Sindikatuek salatu dute sektore feminizatuetako laneko gaixotasunak ez direla kontuan hartzen

LAB, ESK, Steilas, EHNE-etxalde eta Hiru sindikatuek iazko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute. Bertan jaso dutenez, 64 langile hil ziren 2024an. Enpresei, gobernuei eta mutualitateei leporatu diete datuak ezkutatzen aritzea.

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, langile baten heriotza salatzeko kontzentrazioa iaz, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, langile baten heriotza salatzeko kontzentrazioa iaz, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko otsailaren 4a
14:30
Entzun

Iazko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute gaur LAB, ESK, Steilas, EHNE-etxalde eta Hiru sindikatuek. Horren arabera, 64 langile hil ziren iaz. Datu ofizialetan, berriz, diote 47 hildako egon zirela, eta 102.000 lan istripu. «Baina zenbat istripu geratu dira aitortu gabe?», bota du galdera Inko Iriarte San Vicente LABeko lan osasuneko arduradunak. Ohartarazi duenez, enpresak, gobernuak eta mutualitateak datuak ezkutatzen ibiltzen dira, eta ez dituzte kontuan hartzen, adibidez, sektore feminizatuetako gaixotasun profesionalak.

«Lan batzuek hil egiten dute, baina beste batzuek ez dute bizitzen uzten», salatu du Iriartek. Emakumeen egoera «ikusezina» dela salatu dute, eta, txostenean, sektore feminizatuetako gaixotasun profesionalak zerrendatu dituzte. Besteak beste, azaldu dute zeregin errepikakorrek eta zamarekin lotutako jarduerek eragin zuzena dutela sistema muskulu-eskeletikoan, eta aitortu gabeko zaintza lanek arrisku psikosozial handia dutela.

+%44

Emakumeen laneko gaixotasunak Azken hamar urteotan, emakumeen laneko gaixotasunak %44 areagotu dira: «Hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla aitortu gabeak». Are gehiago, sindikatuek ohartarazi dute egoera «larriagoa» dela, langileak modu prekarioan ari direlako, eta patronalen mutualitateek ukatu egiten dutelako patologiek lanarekin zerikusia dutela.

Hain justu, mutualitateek adierazi behar dute zerk ekarri duen langileen gaixotasuna, eta «hor dago lehen iruzurra». Esate baterako, 2023an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanaren ondoriozko 43 minbizi kasu aitortu zituzten. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, baina, minbizi guztien %30-40 lanaren ondorioz sortuak dira.

Enpresak eta mutualitateak

Era berean, «gero eta ohikoagoa» bihurtu da enpresek onartutako istripuak mutualitateek ez onartzea. «Zenbait langilek aniztasun funtzionala dutela baliatuz, esaten dute ez dela lan istripua izan, eta, hala, baja arrunta ematen diete langileei», zehaztu du Iriartek. «Iruzurra» izateaz gain, salatu du horrek eragin zuzena duela langileengan.

«Absentismo hori apaldu nahi badute, lehenik prebentzio neurriak aplikatzen eta araudia betetzen hasi beharko dute»

INKO IRIARTE SAN VICENTELABeko lan osasuneko arduraduna

Sindikatuen ustez, datuok agerian uzten dute patronalak maiz salatzen duen absentismoa «ke laino bat» dela. «Patronalaren helburua da langileak, gaixorik egonda ere, lanera bidaltzea», nabarmendu du Iriartek. Eta erantsi gaur egun enpresek eurek eragiten dituztela absentismo daturik handienak prebentzio faltagatik: «Absentismo hori apaldu nahi badute, lehenik prebentzio neurriak aplikatzen eta araudia betetzen hasi beharko dute».

«Aztertutako istripuen atzean beti araudia ez betetzea gailentzen da», jaso dute txostenean. Iriarteren hitzetan, patronalak «inpunitate osoa» dauka duela 30 urte onartutako prebentziorako araudia ez betetzeko. «Gobernuek ez diete patronalei isunik jartzen, eta patronalak ederki daki hori».

Araudi hori ez betetzeak eragina du hildako kopuruan ere. Eta hori bereziki esanguratsua da azpikontratatutako lanetan, sindikatuen arabera. Iaz, gutxienez hamar langile hil ziren. «Azpikontratazioa bera arrisku faktore bat da, prekaritate horretan neurri prebentiboen aplikazioa askoz urriagoa baita».

Baldintza gogorren eragina

Sektoreka, garraioan gertatu ziren laneko heriotza gehien iaz: hamalau. Sindikatuek nabarmendu dutenez, haien baldintzak gero eta gogorragoak dira, eta horrek eragin zuzena du osasunean: «Lanaldi luzeek, estres maila handiak, lan sedentarioa izateak, digitalizazioaren bitarteko kontrol zorrotzak eta presioak eragin latzak ditu sektorean». Hildako garraiolari ia denek 50 urtetik gora zituzten. Horiek horrela, sindikatuek adierazi dute sektoreko langileen erretiro adina erregulatzeko beharra dagoela segurtasun ikuspegitik.

Sindikatuek argi utzi dute laneko heriotzen auzian urratsak egiten jarraituko dutela. Steilaseko Nagore Landa Longartek aipatu du, besteak beste, «ekinaldi berriak eta ikusgarriak» egingo dituztela, laneko heriotzak gertatzen direnean kontzentrazioak egingo dituztela eta mutualitateen publifikazioa lortzeko borrokan ere segituko dutela. Era berean, gobernuei exijitu diete bitarteko errealak jar ditzatela, patronalak araudia bete dezan. Esate baterako, eskatu diete ikuskari gehiago jar ditzatela eta patronalaren inpunitatea amaitzeko erabakiak har ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.