Sistema operatiboak lehiakideei zabaltzeko eskatuko dio Europako Batzordeak Apple enpresari

Horren bidez, Merkatu Digitalaren Araua bete nahi du Bruselak. Datozen sei hilabeteetan enpresari azalduko diote zer neurri hartu beharko lukeen.

Apple enpresaren ekitaldi bat, irailaren 9an, Kalifornian. PETER DASILVA / EFE
Apple enpresaren ekitaldi bat, irailaren 9an, Kalifornian. PETER DASILVA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 19a
16:30
Entzun

Europako Batzordeak iragarri du kontaktuak hasiko dituela Apple multinazionalarekin, hark iPhone eta iPad euskarrietako sistema operatiboak ireki eta lehiakideekin parteka ditzan. Horrekin, Bruselak MDA Merkatu Digitalen Araua bete nahi du: horren arabera, merkataritza elektronikoaren enpresa handiek «doako eta benetako interoperabilitatea» bermatu behar diete haien lehiakideei, monopolio jarduerak galarazi eta merkatua orekatzeko asmoz.

Interneteko multinazional erraldoiek merkatua baldintzatzeko zuten ahalmena ikusita, Europako Batzordeak Zerbitzu Digitalen Araua eta Merkatu Digitalen Araua onartu zituen, eta enpresa horiei zenbait betebehar ezarri zizkien, lehiaren orekari eusteko asmoz. Iazko irailean, zerrenda bat argitaratu zuen Bruselak, arau horiek bete behar zituzten sei enpresa handien izenekin. Apple zen horietako bat.

Orain, Europako Batzordeak sei hilabeteko epea izango du, eta, tarte horretan, enpresari azalduko dio zer neurri hartu beharko lukeen MDAn jasotzen direnak betetzeko. Epe hori igarota Applek muzin egingo balie arauak ezarritako betebeharrei, Bruselak aukera izango luke Appleri isuna jartzeko.

Europako Batzordeak gogorarazi du martxoaren 7an amaitu zitzaiola enpresari iOS sistema operatiboaren inguruko arauak betetzeko epea, eta, iPadOS sistemari dagokionez, urriaren 30era arteko epea duela.

Badirudi azken bolada honetan ugaltzen ari zaizkiola Appleri Europako erakundeekin dituen arazoak. Joan den astean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Applek 13.000 milioi euro itzuli beharko dizkiola Irlandari, hainbat urtez ordaindu ez zituen zergengatik.

Beste aldetik, joan den ekainean ikerketa bat abiarazi zuen Europako Batzordeak Appleren kontra, merkatu digitalen arauak apurtu dituela iritzita. Ikerketa horretatik ondorioztatuko balitz Applek legea urratu duela, urteko diru sarreren %10erainoko isuna jar diezaioke Bruselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.