Askoren soldatak handitu egin dira, baina baita gehien eta gutxien irabazten dutenen arteko arrakala ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldatak, oro har, KPI kontsumo prezioen indizearen gainetik igo dira 2024an; zuzendari nagusien soldatak, esaterako, %7,6 handiagoak izan dira, urtean 139.400 eurokoak batez beste. Administrari laguntzaileenak, ordea, %0,9 apaldu dira, hau da, 25.200 euro batez beste.
LKS Next aholkularitza taldeak Euskadiko Soldata Gida izeneko txostenean jaso du ordainsari horien berri: zuzendari nagusiei dagokie handiena, eta administrari laguntzaileeiapalena. Tamaina ezberdinetako ehun enpresatan egin du inkesta Mondragon kooperatibako taldeak, eta gaur aurkeztu ditu emaitzak, Bilbon.
139.400Urtean zenbateko soldata irabazten duten zuzendari nagusiek batez beste, eurotan. LKS Nextek egindako banaketaren arabera, zuzendari nagusiek irabazten dute diru gehien. Postu horretan gutxien irabazten duenak 92.300 euro jasotzen ditu urtean; gehien irabazten duenak, berriz, 248.300 euro. Batez beste, 139.400 euroko ordainsaria dute urtean, iaz baino %7,6 handiagoa.
Azpimarratu du ingeniaritzako eta adimen artifizialaren arloko lanpostuetan dagoela eskari handiena orain ere, baita datuen analistenen lanpostuetan ere. Beharginen ezaugarriei dagokienez, prestakuntza teknikoa izan dezaten, zenbait hizkuntza mendera ditzaten eta taldean lan egiten jakin dezaten nahi dute enpresek.
Soldatak lanpostuaren arabera sailkatu dituzte ikerketan. Horrela, zuzendari nagusien soldatak dira handienak, eta administrari laguntzaileenak apalenak. Tartean, I+Gko buruek 78.300 euro irabazten dituzte urtean, batez beste; eskualdeko ordezkariek, 68.300 euro; medikuek, 54.400; eta laborategiko teknikariek, 48.600.
Kultura aniztasuna
Aholkularitza taldekoek esan dutenez, «Euskadiko langileek 2021-2022 biurtekoan galdu zuten erosahalmena berreskuratu dute azken bi urteetan». Ukrainako gerrak eragindako inflazioaren ondorioz, urte horietan soldatak KPIa baino gutxiago igo ziren, baina joera hori irauli egin dela azaldu dute gaur.
Azkenik, nabarmendu dute beharrezkoa dela enpresak kultura aniztasuna kudeatzen hastea, ikusita geroz eta migratzaile gehiago ari direla lantokietan. Gehitu dute Eusko Jaurlaritzak laster jasoko duela etorkinen lan baimenei dagokien eskuduntza, eta hori garrantzitsua izango dela baimenak «azkarrago eta hobeto» emateko.