Sintetiko litroa 1,15 euroan? Posible omen

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak txalotu egin du Alemaniako eta Italiako gobernuek egin duten erregai sintetikoen defentsa, eta garestiak direla ukatu du.

Josu Jon Imaz atzo Sprilurren 40. urteurren ekitaldian eman zuen hitzaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Erregai sintetikoen auzia bolo-bolo dabil Europan. Haiengan duten fedean oinarrituta, eta haien herrialdeetako autogintza enpresek estututa, Alemaniako eta Italiako gobernuek, besteak beste, eskakizun zehatz bat egin diote Europako Batasunari (EB): atzera egin dezala 2035etik aurrera konbustio autoen ekoizpenari ezarri nahi dion debekuan. Josu Jon Imaz Repsol erregai konpainiaren kontseilari ordezkariak gaiari heldu zion atzo, eta gobernu horien eskaera txalotu zuen. Are gehiago, EBren energia politika «kaotikoa» dela salatu zuen, eta konbustio autoei ezarritako iraungitze data «hanka sartze historikoa» litzatekeela gehitu.

Imazek Sprilurren 40. urteurrenaren harira Zamudioko (Bizkaia) Teknologia Parkean emaniko hitzaldi batean plazaratu zuen bere iritzia. Agerraldiaren hasieran, Sprilurrek euskal industrian izan duen garrantzia goraipatu zuen, eta Europako Batzordearen energia politikaz mintzatu zen gero. Kritika oso gogorra egin zion. Haren ustez, «erabateko porrota izan da», ez dituelako oinarrizko hiru betebeharrak bete: «Hornidura ez dugu bermatua, Errusiako gasaren menpe baikaude. Ezta eskuragarritasuna ere, prezioak nola dauden ikusi baino ez dago. Eta jasangarritasunarena auzitan jar daiteke».

Hitzaldiak datuz eta zifraz ondo hornituta eman ohi ditu Imazek, eta hala egin zuen. Azaldu zuen Europak azken 25 urteetan ekoizteari utzi dion gas kopurua epe horretan Errusiatik inportatu duen bera dela, eta CO2 murrizketen zati handi bat industria kutsagarriak —«altzairutegiak, porlan fabrikak...» munduko beste herrialde batzuetara bidaliz lortu duela: «Eta berdin dio CO2a Abadiñon edo Shanghain ekoizten den. Kalte bera egiten digu».

Deskarbonizazioa beharrezkoa dela nabarmendu zuen, baina bide horretan erregai sintetikoak bidelaguntzat jo zituen, «neutraltasun teknologikoaren» babesean. Repsolek halakoak ekoizteko planta bat eraikiko du Bilboko portuan. Lehenbizi demostrazio planta bat abiatuko du, eta gero hura handitzea da asmoa. Erregai sintetikoak findegien beste prozesu kimiko batzuek sortzen duten CO2a sintetizatuz ekoizten dira; alegia, «atmosferara joan aurretik harrapatuz». CO2 hori erregai berri batekin nahasten da, eta orduan hark bai, hark kutsatzen du. «Neutraltasuna» hortik dator: bi prozesuk bakarrak adina kutsatzen dute.

Erregai sintetikoek jaso duten kritika handienetako bat kostua da. Prozesu oso garestia dela, alegia. Imaz, baina, ez dator bat, eta azaldu zuen Alemaniako Fraunhoffer institutu teknologikoaren txosten baten arabera hogei urtean posible izango dela erregai sintetiko litroa 1,15 euro eta 1,18 euro artean ekoiztea: «Txosten horren arabera, 2035ean 1,36 euroan ekoitzi ahal izango da %42 sintetikoa den erregai bat; eta 2050erako 1,38 euroan %100 sintetikoa dena. Hori, zergak barne. Zergarik ordainduko ez duten beste teknologiei: hidrogenoari, argindarrari... Urteekin lehiakortasuna irabaziko dutela aitortzen die EBk; erregai sintetikoei, aldiz, ez».

Ziurgabetasuna

Epe motzago batera begira, EBren politikek sortzen duten «ziurgabetasuna» kritikatu zuen. «Aurrekoan, kalean nindoala, ezezagun batek zera galdetu zidan: 'Josu Jon, zein auto erosiko dut?' 'Eta nik zer dakit', esan nion. 'Ni kimikaria naiz, ez autogilea'». Azaldu zuenez, egun Espainian, autoek 13,5 urte dituzte batez beste; 2008an, aldiz, zortzi urtekoak ziren. «Jendeak ez du erosten auto berria, garbiagoa izango dena. Zalantza du, eta horrek ez dio mesederik egiten trantsizioari. Gainera, autogileak ikusten badu 2035ean motor jakin bat ekoizteari utzi beharko diola, ez du hura nola hobetu ikertuko».

Ziurgabetasunaren «kalteak» aipatzean gogoratu zuen EAEko BPGaren %20k autogintzarekin lotura duela, eta arriskutsua dela etorkizuna elektrizitatearen esku uztea: «Mugikortasuna ezin daiteke elektrikoa bakarrik izan. Hori aberatsentzat da. Herri honetako autoen %70ek kalean igarotzen dute gaua. Horien jabeak argindar sarreradun garajea ordaintzera behartuko ditugu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.