Lan gatazak

Sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako metaleko 25.000 langileak

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek hiru greba egun erregistratu dituzte, maiatzaren 18rako, 24rako eta 26rako. 110.000 behargin daude ituna berritzeko zain sektorean, Araba, Bizkai eta Nafarroan

Arabako metaleko langileen protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOIKU
xabier martin
2022ko apirilaren 20a
13:10
Entzun

Azken hamarkadetako inflazio handiena oztopo mardula bihurtu da lan hitzarmenak berritzeko negoziazioan, eta metalaren sektorea da urte hasieratik sindikatuek eta patronalak duten helburu konplexu horren jokaleku ikusgarriena. Araban, hiru greba egun erregistratu dituzte sindikatuek, SEA patronala «mugiarazteko»: maiatzaren 18an, 24an eta 26an; eta Bizkaian, gero eta urrunago daude aldeak, eta gero eta gertuago mobilizazio handiak, asteon bertan ELAk eta LABek ohartarazi dutenez. Nafarroan ere berritzeko dago hitzarmena, eta negoziazioa oso motel doa.

Guztira 110.000 behargin daude lan hitzarmena berritzeko zain hiru lurraldeotako metalaren sektorean: 50.000 Bizkaian, 35.000 Nafarroan eta 25.000 Araban. Lehendik ere lan gatazka gordinak edukitako sektorea erreferentzia izango da gainontzeko langileentzat negoziazio kolektiboari begira; milioi erdi behargin baino gehiagoren erosteko ahalmena jokoan baitago Hego Euskal Herrian; bada, Arabako metalean beste urrats bat egin dute langile borrokaren alde.

Lurraldeko sektorean ordezkaritza duten sei sindikatuek Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzan hiru greba egun erregistratu zituzten atzo (maiatzaren 18, 24 eta 26), aurreko egunetan iragarritako mobilizazioari ofizialtasuna emanez, eta, ostean, eraikinaren aurrealdean elkarretaratu ziren, Arabako metala borrokan, lan itun duin baten alde leloa idatzita zeukan pankarta batekin. ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek sektoreko 25.000 beharginak deitu dituzte lanuztera, «ekoizpena gelditzeko eta kalera ateratzeko», egun horietan egingo dituzten mobilizazioetan parte har dezaten.

SEA patronalaren jarrera aldaraztea da grebaren xedea, lehen-lehenik. Patronalak «aitzakia guztiak» alde batera uztea nahi dute sindikatuek, eta «sektoreak dituen arazoei erantzun argiak ematen hastea». KPIaren gaineko soldata igoera eskatzen dute, eta 1.400 eurokoa izan dadila gutxieneko soldata, hamalau ordainketekin. Lanaldia murrizteko eskatu dute, era berean, eta azpikontratetako langileentzako subrogazioa ere bai. Halaber, ituna aplikatuko delako bermearen klausula bat jaso nahi dute akordioan, eta, modu horretan, lan ituna betetzeari uzteko enpresen aukera baztertu.

SEA: maximalismorik ez

Negoziazio mahaiaren azken bileran, hilaren 12an, SEAk uko egin zion «proposamen maximalista» bati, haren hitzetan. Sindikatuen eskaerak ez dira «arrazoizkoak», patronalaren arabera, «soldata %14 igotzea» eskatzen ari omen direlako. Sindikatuek nahi duten subrogazio klausula ere Bizkaiko metalgintzan jasoa dagoena baino «kaltegarriagoa» da, SEArentzat, eta urtean 24 ordu gutxiago lan egitea ez du begi onez ikusten, gainera.

SEAk %4,6ko soldata igoera eskaini du, eta beste %5 banatzea 2022-2024ko epean. 2021. urtean %6,4ko inflazioa egon da Hego Euskal Herrian, urte arteko tasan, eta sindikatuek ez dute onartu patronalaren eskaintza. Beraz, aldeek ez badituzte jarrerak hurbiltzen maiatzaren lehen erdian egingo dituzten bileretan, sindikatuak grebara joango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.