Sindikatuek giharra erakutsi dute Bizkaiko metaleko greban

ELA, LAB, CCOO eta UGTren arabera, %70-80ko erantzuna izan du lanuzteak, baina FVEM patronalak %26ra jaitsi du. Alde biek elkarri leporatu diote ituna lortzeko jarrera egokirik ez izatea

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Aurrez aurre daude Bizkaiko metalgintzako sindikatuak eta patronala azken urte eta erdian, eta atzo aurkakotasun hori handitu egin zen. «Bizkaiko metala, borrokan!» oihukatu zioten sektoreko milaka langilek FVEMen egoitza barruan zeudenei, eta sindikatuen itsasgarriak jarri zizkioten atarian. Metalgintzan deitutako bost greba egunetako lehena izan zen, eta balorazioa egiterakoan ere aurrez aurre egon ziren alde biak: sindikatuen arabera, grebak %70-80 inguruko erantzuna izan zuen, eta patronalaren esanetan, %26koa. Lanuztearen arrakastaz mintzatu ziren batzuk, eta alferrikakoa izan zela esan zuten besteek. Ekainaren 3an mahaiaren bueltan elkartuko dira bueltan, hitzarmena lortzeko akordioaren bila. Bi aldeek diote itun duin bat nahi dutela.

Patronalaren jarrera mugiarazteko egin zuten lanuzte bateratu baterako deia ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek duela bi aste. ESK-k, LSB-USOk, CNTk eta CGTk ere bat egin zuten grebarekin, eta sektorean azken urteetan ikusi ez den batasun irudia eman zuten. Haien arabera, 50.000 langile inguruk egin zuten planto, eta horietatik 10.000 Bilboko kaleetan mobilizatu ziren eguerdian. Azken egunetan lanean hildakoak gogoan izan zituzten.

Patronalaren egoitza parean jarri zuten agertokitik negoziazio mahaian proposamenak egin ditzala eskatu zioten FVEMi. «Urte eta erdian, patronalak ez du inongo ekarpenik egin negoziazio mahaian, eta, azken bileran,ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatu denok batera egindako eskaerei buruz».

Ohar bidez erantzun zien patronalak: «Hitzarmen duin bat sinatzeko determinazioa daukagula esan behar dugu berriz ere; negoziazio mahaian gaude hasieratik, eta lehenengo proposamenetik aldaketak egin ditugu, gainera». Sindikatu batzuek, kontrara, negoziazio mahaia utzi dutela gogorarazi zuten, eta besteren batzuk negoziazio mahaian eseri zirenetik proposamenik ez dutela aldatu leporatu. Alegia, hemeretzi bilera egin ondoren, eta hogeigarrenaren atarian, alde bien jarrerak urrun daudela oraindik.

Azken bileraren ostean, patronalak esan zuen ekainaren 3ko bileran emango ziela sindikatuei egindako proposamenaren erantzuna. Hala ere, ekainaren 6, 7, 20 eta 21 egunetarako greba deialdiek indarrean jarraitzen dute.

2011tik itunik gabe

Sektoreko azken ituna 2011n iraungi zen, eta orduz geroztik daude metalgintzan hitzarmenik gabe. Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) iturrien arabera 58.188 pertsonak egiten dute lan Bizkaian dauden 3.832 enpresetan. Enpresako itunak badaude, ordea, eta 18.240 langileri eragiten diote. Hala ere, enpresa mailako akordioak egon behar dutela uste du Borja Sota LHKko idazkari nagusiak, nahiz eta horiek azkenean itun ez bihurtu. «Sektoreko enpresetan, oro har, akordioak lortzeko joera egon ohi da, eta horregatik iruditzen zait zerbait egon beharko dela; 40.000 langile daude itunik gabe, eta metaleko enpresak irabaziak izaten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.