Negoziazio kolektiboa

Soldatak %4 ari dira igotzen batez beste aurten EAEn

Urtea hasi denetik 283 hitzarmen berritu direnez, bikoiztu egin da itun berritua dutenen kopurua.

Bizkaiko ostalaritzakoa da berritu gabe dagoen itunetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 28a
16:07
Entzun

Aurreko urte batzuetan ez bezala, aurten negoziazio kolektiboa gai izaten ari da sektore pribatuko langileen erosteko ahalmenari eusteko. Hori diote, behintzat, Lan Harremanen Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako azken datuek. Horien arabera, indarrean dauden lan hitzarmenen arabera, soldatak %3,99 handitu dira.

Uztailari eta abuztuari dagokion txosten soziolaborala kaleratu du LHK-k. Horretan agertzen denez, are handiagoak dira soldata igoerak bertan negoziatutako lan hitzarmenetan (%4,42), Espainian negoziatu eta EAEn eragina dutenetan baino (%3,16).

Edonola ere, alde handia dago lurralde batetik bestera. Horrela, Araban hitzartutako itunetan langileen soldatak %2,84 ari dira handitzen, %4,07 Bizkaikoetan, eta %5,69 Gipuzkoakoetan.

Negoziazio kolektiboa prezio igoera handien garai batera egokitu dela erakusten duen beste datu bat ere badago: aurten hitzartutako itunetan are gehiago handitu dira soldatak, %4,82, hain zuzen ere.

Lanaldiari dagokionez, alde handia dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako itunen eta Espainiakoen artean: lehenengoen batez besteko urteko lanaldia 1.687 ordukoa, eta 1.752 ordukoa bigarrenetan —65 ordu gehiago urtean—.

Itun gehiago, greba gehiago

LHKren txostenak nabarmendu du urtea hasi denetik 283 lan hitzarmen berritu direla, eta 175.282 langilek jaso dutela itun berritu batek ematen duen babesa. Horri esker, bikoiztu egin da lan hitzarmen berritua duten langileen kopurua: 345.107 ziren abuztuaren amaieran, itunpeko beharginen %56,8.

Beste 225.000 langile daude beren hitzarmena noiz berrituko zain (%37), eta ia 38.000rena iraungita dago (%6,2).

Lan gatazkei dagokienez, LHK-k azaldu du ekainera arte %6,1 ugaritu direla grebak: guztira, 209 greba deialdi izan dira, eta 28.371 langilek hartu dute parte. Batez beste, lau egun iraun dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.