Lan hitzarmenaren negoziazioan Gasteizko Mercedes Benz lantegiko langile batzordea zatituta badago ere, sindikatuek urrats bat aurrera egin dute lan gatazkan, eta langileei lanuztera deitu diete zuzendaritzaren «xantaiari» erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak Mercedesekin elkarlanerako akordioa izenpetu eta biharamunean egin dituzte greba deialdiak, hain zuzen; nork bereak, hori bai. ELAk, LABek eta ESK-k, alde batetik, bost eguneko greba antolatu dute hilaren amaierarako; UGTk eta CCOOk, beste aldetik, ekainaren 22rako eta 29rako deitu dute lanuztera.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek atzo goizean langileekin egindako batzar batean adostu zuten mobilizazioei ekitea: ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da lanuztea. «Langileek argi adierazi digute ez dutela bat egiten zuzendaritzaren proposamenarekin. Zeharkatu ezin diren marra gorriak daudela ulertzen dugu, eta horregatik erabaki da mobilizazioak hastea», adierazi dio BERRIAri Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA).
Hiru sindikatuek batzar orokorrera deitu nahi zuten, langile guztiei negoziazioen berri emateko eta aurrera begirako urratsak zehazteko. Enpresako langileen artean 2.500 sinadura ere bildu zituzten horretarako —produkzioko langileen %80k babestu zuten proposamena—. Baina UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek atzera bota zuten proposamena, eta, horren ordez, batzar ireki bat antolatu zuten. Buesa Arena pabiloiaren alboan egin zuten bilera hori, eta zuzendaritzaren azken proposamenaren berri eman zieten bertaratu zirenei.
Asteartean bildu ziren azkenekoz bi aldeak. Zuzendaritzaren proposamenak jasotzen du, besteak beste, lan egutegian malgutasun handiagoa ezartzea, ibilgailu eskarien arabera egokitzeko ekoizpena. Hala, seigarren lanegun bat gehituko litzateke gaueko txandan ari direnentzat: hau da, igandetik ostegunera jardungo lukete, baina tarteka ostiral gauean ere lan egiteko aukerarekin, enpresak hala erabakiko balu.
ELA, LAB, eta ESK-ren arabera, ordea, zeharkatu ezin diren «marra gorri jada beltzak» dira horiek. «Ez dugu igande gauetan lan egin nahi, eta langileek argi eta garbi esan digute hori. Nahikoa malgutasun badugu orain ere ekoizpen beharrei erantzuteko. Gainera, orain ere ostegunetan oraindik ez dugu jakiten larunbatean lan egingo dugun edo ez».
Gebarak salatu du, gainera, malgutasuna ez dagoela iragarritako inbertsioekin lotuta. «Enpresak orain nahi du malgutasuna eta ez etorkizunean 180.000 furgoneta egiteko». Eta gogorarazi du lan hitzarmena adosteak ez duela inbertsioa bermatuko. «Bi aldiz azpimarratu du hori [Emilio] Titos jaunak. Mercedesen gastu osoaren %6 baino ez da langileen soldatei dagokiena. Beraz, 120.000 milioi euroko inbertsio bat ez dago guk igandeetan lan egitearen edo laguntza sozialak jasotzearen menpe. Langileei xantaia egitea da hori».
Hiru sindikatuek «marra gorri» gisa dituzte honako hauek ere: erosteko ahalmenari eustea, txandakako kontratua hobetzea, langile finkoen eta berrien soldatetan desberdintasunik ez egitea, mugikortasuna adostu eta hitzarmenean jasotzea, eta asteburuan lan egiten dutenen baldintzak arautzea.
UGTk eta CCOOk ere greba
Gebarak iragarri duenez, greba antolatzeko proposamena UGT eta CCOO sindikatuei helaraziko diete, protesta elkarrekin antolatzeko. Uste dute mobilizazioak elkarrekin egiteko gutxieneko batzuk adostea posible dela.
Bi sindikatu horiek, hain zuzen ere, bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin zuten atzo, enpresaren atarian. Eta hantxe jakinarazi zuten ekainaren 22rako eta 29rako grebara deituko dutela haiek ere. Aurrez iragarria zuten ekainean eta uztailean bost greba egunetara deituko zutela, baina ez zuten esan zehazki noiz. Hain zuzen, aurrerago esango dute uztailean zein hiru greba egun izango diren, Iñaki Andres UGTko ordezkariak BERRIAri azaldu dionez.
Ostiralean bilduko dira berriz bi aldeak, eta, Andresen hitzetan, bilera «erabakigarria» izango da. «Bi bilera izan ditugu aste honetan, eta ez da aurrerapausorik egon; aitzitik, atzera egin dugu», gaitzetsi du Andresek. Izan ere, malgutasuna onartzeko prest dago UGT, baina uste du «arautu» egin behar dela. «Mugatu beharko litzateke, edota hiru hilean behin egutegi bat antolatu jakiteko noiz egingo dugun lan eta noiz ez». Horrez gainera, soldatak KPIaren arabera eguneratzea ere nahi du. «Enpresa ildo horretatik badoa, hitz egiteko prest egongo gara, bestela konfrontazio eredu batera joango gara».
Sindikatuek grebarekin erantzun diote Mercedesen «xantaiari»
ELAk, LABek eta ESK-k bost eguneko lanuztea antolatu dute hilaren amaierarako. UGTk eta CCOOk beste bi egun iragarri dituzte. Ostiralean bilduko dira berriz zuzendaritzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu