Burtsaratze arrakastatsua izan du Solarpack enpresak. Atzo eguerdian Bilboko burtsaren eraikinean kanpaia jo ostean, 8,3 euroko balioarekin merkaturatu ziren konpainiaren akzioak, eta 9,14 euroraino egin zuten gora egunaren amaierarako. %10,1 izan da igoera hori. Egunaren hasieran 9,32 euroraino ere igo zen akzio bakoitzaren balioa. Mundu osoan parke fotovoltaikoak jartzen ditu Algortan (Getxo, Bizkai) egoitza duen enpresak, baina etorkizunean inbertsio handiagoak egiteko asmoa dutela azaldu zuten Jose Galindez Solarpackeko presidenteak eta Pablo Burgos kontseilariordeak.
Hain zuzen, konpainiak 310 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du, eta kapital horrekin jarriko dituzten eguzki plaken bidez 510 MWko potentzia lortuko lukeen azpiegitura osatu nahi du Solarpackek. Energia kopuru hori lortzeko milioi eta erdi eguzki panel jarri beharko lituzkete mundu osoan zehar. Finantzaketa horren %75 kanpotik iritsiko da, eta hor kokatuko dira burtsaratzeagatik lortutako 100 milioi euroak. Inbertsioa egiteko kapitalaren gainerako %25 baliabide propioetatik jarriko du konpainiak.
Hala ere, enpresaren helburua handiagoa litzateke. Galindez eta Burgosen arabera, GW bat lortu ahal izateko azpiegiturak ezarri nahi dituzte datozen lau urteetan. Beraz, egun daukaten ahalmen energetikoa biderkatzeko asmoadute, «etorkizuna duen baliabidea delako». Hori ziurtatzeko arrazoiak eman zituzten ondoren: energia eolikoko 50 GW instalatu ziren iaz munduan, eta energia fotovoltaikoko 98 GW. 2015. urtera arte energia eolikoko azpiegiturak gehiago jartzen ziren, baina badirudi azken urteetan egoerak buelta eman duela.
Enpresak kapitalaren %37,6 jarri du salgai merkatuan, baina %39,9ra iristeko aukera ez dute baztertzen eskaera handia baldin badago. Bilboko burtsan merkaturatu zen atzo konpainia, baina Madrilgo, Bartzelonako eta Valentziako merkatuetan ere kotizatzen ari da. Solarpackeko arduradunek azaldu zutenez, datozen hiru urteetan burtsan izango dituen irabazi guztiak enpresan bertan inbertituko dituzte, eta akziodunak lau urteren buruan hasiko dira saritzen.
Enpresan ekarpena egiten ari diren inbertitzaileen profilaren inguruan, Galindez eta Burgosek azaldu zutenez, «iraupen luzekoak dira, eta hurrengo urteetara begira jarrita daude; ez dira espekulatzaile hutsak».
Solarpack burtsara atera da, eta lehen egunean %10 handitu du akzioen balioa
Mundu osoan milioi eta erdi eguzki panel jarriko dituzte, 510 MWko potentzia lortzeko. 310 milioi euro inbertituko dituzte horretarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu