Sindikatuek ez dute erakundeen deirik jaso langile publikoen grebara deitu zutenetik

Hiru aste pasatu dira deialdia egin zutenetik, eta salatu dute ez Jaurlaritzak, ez Eudelek eta ezta alderdiek ere ez dutela hilaren 12ko greba eragozteko borondaterik.

Gurutzetako ospitalea
Sindikatuek Gurutzetako ospitalearen aurrean eginiko elkarretaratzea. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2024ko martxoaren 5a
13:55
Entzun

Hiru aste igaro dira ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k eta Steilasek langile publikoak grebara deitu zituztenetik, eta, sindikatuek azaldu dutenez, tarte horretan ez dute erakunde publikoen deirik jaso. Martxoaren 12rako lanuzte deialdia egin zutenean, adierazi zuten erakundeekin hitz egiteko prest zeudela, baina ez da imintziorik egon. Are gehiago, salatu dute enplegu publikoaren koordinazio gunea bildu egin dela, eta ez zituztela sindikatuak gonbidatu.

Sindikatuek ehun elkarretaratze baino gehiago egin dituzte gaur, erakundeen erantzun falta salatzeko eta funtzionarioak grebara deitzeko. «Eusko Jaurlaritza, Eudel, alderdi politikoak... Zergatik ez dute gurekin bildu nahi?», galdetu du Igor Eizagirre zerbitzu publikoetako ELAko idazkari nagusiak Gurutzetako ospitalearen aurrean eginiko elkarretaratzean —hirugarren greba eguna da bost hilabetean—.  Euskal erakundeei egotzi die Europako behin-behinekotasun batezbestekoen errekorra mantendu nahi izatea, eta zerbitzuen pribatizazio asmoa ikusten duela atzean.

Zerbitzu publikoetan dagoen behin-behinekotasun tasa handia salatzeko deitu dute grebara sindikatuek. Hirugarrena da azken bost hilabeteetan

Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko arduradunak ere gaitzetsi du erakundeen jarrera, eta azken egunetan «propaganda» egitea egotzi die. Osakidetzak iragan astean behin-behineko 1.431 kontratu finko bilakatzeko iragarpenari eginiko kritika izan da: «Antzematen da hauteskunde giroan gaudela. Horrekin, gainera, ez da konpontzen Osakidetzak duen arazo handia: langile gabezia». Halaber, gogor kritikatu du enplegu publikoaren koordinazio guneak sindikatuei dei ez egin izana: «Langile publikoen baldintzak negoziatu nahi dituzte langileei bizkar emanda».

CCOOren izenean Iñigo Garduñok hitz egin du, eta hark salatu du funtzionarioen baldintzak hobetzea «borondate politikoko» auzi bat dela.

Gurutzetan, langile gaixo ugari

Gurutzetako ospitalearen aurrean eman dituzte azalpenak, eta bertako egoeraren zantzu batzuk eman dituzte. Gurutzetan 8.000 langilek dihardute, eta erdiek baino gehiagok behin-behineko kontratua dute. Halaber, sindikatuen arabera, langile-gaixo ratio txarrena duen Osakidetzako osasun zentroa da, eta, gero eta ardura eta espezialitate gehiago hartu arren, ez dagoela lantaldea indartzeko asmorik.

Behin-behinekotasunari dagokionez, salatu dute egunerokoari erabat eragiten diola, lanpostu asko ez baitira betetzen, eta, beteta ere, «langile aldaketa» etengabea baita: «Hemengo martxa nolakoa den ikasten denerako, beste lantoki batera bidaltzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.