarri dutela». Enpresaz enpresako negoziazioa baztertu gabe, sektorekakoaren alde mintzatu zen Arza, eta, Madrilgo akordioaren ildotik, iragarri zuen akordioak lortzen saiatuko dela Confebaskekin eta haren barruko patronalekin.

Ahoan bilorik gabe hitz egin zuen Confebaskeko Lujuak sindikatu abertzaleen aurka: «Ez gaitu harritzen, baina gero eta tristeagoa da euskal gehiengo sindikalaren erantzuna, berriro ere, dena baztertzea eta hausten saiatzea izatea». Patronaleko buruak bere blogean idatzitakoaren arabera, jarrera «zaharkitua» da haiena, «ematen duelako ez direla ohartzen zein den enpresen eta langileen egoera etengabe aldatzen ari den mundu global batean».

Lujua saiatuko da Madrilgo ituna Gasteizko Gizarte Elkarrizketaren Mahaira eramaten.«Gure lan harremanen berezitasuna dela eta, zaila izango da Euskadira egokitzea antzeko akordio bat. Baina zaila izateak ez du esan nahi ez dugunik saiatu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.