Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Azken hamarkadetako kapitalismoan finantza merkatuek garrantzi handia hartu dute, batez ere sektorearen liberalizazioaren ondorioz. Finantzarizazioa deitu ohi zaio prozesu horri: ekonomia produktiboa zentrala zen garaitik ekonomia espekulatiboaren garairako trantsizioa. Hala azaldu du fenomeno hori Joaquin Arriola EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak: «Bretton Woodsen krisiaren ostean [1971], bankuek posible dute dirua fabrikatzea, eurodibisak bankariaren borondatearen arabera sortzen baitira; ez dute inolako euskarririk. Hori dela eta, munduko likidezia asko handitzen da, ez baitago inolako kontrolik: eskaintzak eta eskariak axola du soilik, eta, horiek bankariek sortzen dituztenez, finantza burbuila sortzen da».
Hala, inbertsioak —izan bonuen, akzioen edo parte hartzeen erosketak— beharrezko bihurtu dira mundu honetan, baita norbanakoentzat eta estatuentzat ere. Hori dela eta, inbertsiorako sozietate handiek eta funts subiranoek rol garrantzitsua hartu dute azken hamarkadetan. Antzeko eran definitu du finantzarizazioa Sara Urionabarrenetxea EHUko Ekonomia irakasleak: «Finantzarizazioa gertatzen da finantza sektoreak gero eta garrantzi handiagoa duenean ekonomian ekoizpenarekin alderatuta, hura gainditzeraino. Black Rockek bakarrik 10 bilioi euro kudeatu ditu 2024ko lehen hiruhilekoan, Alemaniako barne produktu gordina halako bi». Hori dela eta, Urionabarrenetxearen esanetan Black Rocken tankerako inbertsio sozietateek «eragin nabarmena» izan dezakete «ez bakarrik finantza merkatuetan, baita ekonomia globalean ere».
Finantzarizazioarekin, asko ugaldu dira bankuak ez diren instituzio finantzarioak, eta inbertsiorako sozietateak eta funts subiranoak horietako batzuk dira. Denborarekin, munduan diru gehien kudeatzen duten entitate bihurtu dira, eta askok potentzia industrial batzuen barne produktu gordina baino gehiago kudeatzen dute. Zer dira, baina, entitate horiek? Zer ezberdintasun daude bien artean?
Inbertsio sozietateak
Enpresek eta norbanakoek jotzen dute gehienbat inbertsio sozietate handi horietara, beren aurrezkia kudeatzeko eta errentagarritasuna lortzeko. Sozietate horiek inbertsiogile guztiek emandako dirua kudeatzen dute, eta, hainbat lekutan inbertituta, aipatutako errentagarritasun hori lortzen dute. Sozietate horiek, eskuetan duten dirua modu aktiboan edo pasiboan kudeatuz, zorraren, kapitalen eta higiezinen merkatuan inbertitzen dute gehienbat.
Inbertsio sozietate handien figurak Ameriketako Estatu Batuetan hartu zuen garrantzirik handiena. Izan ere, soldata maila handienetakoa duen herrialde horretan, leku gehienetan presio fiskal txikia dagoelarik, klase ertaineko familiek aurrezteko ahalmen handia dute. Askok inbertsio sozietate handietan jartzen dute dirua haiek kudeatu dezaten, ostera errentagarritasuna lortzeko. AEBak biztanle gehien duten herrialdeetan hirugarrena izanik, kapital bolumen handia sartzen da sozietate horien kontuetan, ostera kudeatu dezaten. Hori dela eta, aktibo gehien kudeatzen duten hamar enpresen artean, zazpi Estatu Batuetakoak dira, nahiz eta beste zerrenda batzuetan bederatzi ere badiren hangoak, enpresak ez baitira denak mota berekoak: inbertsio sozietateak, bankuak, aseguru etxeak...
Horren atzean bestelako arrazoiak ere badaudela nabarmendu du Urionabarrenetxeak: «AEBak munduko ekonomia handiena dira, baina, horrez gain, atzean faktore historikoak, erregulatzaileak, instituzionalak eta kulturalak daude. Estatubatuarrak aitzindariak izan ziren elkarrekiko funtsak, ETFak eta beste inbertsio ibilgailu batzuk sortzen. Gaur egun, AEBek munduko finantza merkatu garatuenak eta likidoenak dituzte, baita munduko erreserba diru garrantzitsuena ere —dolarra—. Horri gehitu behar zaizkio arau esparru sendo eta fidagarria, inbertsiorako zerga pizgarriak, inbertsio kultura errotua eta finantza talentua erakartzeko gaitasuna».
Thinking Ahead institutuaren ikerketa baten arabera, 2022an munduan inbertsio kudeatzaileek zuten kapitalaren %54,1 AEBetatik zetorren, eta zerrendan bigarren herrialdea Erresuma Batua da (%6,2). Arriolaren arabera, eredu anglo-saxoia da: «Aurrezteko ahalmen handia dutenez, entitate bereziak sortzen dira aurreztaile txikiari eta handiari merkatuaren batezbestekoaren gainetik dagoen errentagarritasun bat eskaintzeko».
Dudarik gabe, Black Rock da sozietate horien erakusgarri nagusia. Thinking Ahead institutuaren arabera, 2022an 8,5 bilioi dolar baino gehiago kudeatu zituen, Japoniako barne produktu gordina halako bi. Atzetik du Vanguard taldea (Filadelfia, AEB), eta, ondoren, bestelako inbertsio sozietate, aseguru etxe eta banku handiak daude. Lehen hamarren zerrendan, Europako hiru talde daude: Allianz (Alemania), Amundi (Frantzia) eta UBS (Suitza).
