Soldatak urte bakoitzeko 1.164 euro apaldu ziren 2008. eta 2020. urteen artean

ELAren arabera, azken urteetako inflazio handiaren aurretik ere Gipuzkoako langileek 14.000 euro galdu zituzten soldatak KPIa baino gutxiago igo zirelako

Garbitzaile bat lanean, Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

Gipuzkoako langileak %3,8 pobretu ziren batez beste 2008. eta 2020. urteen artean: 1.164 euro urteko. Alegia, azken bi urteetako inflazio datu handien aurretik ere langileek erosketa ahalmena galdu zuten. ELA sindikatuak eginiko ikerketa baten ondorioak dira, Gipuzkoako Aldundiak emaniko lurraldeko soldaten inguruko datuak eta KPIaren bilakaera gurutzatuz lorturikoak. Txostenak beste ondorio batzuk ere azaleratu ditu: batetik, errenta txikiena dutenak pobretu zirela gehien; eta, bestetik, soldata arrakala %23,3koa dela lurraldean.

 

ELAk zehaztu du Gipuzkoako datuekin bakarrik egin ahal izan duela txostena, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako ogasunek ukatu egin dietelako informazioa. Bildu Gipuzkoako Aldundiko agintean egon zenetik argitaratzen dira datu horiek. Horien arabera, 2020an Gipuzkoan 25.898 euro izan zen batez besteko soldata gordina, edo, beste galbahe bat eginda, 1.442 euro garbiko hamalau ordainketa. Mediana edo soldata ohikoena, berriz, 22.799 euro gordinekoa izan zen, 1.313 euro garbi hilean. Nabarmentzekoa da halaber, salbuespenak salbuespen, Gipuzkoako lan baldintzak Hego Euskal Herriko onenak izan ohi direla.

2008an, batez besteko soldata gordina 23.950 euro zen; beraz, 2020ra arteko tarte horretan %8,1 igo zen. KPIaren bilakaera, berriz, %12,3koa izan zen. Bi datuen bilakaera alderatuta, 4,2 punturen aldea dago, eta %3,8ko pobretzea. Eta zenbat da galera hori dirutan? Bada, 13.698 euro guztira, 1.164 euro urtero batez beste.

Pobretzeak, baina, ez die berdin eragiten maila ekonomiko guztiei. Txostenaren arabera, gizartean gehien irabazten duen hamarrenak soldata guztien %27,3 pilatu zuen 2020an; gutxien irabazten duen hamarrenak, berriz, %0,5 —aldundiak dezilka ematen ditu datuak—. Alegia, lehen dezilak azkenekoak baino 50,9 aldiz gehiago irabazi zuen. 2008an, ratio hori 38,9 zen.

Eta zergatik joera hori? Bada, soldata maila bakoitzaren bilakaera oso ezberdina izan delako. Gehien irabazten duen dezilaren soldatak %13,2 igo ziren tarte horretan, eta bigarren dezilekoenak, %12,3. Hortik beherako guztiei KPIaren azpitik eguneratu zitzaien soldata. Datu lazgarrienak, dena den, soldata apalena duten azken lau deziletan dauden. Hamabi urte horietan, %4,2, %6,1, %7,5 eta %9,6 egin zuten behera, hurrenez hurren. ELAren ikerlarien arabera, «biztanleria horrek 2008an baino soldata nominal txikiagoa izan zuen 2020an».

Pobretzeak ez die berdin eragiten maila ekonomiko guztiei, eta aldeak daude sexuaren, adinaren eta migratzaile edo ez-migratzaile izatearen arabera ere. Esaterako, soldata arrakala %23,3 izan zen Gipuzkoan 2020an. 2008an, %28,2 zen, baina nabarmendu behar da azken hamar urteetan bilakaera txikia izan duela (2004an %24,3 zen).

Migratzaile eta ez-migratzaileen soldaten arteko arrakala, berriz, %47,7 da. Migraturiko langileek 14.033 euroko soldata zuten batez beste. Adinari dagokionez, 56-65 urte arteko langileek 31.024 euro irabazi zituzten batez beste; 26-35 urte artekoek, berriz, 21.781. Maila apalenean daude 19-25 urte artekoak: 8.570 euro.

«KPIaren defentsa»

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak «pobretzearen aldeko erasoaldi» baten barruan kokatu du bilakaera, eta enpresariak eta erakunde publikoak jo ditu arduraduntzat: «2008ko krisia pasatzean, hazkunde ekonomikoarekin batera soldatak igoko zituztela esan zuten, baina agerikoa da gezurra zela». Are gehiago, zehaztu du urte horietan produktibitate erreala %8,1 igo zela, %3,8ko soldata galeraren oso goitik. Haren iritziz, joera eteteko modu bakarra soldatak KPIaren arabera igotzea da, urteetan atzeratu gabe: «KPIa ez igotzea enpresarien mozkinen hazkundearen alde egitea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.