Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak eta Pepe Alvarez eta Unai Sordo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiek Bekadunen Estatutua onartzeko akordioa sinatu dute gaur, Madrilen, urtebete eman ostean ez atzera eta ez aurrera. Diazen asmoa zen estatutuak CEOE Espainiako patronalaren baiezkoa ere izatea, baina ez da posible izan, patronalak mahaian parte hartzeari utzi baitzion desadostasunengatik, 2022ko urrian. Neurri berriarekin bekadunak hartzen dituzten enpresek ikasleen gastuak ordaindu beharko dituzte, eta bekak irauten duen epean kotizatu egingo dute.
Bekadunen egoera aldatzea izan da Espainiako Lan Ministerioaren helburua. Izan ere, Yolanda Diazek bekadunak «zaurgarri eta prekario» daudela adierazi zuen joan den urtean, eta gehitu zuen enpresariek askotan beste langileen lana ordezkatzeko hartzen dituztela. Hori dela eta, enpresek gehienez zenbat bekadun har ditzaketen ere zehaztu dute.
UGTko idazkari nagusiak, Pepe Alvarezek, adierazi du akordioa ez dela hiru aldeen artekoa izan patronalaren erruz. Yolanda Diazek akordioa goratu du: «Amaitu da gazteak erabili eta botatzeko moduan erabiltzea, soldatapeko mamuak balira bezala. Amaitu dira tranpak».
2021. urtearen amaieran onartutako lan erreformaren bigarren xedapen gehigarriak hasi zuen Bekadunen Estatutua onartzeko bidea: «Gobernuak, lege hau onartu eta gehienez sei hilabetera, sindikatu eta enpresari erakunde garrantzitsuenak deituko ditu Bekadunen Estatutuari buruzko eztabaidak abiatzeko», dio erreformak.
2022ko apirilean hasi zen Espainiako Gobernua CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE Espainiako patronalarekin estatutuaren inguruan eztabaidatzen eta negoziatzen, baina, bitartean, gorabeherak izan dira, eta uste baino gehiago atzeratu da. Orain, behin akordioa plazaratuta, Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu beharko dute errege dekretu gisa.
Hala ere, ez dago garbi onartuko duten ala ez. Izan ere, hilabete pasatxo falta da Espainiako hauteskunde orokorretarako, eta El Pais egunkariaren arabera, Espainiako Ministroen Kontseiluak ez du hauteskundeen aurretik onartuko estatutua, araua oraindik «berde» dagoela iritzi baitute gobernuko beste kideek.
ZEINTZUK DIRA BEKADUNEN ESKUBIDE BERRIAK?
Estatutu berriak uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua ordezkatuko du, eta, arau horretan bekadunen eskubideak eta betebeharrak arautzen baziren ere, oraingo testuak berritasunak dakartza.
Ikasleek eskubidea izango dute praktikaldiak sortutako gastuengatik konpentsazioa jasotzeko. Hala, enpresak garraio, ostatu eta mantenu gastuak ordaindu beharko dizkio ikasleari, betiere gastu horietarako bekarik edo laguntzarik jasotzen ez badu. Hala ere, ez da gutxieneko ordainsaririk ezarriko; izan ere, bekadunek formakuntza ziklo bat egiten dute enpresan, eta ez lan ziklo bat. Hau da, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez da lan harremana: formakuntzari dagokio.
Bekadunek ezingo dute jaiegunetan lan egin, eta sektore bakoitzeko hitzarmenaren araberako opor eta atseden egunak hartzeko eskubidea izango dute. Bestalde, ezingo dute gaueko orduetan lan egin, ezta txandakako jardunaldietan ere. Hala ere, neurri horretatik salbuetsita egongo dira beste ordutegi batean egin ezin daitezkeen eta trebakuntza prozesuekin zerikusia duten jarduerak.
Gainera, praktikaldiak gehienezko iraupena izango du. Hala, praktikek ezingo dute gainditu tituluaren iraupenaren %25. Graduen kasuan, 240 kreditu direnez, 60 kredituk eskatzen duen denbora eman ahalko dute gehienez praktiketan.
