Diru sarrera gutxiago eta kontsumo garestiagoa, horrela azal daiteke Hego Euskal Herriko familiek krisia hasi zenetik duten egoera.
Soldatek bilakaera kezkagarria izan dute Nafarroan. Krisia hasi zenean baino %2,4 txikiagoak baitira orain soldatak, eta galgarik gabeko%11,9ko jaitsiera izan dute hiru hilabetean; langile bakoitzak 1.812 euro jaso baitzituen urtarrila eta martxoa bitarte egindako lanaren truk, iazko azken hiru hilabeteetan baino 245 euro gutxiago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldatek ere 185 euro egin dute behera epe berean, betiere INEren arabera.
Bizitza etengabe garestitzen ari da, gainera. Soldata txikiagoak jasotzen dira, eta prezioek %10 inguru egin dute gora 2008. urtetik aurtengo urtearen hasierara (KPI). Hego Euskal Herriko familia askok kontsumoa jaitsi behar izan dute, sarrera gutxiago dituztelako; 1.800 euro jaitsi zaie urteko gastua 2008tik.
Lan bera, soldata txikiagoa
Euskal Herriko enpresa handi zein txikietako langile askok ezin izan diete euren soldatei eutsi; Eroskiko langileek, adibidez. Taldeko 8.800 kooperatibistek soldatak %2,5 eta %7,5 bitarte jaistea erabaki zuten martxoan. Krisiak gogor jo du Mondragon talde bereko Fagor ere. Aurten ez dute udako aparteko ordainsaria jaso, eta 2012an soldataren %86 baino ez zuten jaso.
Baina soldata jaitsierak ez dira salbuespen izan uztailean; Tasubinsa enpresan sinatutako akordioa, kasu. Bertako 729 langileri eragiten dien hitzarmena sinatu dute, eta, horrekin batera, %4ko soldata jaitsiera.
Soldatak %2,4 jaitsi dira Nafarroan 2008tik
Iazko abendutik aurtengo martxora 245 euro gutxiago jasotzen dute batez beste Nafarroako langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu