Deigarri gertatzen den lehen gauza da, Singapurko aireportutik atera eta berehala: landaredi itxi batek inguratzen du autobidea, zeinak hiri-estatuaren erdialdera daraman bidaiaria. Badirudi elkarri erasorik ez egiteko ituna dutela basoak eta sei erreiko asfaltoak, non eta munduan landaretza eremurik handiena daukan hirian. Treepediaren azterketen arabera, Asia hego-ekialdeko herrialderik garatuenean, eremuaren %29,3 belar eta landareek hartzen dute, zerrendako bigarren hirian, Sydneyn, baino 3,4 puntu gehiago.
Erresuma Batuaren kolonia ohiaren erdialdean ere nabari da berdea. Eskualdeko gainontzeko hirietan ez bezala, Singapurren parke eta zuhaizti ugari daude, eta arindu egiten dute Finantza Barruti Zentraleko etxe orratz erraldoien eragina paisaian. Arnasa ematen diote hiriari, lasaitasuna. Singapur aitzindaria izan da auto pribatuen erabilera txikitzeko egitasmoetan, eta horrek ere lagundu du hiria garbitzen.
1998an, ERP sistema elektronikoa ezarri zuen dirua kobratzeko. Haren bidez, hiriko erdialdera autoarekin sartzen diren gidariei dirua kobratzen die automatikoki. Horrez gain, garestitu egin zuen autoak matrikulatzeko prezioa, 30.000 eurotik gora eskatuz ibilgailu bakoitzeko. Gainera,2018tik aurrera ez du auto berri gehiago onartuko hirian, garraio publikoa eta merkantzien garraioa salbuetsita.
Singapurrek 17.500 milioi euro inbertituko ditu garraio publikoaren sistema bikaina hobetzeko. «Otsailetik aurrera ibilgailu kopuruaren hazkundea %0,25etik %0ra jaitsiko dugu», iragarri zuen Lurreko Garraioko Agintaritzak. Singapur da Asiako hiri bakarretakoa larritasunik gabe pasieran ibiltzeko aukera ematen duena.
Nahiz eta 721 kilometro koadroko eremuan 5,6 milioi pertsona bizi, gobernuak ez du baztertu espazio berde gehiago sortzeko konpromisoa. Kontuan hartzekoa da munduko dentsitaterik handienetakoa daukala, kilometro koadro bakoitzeko 7.796 biztanlerekin; gainera, espero da biztanleria gehiago haziko dela, 6,5 edo 6,9 milioi pertsonaraino. Baina hiria handitzeko ez dute txikituko landa eremua, itsasoari lurra irabazi baizik: dagoeneko, 130 kilometro koadro irabazi dizkiote, eta asmoa da 2030erako beste 45 kilometro koadro sikatzea.
Parisko Itunaz harago
Gardens by the Bay proiektuak ezin hobeto erakusten du zer etorkizun nahi duten hirian: parke ikusgarri bat eraiki dute itsasoari lapurtutako 101 hektareatan, eta parkea Singapurren asmo deklaraziorik irmoena bilakatu da. «Garapen iraunkorraren ikur izan dadila nahi dugu. Helburua da herritarrek ingurumena babestu beharraren kontzientzia hartzea bertan, eta, aldi berean, herritarrek aukera izatea planetako biodibertsitatera hurbiltzeko, modu didaktiko eta entretenigarri batean», esplikatu du Selina Fookek. Hiriko erakargune turistikorik handiena bilakatu dira lorategi bereziok, eta hango Harreman Publikoetarako taldeko kidea da Fook.
Kiaw W. Tan botanikoak diseinatutako parkea 2012an inauguratu zuten, eta mundu osoko milioi bat espezie begetal biltzen ditu. Singapurko klima tropikalari aurre egiteko, landare gehienak kristalezko bobedek babestutako eraikin erraldoi bitan daude, aire girotuarekin urte osoan. Loreen kupula munduko berotegirik handiena da, eta hodeietako basoak baso primario bat irudikatzen du 35 metroko altuerako dorre begetal erraldoi batean, ur jauzi ikusgarri eta guzti.
«Iraunkortasuna une oro gogoan izanda eraiki da den-dena», azaldu du Fookek. Eta horrek erronka handia dakar, berotegiak eraikin barruko tenperatura jaitsi behar baitu, eta ez igo. Hori lortzeko, hainbat sistema uztartu dituzte: kupulen diseinuari eta eraikuntza materialei esker, kanpoko argiaren %66 sartzen da, baina soilik beroaren %33; eraikinak berak sortzen du energia, sortutako desegin organikoak labe batean erreta; gero, biomasaren errautsak ongarri gisa erabiltzen dituzte, eta euri ura berrerabili egiten dute, garbitu eta natura erreserba batera bidali baino lehen; kanpoan, halaber, aireztapen sistema naturalak erabiltzen dituzte, gainazaleko tenperatura bost gradu freskatzeko.
«Asmoa da parke hau anekdota huts bat ez izatea, baizik eta herrialdearen funtzionamenduaren ardatz bilakatzea. Singapurren helburu nagusien artean daude bai iraunkortasuna bai autosufizientzia, erregai fosilekiko mendekotasunik ez izateko», adierazi du Fookek. Helburu horri eutsiz, Singapurko Gobernuak Ekintza Klimatikoaren Urtea izendatu du 2018a.
«Batez ere klima aldaketak kalte egin diezaioke gure uharteari, baina baita itsasoaren maila igotzeak ere. Hori dela eta, Parisko Akordioa bete ez ezik, uste dugu harago joan behar dela», azaldu du Masagos Zulkifli Ingurumen ministroak. Klima aldaketaren kontrako borroka ez da bandera politiko hutsa, beharrizan bat baizik. «Hala izan da independentzia lortu genuenetik», nabarmendu zuen Masagosek.
