Sindikatuen arteko batasuna hautsi du Mercedesen proposamenak

UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek «aurrerapausoak» ikusi dituzte zuzendaritzaren jarreran, eta ez dute babestuko gaurko lanuztea. ELAk, LABek eta ESK-k greba egingo dute ostiralera arte

ELAk, LABek eta ESK-k aurreko astean Gasteizen egin zuten manifestazioa. Gaurko manifestazioan ere aldarri berberak izango dituzte. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Mercedesen Gasteizko lantegian gaur ere ez da protesta bateraturik egingo, langile batzordearen gehiengoak erabaki baitu ez babestea gaurko iragarri zuten greba deialdia. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek «aurrerapauso batzuk» ikusi dituzte zuzendaritzak egin dizkien proposamenetan, eta, ondorioz, erabaki dute negoziazioei «aukera bat» ematea eta mobilizazioak behin-behinean etetea. Aldiz, proposamenarekin kritiko azaldu dira ELA, LAB eta ESK, eta, gaurko ez ezik, biharko eta etziko lanuzteei ere eustea erabaki dute.

Mahaiaren bueltan eseri ziren atzo berriz Mercedesen Gasteizko lantegiko zuzendaritza eta langileen ordezkariak, atzo. Ekaineko lanuzte jendetsuak hasi zituztenetik etenda eduki dituzte lan hitzarmena adosteko negoziazioak, eta atzo berrekin zieten elkarrizketei. Akordioa oraindik urrun badago ere, jarrerak hurbiltzeko balio izan zuen bilerak, zuzendaritzak lan gatazkaren korapilo nagusien inguruko proposamena egin baitzien sindikatuei: soldata igoeraren eta lan malgutasunaren ingurukoa.

Zehazki, proposatu die langileen soldata %5 igotzea aurten, eta beste %2 handitzea 2023. eta 2026. urteen artean, hau da, lan hitzarmenak irauten duen bitartean. Horrez gainera, ekoizpen helburuak lortzeagatik jasotzen duten ordainsaria ere 537 eurotik 700 eurora handituko litzateke datorren urtetik aurrera. Ordainsari berri bat ere jasoko lukete urtero irailean, 750 eurokoa, aurten hasita. Eta, lan hitzarmena sinatuz gero, langileek 2.000 euroko aparteko sari bat jasoko lukete uztaileko nominarekin batera, iazko urteari dagokiona iraungita zegoen hitzarmena ordurako.

Lan malgutasunari dagokionez, ordea, zuzendaritzak ez du baztertu seigarren egunez lan egitea, nahiz eta arautzeko prest azaldu den. Hala, enpresak hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko luke asteburuetan lan egingo duten edo ez, eta soilik «salbuespen gutxi batzuetan» baino ezingo litzateke egokitu egutegi hori. 100 euroko hobaria izango lukete langileek kasu horretan, besteak beste.

Gainera, zuzendaritza prest dago langile gehiago kontratatzeko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan egiteko, Gasteizko lantegian urtean 190.000 furgoneta baino gehiago ekoitziko badira. Egungo langileek ere aukera izango lukete txanda horretan lan egiteko; urtean 4.500 euro gehiago eta 200 ordu gutxiagoko lanaldia izango lituzkete trukean.

Langile batzordea, zatituta

Proposamenak agerian utzi du ostera langile batzordearen zatiketa. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek begi onez hartu dute zuzendaritzaren eskaintza, nahiz eta aitortu duten oraindik hobetu daitezkeen puntuak badaudela. «Enpresaren aurreko proposamenarekin alderatuta aurrerapauso bat egin dela uste dugu. Batetik, soldata igoera nabarmena izango delako, eta, bestetik, lan malgutasuna ere ez delako handituko, nahiz eta beste modu batean kudeatuko den», esan du Iñaki Andres UGTko ordezkariak.

Ohartarazi du, ordea, oraindik sakon aztertu behar dutela dokumentua, eta horregatik erabaki dutela mobilizazioak behin-behinean etetea. «Stand-by egoeran utziko ditugu oraingoz». Negoziazioei «aukera bat» eman nahi dietela adierazi du Andresek, eta hurrengo bilerara arte itxarongo dutela protestekin zer egin erabakitzeko. Bihar elkartuko dira berriz bi aldeak.

ELA, LAB eta ESK, aldiz, kritiko azaldu dira proposamenarekin, eta protestei eutsiko dietela iragarri dute. Izan ere, hiru sindikatuek uste dute ez dituela beren eskariak aintzat hartzen. Ohar bidez salatu dute erosteko ahalmena galtzen jarraituko dutela langileek, eta gaueko seigarren txandari eta malgutasunari bere horretan eusten zaiola. Gaitzetsi dute, halaber, asteburu eta jaiegunetako langileen lan baldintzak arautu gabe jarraitzen dutela, eta baita mugikortasunak ere. Hori dela eta, grebara deitu dituzte langileak gaur, bihar eta etzi. Gaur goizean manifestazioa egingo dute fabrikatik abiatuta, eta batzarra ere egingo dute langileei proposamenaren xehetasunen berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.