Enpresetako bekadun kopurua mugatzea helburu izanik, legea onartu ostean bekadunak ezingo dira enpresako langileen kopuruaren %20 baino gehiago izan. Hala ere, enpresa txikiek –lau edo zazpi langile dituztenek, esaterako– bi bekadun hartu ahal izango dituzte.
Urriaren 1etik aurrera, bekadunek kotizatu egingo dute praktikaldian ematen duten denboran, baina epe hori ez da kontuan hartuko langabezia kalkulatzeko orduan. Arkaitz Antizar CCOO-Euskadiko Gazteria idazkariaren arabera, printzipioz neurriak praktikaldia kontuan hartu behar zuen langabezia kalkulatzeko orduan ere, baina, azkenean, ez dute onartu, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez delako lan harremana.
Hala ere, Espainiako Gobernuak ordainduko du kotizazioaren parterik handiena: %97 aurten, eta %95 2024tik aurrera.
NOREN ARTEAN ADOSTU DUTE ESTATUTUA?
Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin atera du aurrera estatutu berria. Oihana Lopetegi LABeko kideak adierazi du estatutua Madrilen adostu dela osorik, eta uste du ez dela amaiaraziko ikasleen esplotazioa. Hala ere, aurrerapauso bat dela esan du.
Eztabaida eta negoziazio mahaian CEOE Espainiako patronala ere bazegoen, baina, azkenean, haren babesik gabe onartu dute neurria. Patronalaren jarrera kritikatu du Diazek: «CEOE berriro ere egoerak eskatzen duen mailan egotea espero dut, batez ere eskerrak ematen dizkiodalako zazpi hilabete luzez lanean aritzeagatik».
CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak estatutu berria gaitzetsi du, eta eztabaida patronalarekin eta sindikatuekin bakarrik egitea leporatu dio gobernuari: «Apenas izan duten kontuan CRUE ekarpenak egiteko edo gure iritzia entzuteko», adierazi dute prentsa ohar baten bidez. Gizarte Segurantzan altak eta bajak egiteak unibertsitateen lan karga handituko duela adierazi dute, eta formakuntzaren kalitatea jaitsiko dela.
ZER PRAKTIKA MOTA BABESTUKO DITU NEURRIAK?
Enpresetan edo bestelako erakundeetan curriculum barruko praktikak egiten dituzten ikasleak dira bekadunak. Ikasleak ez du lan harremanik enpresarekin, formakuntza harremana baizik, eta unibertsitateko pertsona baten eta enpresako arduradun baten tutoretzapean jarduten du bekaldian: horiek dira Bekadunen Estatutu berriak arautuko dituen praktikaldiak.
Horiez gain, beste bi praktika mota daude: curriculumetik kanpoko praktikak eta lan kontratua duten praktikaldiak. Hasieran, curriculumetik kanpoko praktika horiek debekatzeko asmoa zuen Yolanda Diazek, eta praktikak beste bi formatuetara mugatzekoa, baina, azkenean, eutsi egingo diete. Praktika horiek harreman zuzena dute ikasketekin, baina ez dira Ikasketa Planaren parte.
Curriculumetik kanpoko beka horrek ere gehienezko iraupena izango du: tituluaren iraupenaren %15 gehienez, betiere 480 ordu gainditu gabe.
Lan kontratua duten praktikaldiak ere badaude, eta Langileen Estatutuaren 11. artikuluak arautzen ditu. Hala ere, lan erreformarekin aldatu egin da formakuntza kontratuen afera, eta hiru kontratu mota izan ordez, lehen bezala, bi dira orain. Ikasketak egin bitartean egiten diren praktikak arautuko ditu lehenak –alternantzia formakuntza delakoa–, eta titulazioa dutenen praktikak arautuko ditu bigarrenak; praktika profesionala lortzeko kontratuak, alegia.
Aldi baterako erregulazioan dagoen enpresa batek formakuntza kontratuak sinatu ahalko ditu, betiere praktiketan daudenek neurri horien eraginpean dauden langileen funtzioak betetzen ez badituzte.