Negoziazio kolektiboak azken hamarkadako urterik eraginkorrena izan zuen 2023an. Lan hitzarmen asko eguneratu ziren, eta itun horietan inflazio handiari aurre egiteko eta aurreko urteetan galdutako erosahalmenaren parte bat berreskuratu ahal izan zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek.
LHK Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, 2023. urtean 251 lan itun berritu ziren hiru lurralde horietan: enpresako 230 (29.758 langile), eta sektoreko 21 (118.710 langile). Horiei batu behar zaizkie Espainian negoziatu arren EAE Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten beste ehun hitzarmen (72.114 langile).
Aurreko urteetan lotu eta 2023an ere indarrean zeuden itunak batuz gero, hiru lurraldeetako soldatapeko langileen %63,8k zuten hitzarmen eguneratua urtearen amaieran. LHK-k berak esan du kopuru handia dela, eta beste datu bat ere nabarmendu du: 34.424 langilek daukate lan hitzarmen iraungia edo galdua (%5,6); kopururik txikiena da 2012ko lan erreformak negoziazio kolektiboa trabatu zuenetik.
Sexuen arteko arrakala nabaria da lan hitzarmenetan ere. Gizonen %68,1ek dute lan hitzarmen eguneratua, baina portzentaje hori %58,2ra jaisten da emakumeen artean. Berritzeko zain dauden hitzarmenetan dago aldea: soldatapeko gizonen %27 daude egoera horretan, eta emakumeen %35,2. Horrek erakusten du emakumeak nagusi diren sektoreetan —zerbitzuetan— pixka bat gehiago kostatzen ari dela lan baldintzak adostea.
Zifrak
-%51,2Enplegua erregulatzeko espedienteak %51,2 gutxitu ziren 2023an. Guztira, 276 izan ziren, eta horietatik 207tan arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen enpresak langileak kaleratzeko, kontratuak aldi baterako eteteko edo haien lanaldia murrizteko.
%20,6Industrian aritzen diren langileen portzentajea handitu egin dela dio LHK-k. 2022ko azken hiruhilekoan %20 ziren, eta 2023aren amaieran, berriz, %20,6 ziren. Zerbitzuetan aritzen da, ordea, jende gehien (%73). Eraikuntzan dabiltza langileen %5,7, eta lehen sektorean, berriz, %0,8 baizik ez.
Soldatak izan ohi dira gairik arantzatsuena lan hitzarmenak negoziatzen direnean, eta teoriak dio negoziazioa zaildu egiten dela inflazioa handia den garaietan. 2023an, ordea, inflazioa handia izan da (%3 urte amaieran, %3,6 batez bestekoa), baina hortik gorako soldata igoerak hitzartu dituzte sindikatuek eta patronalak. Zehazki, iaz Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutako hitzarmenetan %5,03ko soldata igoerak hitzartu zituzten. Igoera apalagoak izan zirenez Espainian lotutakoetan (%3,87), batez beste %4,66ko igoerak izan ziren iaz indarrean jarritako itunetan.
Aurreko urteetan soldaten igoera txikiagoak lotu zituztenez, gaur egun indarrean dauden hitzarmenetan %4,22ko soldata igoerak agertzen dira. Lurraldez lurralde alde handia dago, ordea: %5,62ko igoerak Gipuzkoako hitzarmenetan, %4,48 Bizkaikoetan, %2,96 Arabakoetan, eta %3,51 Espainian sinatutakoetan.
Gainera, azken bi horiek dituzte lanaldirik luzeenak: urtean 1.727 ordu estatu eremuko itunetan, 1.700 ordu Arabakoetan, 1.687 Gipuzkoakoetan, eta 1.684 Bizkaikoetan.
lan gatazka gutxiago
Oro har, behera egin du greba kopuruak. LHKren datuek diote urtarriletik urrira 273 greba deialdi egin dituztela hiru lurraldeetatik (-%3,9), eta 54.475 langilek hartu dutela parte (-%20,2). Gehitu egin dira Espainiatik deitutako grebak (+%13,1). Gora egin dute, ordea, Preco lan gatazken bitartekaritza organora iritsitako gatazkek: 645 izan dira (+%22,9).