Dibidendu bila
Lortzen dituzten funts horiek guztiak, bakoitzaren estrategiaren arabera, hainbat lekutan inbertitzen dituzte, enpresen tituluak tartean. Arriolaren arabera, lehia handia dago sozietate horien artean, eta horrek maiz titulu asko erostera bultzatzen ditu, enpresen administrazio kontseiluetan sartuz. Azaldu du orokorrean ez dutela asmo berezirik izaten enpresan erabaki jakin batzuk hartzeko: «Hauek lehian daude elkarrekin, eta kontseiluan postu bat ziurtatu behar dute bermatzeko milioi bat euroko etekina badago %80 dibidenduetan banatzen dela».
Arriolak azaldu du sozietate horiek ez dietela «inolako ekarpenik» egiten enpresa horiei, eta askotan irabazien berrinbertsioa blokeatzen dute, dibidendu gisa jasotzeko. Horregatik, Europako enpresa askotan arazoak egon dira administrazio kontseiluetan akziodun nagusien artean, aldeek helburu ezberdinak zituztelako.
Funts subiranoak
Kontzeptu oso ezberdina da funts subiranoena. Estatuen jabetzako funtsak dira, eta herrialdearen soberakinak kudeatzen dituzte etekina lortzeko. Gehienbat erregaietatik eta merkataritza superabitetik lortzen dituzte funtsak gehienek; hori dela eta, ezaugarri komunak dituzten herrialdeetan hartu dute garrantzi berezia.
Urionabarrenetxearen arabera, inbertsio sozietate handiek bezala, «diru asko» kudeatzen dute, baina, hori bai, ezinbesteko ezberdintasun batzuk daude: «Lehen ezberdintasun handia jabetza da, inbertsio funts subiranoak gobernuenak baitira; aldiz, bestelako funtsak banakako erakunde eta inbertitzaileen jabetzakoak dira». Bestalde, helburu ezberdinak dituztela ere azaldu du: «Funts subiranoen ardatza, oro har, ez da hainbeste errendimendua, baizik aberastasun nazionala kudeatzea eta epe luzerako egonkortasuna ematea».
Biztanle gutxi, lehengai asko
Inbertsio sozietate handien eta funts subiranoen banaketa geografikoak oso ezberdinak dira. Inbertsio sozietate handiak, aipatu moduan, AEBetakoak dira gehienak, baina funts subiranoak banatuago daude. Arriolak azaldu duenez, orokorrean biztanle gutxi eta lehengai asko duten herrialdeek dituzte funts subirano handienak. Izan ere, lehengai horietatik — erregaietatik batez ere— ateratako etekin handia jende gutxiagoren artean banatu behar dute, eta horregatik sortzen dituzte funts horiek, soberakina kudeatzeko.
Norvegiako Pentsio Funts Globala da munduko funts subiranorik handiena. Errusiaren ostean, Europako gas ekoizle nagusia da, eta atzetik ditu, urrun, Erresuma Batua eta Herbehereak. Eskandinaviako herrialdearen biztanleria ez da iristen 5,5 milioi pertsonara —Bartzelonako probintzian baino gutxiago—, eta ekoiztutako gas gehiena Europako Batasunean saltzen du, gasbidez garraiatuz.
Badira beste hainbat herrialde erregaietatik lortutako likidezia funts subirano handien bidez kudeatzen dutenak, Arabiar penintsulakoak gehienak: Saudi Arabia, Kuwait, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak...
Eta badira beste iturri batzuetatik dirua jasotzen duten funtsak ere, eta ez dute zertan biztanleria txikikoak izan. Globalizazioaren ondorioz, Mendebaldeko ekoizpenaren parte handi bat garabidean diren herrialdeetara kanporatu da azken hamarkadetan, Txinara gehienbat. Ekoizpen horrek eta ondasun horien garraioak superabit handia sortu du herrialde batzuetan, eta funts subiranoak sortu dituzte esportazioen bidez lortutako erreserba horiek kudeatzeko. Txinako bi funts subirano eta Singapurko beste bi daude munduko hamar handienen artean, baita Hong Kongo bat ere.
Inbertsioen estrategia
Erregaien prezioen igoerak estatu esportatzaileen poltsikoak gizendu ditu. Hori dela eta, 2022an %11 handitu zen funts subiranoek kudeatzen duten kapitala —10,4 bilioi dolarretik 11,6 bilioi dolarrera—, ICEX institutuak eta IE Center of Governance of Change zentroak egindako ikerketaren arabera. Urionabarrenetxeak azaldu du inbertsio estrategia ezberdina dutela funts subiranoek pribatuekin alderatuta. Izan ere, Black Rockek eta antzekoek inbertitzaileen helburuen araberako «estrategia aktibo eta espezializatuagoak» garatzen dituzte, epe labur, ertain edo luzeko errendimenduak bilatuz.
Funts subiranoek, berriz, alde batetik kudeatzen duten kapital hori errentabilizatzeko helburua dute, baino «inbertsio epea luzea da beti». Horrez gain, bestelako jarrera bat dute ekoizpenarekin, askotan lotuta egoten baitira «ekonomia egonkortzeko eta dibertsifikatzeko helburuekin edo proiektu estrategikoak laguntzearekin». Hori dela eta, herrialdeen epe ertaineko planen arabera, sektore batzuetan gehiago inbertitzen dute hori bera hauspotzeko. Adibide garbia da nolako esfortzua egiten duten Ekialde Hurbileko funtsek beren ekonomian erregaiek duten pisua murrizteko eta dibertsifikazioan sakontzeko.