Sodenak beste bi milioi jarriko ditu Dynamobel salbatzeko

Bulegoetarako altzarien enpresa oso larri dago berriro, iaz lau hilabetez eten behar izan zuelako ekoizpena, zibereraso baten ondorioz. Dynamobelek Berriobeitiko fabrika itxi zuen 2022an, eta Azkoienen bildu du produkzioa.

Dynamobel lantegiaren aurrealdea, Azkoienen. BERRIA
Dynamobel lantegiaren aurrealdea, Azkoienen. BERRIA
Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 23a
17:20
Entzun

Berriro ere kinka larrian dago Nafarroako Dynamobel altzari enpresa, eta, berriro ere, diru publikoarekin eragotziko dute porrot egitea. Nafarroako Parlamentuak baimena eman dio Sodena sozietate publikoari bi milioi euroren ekarpena egiteko Dynamobelen kapitalari, eta bi milioi euroren mailegu baten bermea emateko.

1959an sortutako enpresa bat da Dynamobel. Jesus eta Victor Troyas anaiek eratu zuten, Azkoienen (Nafarroa), Manufacturas Metalicas Jevit izenarekin. Bulegoetarako aulkietara eta altzarietara bideratu du negozioa, eta sektoreko enpresa garrantzitsuenetako bat da Euskal Herrian. Troyas familiaren esku jarraitzen du, baina azken urteetan laguntza publikoa jaso behar izan du, krisiak kateatu dituelako.

280 langile iere izan zituen behin Dynamobelek, baina une honetan 185 langile inguru ditu, denak Azkoienen. Berriobeitin ere (Nafarroa) lantegia izan zuen, baina itxi egin zuen 2022an, COVID-19aren pandemiaren ondorioz bulegoetako materialen salmenta eteteak egoera ekonomiko zailean utzi zuelako. 70 langile kaleratzeko espediente bat ireki zuen orduan, baina, azkenean, 58 joan ziren kalera. Gainontzeko langileei soldatak %10 eta %15 artean jaitsi zizkie. Neurri traumatiko horien ondorioz, Cofides Espainiako Gobernuko sozietate publikoak 7,5 milioi euroren mailegu bat eman zion.

Baina Dynamobelen arazoak aurretik sortu ziren, 2008ko Atzeraldi Handiarekin. Krisiak diru sarrerak txikitu zituen, eta zorra berregituratze batzuen ondoren, bere kasara egoera erabat onbideratzerik ez zuela ikusita, Nafarroako Gobernuko lehen laguntza bat eman zion 2018an, Sodena sozietate publikoaren bitartez. 14,7 milioi euro jarri zituen enpresan, aurretik emandako maileguen eta berme kapital bihurtuta. Sodenak enpresaren akzioen %38,04 ditu orain, eta gainontzekoa Troyas familiaren esku dago, bi sozietateren bitartez. Orain onartutako laguntzak ez ditu kopuru horiek aldatuko, Troyas familiak ere diru gehiago jarriko duelako enpresa salbatzeko. 

Irujoren eskaera

Parlamentuan egindako agerraldian, Dynamobel laguntzea justifikatu du Mikel Irujo Ekonomiaren Garapeneko kontseilariak. Azaldu duenez, 2023an enpresak zibereraso bat jasan zuen, eta, horren ondorioz, lau hilabetez ekoizpena eten egin behar izan zuen. Eraso horrek «muturreko finantza egoera eragin zuen enpresan: aurrekontuetan agertzen ziren sei milioi euroren fakturazioa galdu zuen». Egoera are okerragoa izango zatekeen «baldin eta aurretik neurriak hartu izan ez balitu».

Irujok azaldu duenez, Cofidesen mailegu bati esker ez du porrot egin; hari zazpi milioi zor dizkio, beste 1,6 milioi ICOri, eta lau milioi Troyas familiaren sozietate bati, ordaindu ezin izan dituen alokairuen truke. Zor horiei Azkoiengo eta Berriobeitiko lantegiak salduta aurre egin nahi dio enpresak —Azkoiengoa alokatu egingo luke ondoren—.

Dynamobelen porrotak,  «mugan dauden 185 familiari» ez ezik, haren hornitzaileei ere kalte handia egingo lieke, eta beste itxiera batzuk eragin litzakeela ohartarazi du. Horregatik eskatu die talde parlamentarioei Sodenaren esku hartzea onartzeko. Hitzez hala egin dute guztiek, baina botoa emateko orduan eskuineko oposizioko hiru alderdiak (UPN, PP eta Vox) abstenitu egin dira. Hortaz, Sodenaren erreskate planak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeen aldeko botoarekin egin du aurrera.

Sodenaren kapitalaren truke, Dynamobelek industria plan bat indarrean jarri beharko du. Haren asmoa da salmentak handitzea, nazioarteko merkatuetara hedatzea eta produktu berriak eskaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.