Soldatak KPIaren gainetik igotzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Bi hitzarmenetik bat berrituta dago, eta langileen %4,7k daukate iraungita; azken urteetako portzentajerik txikiena da.

EHUNGINTZA
Ehungintza sektoreko langileen protesta bat; Madrilen negoziatzen ari dira haien hitzarmena. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 25a
14:55
Entzun

Negoziazio kolektiboak indartsu ekin dio urteari. Jarduera ekonomikoan motelaldi hotsak entzun diren arren, lan hitzarmenak erritmo onean berritzen ari dira, eta baita horiekin lotutako soldatak ere. Urtarrilean eta otsailean, guztira 65 itun sinatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: soldata igoera %4,78koa izan da batez beste, iaz (%3,07) baino handiagoa eta otsaileko inflazioa (%3,1) baino puntu eta erdi gehiago. Indarrean dauden itunetan, berriz, %3,39koa da soldata igoera.

Urteko lehenengo bi hilabeteei dagokien txosten soziolaborala kaleratu du LHK Lan Harremanen Kontseiluak. Horretan agertzen denez, soldata igoerak are handiagoak dira bertan negoziatutako lan hitzarmenetan (%4,78), Espainian negoziatu eta EAEn eragina dutenetan baino (%2,07). Ohikoa izaten da hori.

Badago beste datu azpimarragarri bat: sektoreko hitzarmenetakoak enpresetakoak baino nabarmen handiagoak izan dira: sektoreetakoak, %5,56, eta enpresetakoak, %3,6. Kasu horretan ohikoagoa da alderantziz izatea, baina urte hasieran sinatutako sektore hitzarmen jakin batzuk eragina izan dute horretan. Bereziki, Arabako elikagaien merkataritzarenak. Horren eragina nabari da lurralde batetik besterako datuetan ere. Horrela, Araban hitzartutako itunetan %7,8 igo dira soldatak; Bizkaikoetan, %3,28; eta Gipuzkoakoetan, %5,04.

Langileek oro har erosteko ahalmena berreskuratu zuten iaz, soldatak KPIa baino gehiago igo baitziren, eta joera horri eusten ari zaio urte hasieran ere. Oraindik ez da berreskuratu azken hamarkadan galdutako guztia, baina gertu dago. LHK-ko presidente Emilia Malagak gogoratu duenez, 2014tik KPIa %21 handitu da, eta soldatak %20 igo dira.

«Propioak», gehiago

LHKren txostenak dioenez, joan den urtean negoziazio kolektiboan «jarduera handiak» izan zirelako eta aurtengo lehenengo bi hilabeteetan martxa horri eutsi zaiolako dago orain azken urteetako egoera «hoberenean». Eta «bide onean» jarraitzeko oinarriak daudela uste du Malagak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez.

Otsailaren amaieran, hiru lurraldeetako sektore pribatuko langileen %55,3k berrituak edo indarrean zituzten beren lan hitzarmenak, eta soilik %4,7k zituzten iraungiak. LHK-ko buruak azpimarratu duenez, bi urtean %10,7tik %4,7ra jaitsi da lan itun baten babesik ez duten langileen kopurua. «Pozteko moduko albistea da, nahiz eta oraindik 30.000 langilek baino gehiagok ez duten hitzarmen baten estaldurarik».

Zehazki, 65 akordio egin dira urtarrilean eta otsailean, eta horiek 21.138 langileri eragiten diete. Iaz epe berean baino 11 itun gehiago dira. Enpresetakoak 59 dira, eta sektoreetakoak, bederatzi. LHK-k azpimarratu du itun horien %85ek bi urte baino gehiagoko indarraldia dutela.

«Lan harremanen euskal esparru bati buruz hitz egitea urrunegi joatea da, baina egitate bat da esparru propioa berreskuratzen ari dela».

EMILIA MALAGA LHK-ko presidentea

Berritu diren hitzarmen gehienak «propioak» direla gaineratu du Malagak; alegia, EAEkoak edo lurralde mailakoak direla: halako 53 berritu dira bi hilabetean. Gainerako hamabiek EAEn eragina izan arren, Espainia mailakoak dira, eta han negoziatu dira. Datu hori nabarmendu du LHK-ko buruak, baina lan harremanen euskal esparru bati buruz hitz egitea «urrunegi joatea» dela adierazi du. «Hala ere, egitate bat da esparru propioa berreskuratzen ari dela».

Aurrera begira, itxaropentsu azaldu da Malaga, uste baitu «akordioaren bideak» jarraituko duela. «Dena den, zuhurtziari eutsi behar zaio; azken urteetan gertatutakoak erakutsi digu gure ekonomiak eta enpleguak inguruabar askoren menpe daudela».

Lan gatazkak ere gutxitzen ari direla nabarmendu du Malagak. Guztira 325 greba deialdi egin dira, eta aurreko urteko epe berarekin alderatuta, ia 56 egun gutxiago. Iaz ere 2022an baino lan gatazka gutxiago egon ziren. Malagaren arabera, hitzarmenak berritzearekin lotuta dago, baina hori ez da arrazoi bakarra. «Akordio bat egon dadin, lehenik eta behin borondatea egon behar da, baina, era berean, agertoki ekonomikoak aldekoa izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.