Handitu egin da azken urteetan emakumeek sindikatuetan duten parte hartzea, eta dagoeneko izan du emaitza lan munduan, Emakundek finantzatutako ikerketa lan batek ondorioztatu duenez. Horren arabera, emakumeen ordezkaritza handiagoa izateak aniztasuna dakar, enpresetan berdintasun planak garatzen laguntzen du, eta agendan zaintza eta antzeko gaiak sartzen dira, besteak beste.
Emakumeen lidergoa EAEko sindikatuetan eta sindikatuen bitartez: bideratzaileak, oztopoak eta erronkak ikerketa aurkeztu dute Emakunderen Gasteizko egoitzan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile talde batek egin du, erakunde horren enkarguz: Eliana Aleman Salcedok, Lohitzune Zuloaga Rojok eta Elisa Sierra Hernaizek, hain zuzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza handiena duten lau sindikatuetako —ELA, LAB, CCOO eta UGT— ehun bat emakumek hartu dute parte.
Ikertzaileek kontatu dute geroz eta emakume gehiago mobilizatzen direla, afiliatuen kopurua handitu egin dela eta ordezkari sindikal gehiago dagoela. Hala, ardura postuetan ere geroz eta emakume gehiago dago. Aztertu dituzten sindikatu guztiak %60-40ko tartean daude; are, batzuek erabateko parekidetasuna dute, %50-50.
«Puntu horretara heltzeko, sindikatu bakoitzak bere bidea egin du, baina bada errepikatzen den momentu bat: guztiek hartu behar izan dute emakumeen lidergoa sustatzeko erabaki estrategikoa», azpimarratu du Alemanek. «Ondorioztatu dezakegu antolaketa aldaketa sakonak gertatzen ari direla eta ikuspegi maskulino baten gainean eraiki zen sindikatuaren eredu tradizionala eraldatzen saiatzen ari direla. Egoera aldatzeko urratsak egiten ari dira».
«Sindikatu guztiek hartu behar izan dute emakumeen lidergoa sustatzeko erabaki estrategikoa» ELIANA ALEMANIkertzailea
Txostenean jaso duten beste elementu bat lidergoaren dibertsifikazioa da. Ez dago emakume izatearen eta molde bateko lider izatearen arteko loturarik. «Are gehiago, halako usteek ikuspegi estereotipatuak indartzen dituzte», ohartarazi du Alemanek. «Ezin dugu esan emakumeek era batera gidatzen dutela eta gizonezkoek bestera. Aniztasun handia topatu dugu. Gustatuko litzaiguke azpimarratzea femeninotasunaren eta maskulinotasunaren esentzialismoetatik irteteak ugaritu egiten dituela aukerak».
Ñarbardura bat ere egin dute: elkarrizketatutako emakume gehienei ez zaie lider terminoa gustatzen, «maskulinoaren eta heroikoaren ikuspegi tradizionalarekin lotzen delako oraindik. Kontzeptua bera generoz beteta dago». Horrek modua ematen du planteatzeko nolakoa izan behar duen aginte botereko postu batek, baita sindikalismoa egiteko beste modu batzuk planteatzeko ere, ikertzaileen ustez.
Ondorioak eta gomendioak
Txostena eskuragarri jarri dute edonorentzat, eta sindikatuei eta bestelako eragileei zuzenean igorri diete. Gomendio batzuk ere iradoki dizkiete. Adibidez, modu berriak aztertzea lan sindikala emakumeen bizitzako beste esparru batzuekin bateragarri egiteko, baliabide gehiago jartzea sektore feminizatuetan eta prekarizatuetan lan egiten duten emakumeei laguntzeko, ordezkaritza txikia dutenen ahotsak ere entzutea eta emakumeek egindako ekarpenak memorian gordetzea.
Komunikabideak ere interpelatu dituzte, eta emakumeek bultzatutako borroka eta mobilizazio sindikalak ikusarazteko eskatu. «Sindikalismoa gizarte aldaketako eragile bat da generoaren arloan».
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi du erabaki eta eragin postuetan emakume gehiago egon behar direla. «Negoziatzen eta erabakiak hartzen diren lekuetan aniztasuna bultzatzea ez da soilik justizia sozialeko gai bat, baizik eta, gainera, berrikuntzako, kalitateko, kudeaketa aurreratuko eta etengabeko hobekuntzarako elementu bat da».
'Feministazio' terminoa sortu dute
Ikertzaileek feministazio hitza sortu dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen afiliazio eta partaidetza sindikalaren gorakada azaltzeko. Beste era batera esanda, «Feministazio kontzeptuak balio du azpimarratzeko ez dela nahikoa feminizazioarekin». «Feminizazio kontzeptuak esan nahi du geroz eta emakume gehiago egotea eta geroz eta parte hartze handiagoa izatea. Baina guk hori baino gehiago ikusi dugu hainbat sindikatutan eta, orokorrean, gizarteko beste arlotan. Emakumeen presentzia ez da nahikoa: ikuspegi feminista ezarri behar da erakundearen barruan, eta aldaketak sorrarazi estruktura eta funtzionamendu moduan, ikuspegi feminista horiek kontuan hartuz», esan du Lohitzune Zuloagak.