Lan harremanak

Soldatak inflazioaren gainetik ari dira igotzen EAEn

Hitzarmena indarrean dutenek %3,36 gehiago irabaziko dute aurten, batez beste. KPIa, berriz, %2tik behera kokatu da irailean.

Arabako zahar etxeetako langileen protesta, Gasteizen, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako zahar etxeetako langileen protesta, Gasteizen, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko urriaren 1a
12:05
Entzun

Kontsumo produktuen prezioen igoera azkar moteltzen ari da Hego Euskal Herrian, eta negoziazio kolektiboak desblokeatuta jarraitzen du. Bi faktore horiei esker, zertxobait hobetzen ari da soldatapeko langileen egoera, soldatak inflazioaren gainetik hazten ari baitira.

LHK Lan Harremanen Kontseiluak uztaileko eta abuztuko datu soziolaboralen berri eman du. Horiek berretsi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehendik datorren joera: geroz eta gehiago dira lan hitzarmena eguneratua duten beharginak. Ekainean 389.213 lagun ziren (%60,1), eta abuztuaren amaieran, 396.363 (%61,5); 7.150 langile gehiago.

Gainontzeko %33,9ek luzatua dute ituna —%35,3 ziren bi hilabete lehenago—, eta %4,6k, ia 30.000 lagunek, ez dute hitzarmenik indarrean. Ekainaren amaieratik ez da aldatu datu hori.

7.150

Uztailean eta abuztuan lan hitzarmena berritu dutenak Uztailean eta abuztuan 35 hitzarmen berri sinatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horiei esker, 7.150 gehiago dira lan ituna eguneratua duten soldatapeko beharginak. Guztira 396.363 dira orain, langileen %61,5.

Uztailean eta abuztuan 35 hitzarmen berri adostu dira. Horietako sei sektorekoak izan dira; bi, EAEn negoziatutakoak, eta lau, Madrilen eginak. 

Soldatei dagokienez, aurten %3,36 gehiago irabaziko dute hitzarmena indarrean duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldatapeko langileek. KPIa, bitartean, %2tik behera kokatuko da irailean. Espainian prezioak, oro har, iazko irailean baino %1,5 garestiago daude, eta zortzi hamarren apaldu dira abuztuko %2,3tik — urriaren erdialdean emango du behin betiko datua INEk, eta, horrekin batera, Hego Euskal Herrikoa (abuztuan, %2,5) —. Inflazioak laugarren hilabetez jarraian egin du behera Espainian, eta duela hiru urte eta erditik izandako mailarik apalenean kokatu da.

Erabakiguneak gerturatzea

Datua are nabarmenagoa da aurten sinatu diren hitzarmenak soilik hartuta kontuan: soldatak %4,02 igoko dira horietan. Dena den, agerian geratu da, beste behin, erabakiguneak gerturatzeak soldatak hobetzen dituela. Abuztura bitarte EAEn adostutako itunetan %4,28 igoko dira soldatak, eta Espainian negoziatu baina EAEn eragiten dutenetan, %3,39.

Lan gatazkak, berriz, geroz eta gutxiago dira. LHK-ren arabera, uztailean eta abuztuan 32 greba izan dira, eta guztira 1.667 behargini eragin diete. 4.831 izan dira lan egin gabeko egunak, iaz aldi berean baino %28,9 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.