Inork ez zuen espero Singapurrek etorkizun oparorik izango zuenik independentzia aldarrikatu eta Malaysiatik bereizi zenean, 1965ean. Hiru milioi biztanle zituen irlak, asko eta asko txabola auzoetan bizi ziren, eta per capita errenta 320 dolar zen. Gainera, auzoko herrialde bakar bat ere ez zegoen prest estatu berriari laguntzeko, ez Malaysia ez Indonesia. Egoera horretan, lehenengo lehen ministro Lee Kuan Yewek argi izan zuen baliabide naturalik ezean independentzia politikoa lortzea baino askoz ere zailagoa izango zela autosufizientzia ekonomikoa lortzea.
Baina Leek diseinatutako formulak funtzionatu egin du: hiria Asia hego-ekialdeko finantza eta merkataritza zentro nagusi bilakatu zuen, baina, batez ere, baliabideak maximizatzeko, urak kudeatzeko eta birziklatzeko eta energia berriztagarriak sortzeko eredu bihurtu zuen uhartea. 1965 eta 1972 bitartean, mundu globala gorpuzten ari zenean, multinazionalak limurtu zituen Singapurrek, erraztasun eskainita, eta BPG barne produktu gordina %10etik gora hazi zen. Egun, per capita errenta 1965ean baino hogei aldiz handiagoa da, munduko handienetan seigarrena.
Mugak eta pizgarriak
Leeren garaipenetako bat izan da Singapurrek autosufizientzia lortzea ur baliabideen arloan. «Onartzen ditugun politika guztiak uraren menpe egon behar dira, gakoa delako gure iraupenerako. Euriaren azken tanta ere gorde egin behar dugu», esan ohi zuen lehen ministro ohiak. Ikuskera horren ondorioz sortu zen NEWater, ur birziklatua edangarri bihurtzeko sistema. Hamarkadetan probatu eta gero, 2002an jarri zuten martxan, eta orain Singapur da ur gehien gordetzen duen estatua, eta Asia hego-ekialdean iturriko ura edangarria den bi estatuetako bat, Bruneirekin batera.
NEWaterrek Singapurko ur kontsumo osoaren %40 hornituko du 2020rako, ura atxikitzeko eta berrerabiltzeko sistema berritzaileei esker, eta 2060rako, gobernuak hirukoiztu egin nahi du hornidura. Gainontzeko uragatzgabetzeko plantetatik eta Malaysiatik ekartzen dute.
Enpresak eta herritarrak ere garapen iraunkorrerako bidera erakartzeko, gobernuak araudi zorrotzak eta pizgarri eta diru laguntzen politikak uztartu ditu. Esaterako, 2030erako irlako eraikin guztiek Green Mark zigilua izan beharko dute —zigilua beharrezkoa da eraikuntza berrientzat 2008tik—. Horretarako, diru laguntzak ematen ditu, eta eraikuntza proiektuen aurrekontuaren %50era artekoak izan daitezke.
«Pizgarrien bidez, galdutako landaredia berreskuratu nahi dugu. Hain justu, etxe orratzetan kokatutako jardinekin berreskuratu nahi ditugu gune berdeak, aireko jardinekin», aipatu zuen Cheong Koon Heanek, Etxebizitza eta Garapenerako Batzordeko zuzendariak, National Geographic-en egindako elkarrizketa batean. «The Pinnacle@Duxton da adibide on bat, etxebizitzetarako munduko eraikinik garaiena. 50 solairuko zazpi dorre dauzka, eta aireko jardin batek lotzen ditu dorreak, 26. eta 50. solairuen artean. Arineketan egiteko tokia ere badago jardinetan».
Herritarrak kontzientziatzea zailagoa da: hamar urtean etxebizitzetan %17 handitu dute energia kontsumoa. Kontsumoa txikitzeko, gobernuak pizgarri plan bitxi bat abiatu zuen iaz: energia ez xahutzeko erronka. Garaileek 40.000 euroko saria jasoko dute. Maiatzetik abuztura, etxeko energia kontsumoa gutxienez %1 txikitu behar da saria irabazteko.
2017an 7.000 familiak parte hartu zuten lehiaketan, eta kontsumoa 330.000 kilowatt-ordua murriztu zuten, hilabetez hiru logelako mila etxebizitzari argindarra hornitzeko adina. Aurten ere egingo dute programa, eta parte hartzaile gehiago izatea espero dute. Horrez gain, Singapurrek CO2 emisioen gaineko zerga bat ezarriko du 2019an.
Bestalde, ekonomia zirkularrean ere aitzindari izateko, ReCirc programa jarri du martxan, Herbehereekin elkarlanean. Teknika berritzaileen bidez, errauste plantek sortutako errautsa birziklatu, eta erabilera komertziala eman nahi diote, eraikuntzarako material gisa; halaber, janari soberakinak eta baliabideak berreskuratu nahi dituzte; plastikozko paketeen kudeaketa berritu, eta zabor elektronikoa birziklatu.
«Garapena eta iraunkortasuna ez dira bateraezinak. Ideala litzateke lorratz ekologikorik ez uztea, baina, ez garenez bizi mundu utopiko batean, eginahalak egin behar ditugu ahalik eta txikiena izan dadin lorratza. Badugu behar adina jakintza eta teknologia horretarako. Beraz, behar den bakarra borondatea da», adierazi zuen Masagosek. «Singapur munduarentzako eredu izatea nahi dugu».
Singapur, garapen iraunkorraren irla
Gaur, Donald Trumpen eta Kim Jong-Unen arteko goi tentsioko bilkura hartuko du Singapurrek. Uharteko ekonomia eredu da baliabide naturalak errespetatzeko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu