«Enpresa kultura berria soldatak murriztea da», gaitzetsi du ELAk, soldaten bilakaerari buruz egindako azterketa aurkeztean. Gipuzkoako Aldundiak argitaratutako datuak eskuan, sindikatuak ondorioztatu du 2008tik 2017ra soldatek hamar puntuko galera izan dutela erosteko ahalmenean: tarte horretan soldatak batez beste %1,9 igo dira, eta kontsumo prezioen indizea, berriz, %11,8 handitu. Gainera, aztertutako azken urtean, 2016tik 2017ra, batez besteko soldata 79 euro apaldu zen, 24.485 eurotik 24.406ra.
Hala ere, soldata batzuek hamarkada hobea izan dute beste batzuek baino. «Desberdintasunek areagotuz jarraitzen dute». Horren erakusle: gehien jasotzen duen taldeak gehiago irabazi zuen, eta gutxien irabazten zutenen taldeak, aldiz, gutxiago. Soldata txikieneko biztanleen %10ek baino 60 aldiz gehiago irabazten dute diru sarrera handieneko %10ek. 2008. urtean, arrakala hori 38,9koa izan zen.
Arrakalak
Desberdintasuna pairatzen dutenen artean emakumeak daude. Azterketaren arabera, 2017. urtean soldatapeko emakume langileek 21.007 euroko ordaina jaso zuten, eta gizonek, berriz, 28.052 eurokoa; hots, %25,1eko soldata-arrakala zegoen. Azken hamar urteetako bilakaerari begira, gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko alde hori murriztu egin zen 2008tik 2013ra,%28,2tik %24,6ra. Baina ordutik arrakala atzera sakondu egin da.
Etorkinak —Espainiako nazionalitatea ez dutenak— dira soldatetan arrakala nozitzen duten beste talde bat. Gipuzkoako Aldundiaren datuen arabera, «espainiar estatuko nazionalitatea duten langileek» batez beste25.170 euroko soldata izan zuten, eta kanpoko nazionalitatekoek12.766 euro irabazi zituzten; %49,3ko arrakala, beraz.
Gazteen hileko batez besteko soldata, berriz, 526,7 eurokoa izan zen 2017an, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik oso —707,7 euro—.
Pello Igeregi ELAko arduradunak aldarrikatu du soldatak igotzeko «bide bakarra» protestak eta greba direla. «Pozik gaude oraintxe bertan greba ugari dauzkagulako martxan Euskal Herrian. Prekarizazioa balio estrategikotzat hartu duen patronal honen aurrean [Adegi], grebek erakusten dute langileak prest direla beldurrari aurre egiteko».
Soldaten erosahalmena hamar puntu apaldu da azken hamar urteetan
ELAk soldaten bilakaera aztertu du Gipuzkoako Aldundiaren datuekin. Desberdintasunak handitu egin dira krisian, baina baita ondoren ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu